Borrar
Aurreko hiru egunetan bezala, Landako Azokako 0 gunea izan zen. Giro itzela izan zen, eroso hitz egin eta erosteko moduan. Félix Morquecho
Erakusmahaien balorazioa

Panorama ez da hain txarra eta hori ospatzekoa da

Gazteak gerturatzea bilatu eta lortu da ia egunero, gune berriak funtzionatu dute eta salmentak ez omen dira makalak izan stand-etan

Jon Agirre

Durango

Asteartea, 9 abendua 2025, 00:03

Comenta

Nekatuta, baina oso pozik. Lan asko eginda, baina emaitzak jasota. Balantze sakonagoen faltan, Landakon erakusmahai jarritako askok Gerediaga Elkarteak egindako balorazioarekin bat egin zuten. Gazteek nabarmen erantzun dutela, lehenik Durangoko azokara bertaratzen, parte hartzen eta, aurreiritzi edo usteen aurka, liburuak eta musika-produktuak erosiz. Eta, nobedadeak beti badira ere erreklamo nagusiena, aurreko urteetako lanak asko saldu direla nabarmenduz. 'Kulturaren Jaialdia' izan behar zena izan da, soberan betez aurreikuspenak, eta hartzailerik badela erakutsiz. Denen eskaria berdina da, lau egun hauetan bizitakoa ez dadila izan oasi basamortuan eta urtean zehar ere manten dadila tokian tokiko komertzioen bidez.

Leire Lopez Ziluaga Susako editorea

«Irakurleekin aurrez aurre egoteko aukerak une oso politak sortzen ditu»

Leire Lopez Ziluaga, Susako editorea.

OHelduentzako literatura kaleratzen du Susak, baina Gazte Eztandan gazte asko bertaratu ziren haien stand-era, besteak beste Lisipe bilduma feministako aleak erostera. Baina ez larunbatean soilik, gainerako egunetan ere. Bertaratu zein erosi. 2025eko uzta oparoa erreklamo, udazkeneko nobedadeak eta eleberria batik bat izan dira eskatuenak, baina poesia edota antzerkia -MPK eta Ganbila bildumak- «mugitu dira ere», Leire Lopez Ziluaga editorearen hitzetan. Horretaz gain, aspaldiko apustu dute aurreko urteetako «liburu nahikotxo» ekartzea eta lau egun hauek berretsi dute erabakia ona dela. «Irakurleentzat [existitzen direla ikusteko] aukera ona da». Harreman hori urtean zehar lortzea zaila dute eta Lopez Ziluagak asko baloratzen du. «Durangoren zati inportante bat da, aurrez aurre egonda oso une politak sortzen dira». Baita idazleekin ere. «Txandaka antolatzen gara eta aurten argitaratu ez dutenak ere izan dira. Gure artean egoteko uneak dira, beste argitaletxekoekin ere. Baita ideiak trukatzeko ere». Ohiturak galdu gabe, erosleei '16 poema Palestinako' bilduma oparitu zaie beste hainbeste itzulpenekin.

Gari Arzallus Ereingo koordinatzailea

«Kuadrilla dezente ikusi ditugu eta etortzeaz gain stand-etan nabaritu da»

Gazteei deituta, bereziki pozik da Gari Arzallus ohi baino DBHko azken zikloko zein Batxilergoko ikasle gehiago gerturatu direlako. «Larunbatean kuadrilla dezente ikusi genituen eta etortzeaz gain stand-etan nabaritu da». Eguraldi onak lagunduta, Landakoko ateak ixtea maiz egokitu da eta horrek jendearengan eraginik ez izatea, umorea mantentzea, bereziki goraipatzen du Ereingo koordinatzaileak. Gainera, «barruko esperientzia gozoagoa» izan dela heldu zaie.

Toti Martínez de Lezeak edo Jon Arretxek urteak daramate jendea erakartzen. Aurten ez da ezberdin izan, nahiz eta bestelako lana aurkeztu: 'Voces' edo 'Ahotsak' ipuin-bilduma lehenak, Touré ez den 'Txerriak eta loreak' nobela beltza bigarrenak. Eta haur eta gazteengan Nerea Loiola gehitu dute, Eskapu zein Eskapu Txiki bildumekin. Helduak ere gerturatu ziren haien ipuin-bildumak zirela-eta. Azken hau da, aurreko biekin batera, «fondoak funtziona duela» erakusten duten adibideak. «Tentazioarekin-edo, jendeak ikusi eta erosten ditu». Inertzia hori «Azoka handiaren parean liburu-denda izena duten toki txikiagoetan» mantentzera animatzen ditu Arzallusek.

Eneko Ría Balaunka

«CDak duen harrerarekin harrituta nago, jendeak taldeen proiektua babesteko erosten du»

CDak bizirik direla, horixe da Eneko Riak atera duen ondorio nagusia. Hirugarren urtea dute Balaunkaren stand-ean -aurrez Airaka eta Maukak beren aldetik zuten- eta aurreko urteekiko «gorakada» nabaritu dute salmentetan. «Oso positiboki baloratzen dugu jende gaztearen erantzuna». Ikasle Goiza informatiboagoa izan zen, bertaratzen zirenekin hitz egin, galderak erantzun, argazki eta selfie ugari, baina saldu ere. Eta zer esan larunbatean. «CDak duen harrerarekin harrituta nago, jendeak taldeen proiektua babesteko erosten du eta haiekin hitz egin ahal izateko, sinatzeko... Lau egun oso polit izan dira». Baita biniloak ere.

Presentzia indartzeko Balaunka bezala bi stand izan dituzte eta beste bi Sünek, berritasunekin eta gero eta pisu handiagoa hartu duen merchandising-arekin». Taldeak ere jakitun dira, eta aipatutako itziartarrak zein Neomak taldeak oso presente izan dute. Ilara luzeak pilatu dituzte eta jendearen pazientzia eskertu besterik ezin dute. «Umorez hartu dute, eguraldiak ere lagundu du, baina eskertzekoa da. Horrek taldeak etortzera asko animatzen du».

Julen Agirrezabalaga Elkar argitaletxeko zuzendaria

«Jendeak zein liburu motari eusten dion ikusteko aukera ederra da»

Asimilatzea zaila zen uzta oso oparoan izen handiak zituen Elkarrek -besteak beste Katixa Agirre, Karmele Jaio, Uxue Alberdi...- eta haien 'Barne zerbitzuak', 'Harrizko bihotza' edo 'Esne-berriketan' izan badira ere erakusmahaian eskatutako liburu nagusiak, emaitza «orekatua» izan dela nabarmentzen du Julen Agirrezabalaga argitaletxeko zuzendariak, asko mugitu baitira ere Julen Apellaren 'Sakelako bihotzak' zein Amancay Gaztañagaren 'Martin Martina' trilogia. Hartarako «gazteen erantzuna» azpimarratzen du, larunbat zein igandean. «Hor bada interes eta indar bat». Zenbait ikerketak esandakoa berretsi dela iritzi du, «gazteen artean orakurtzeko ohiturak gora» egin duela.

Ia horrek bezainbeste pozten du fondoa mugitzeak. «Liburuaren bizitza hain da laburra zoritxarrez, segituan 'hiltzen' dira nobedadeak. Guk bizitza luzeagoa eman nahi diogu eta lortzea oso polita da». Irakurleekin izandako harreman horrek ikerketa soziologiko batek adina informazio emate die, gainera. «Jendeak zein liburu motari eusten dion ikusten dugu, galderak ere urte osoan zehar ia ezinezkoa den informazioa ematen digute».

Lander Majuelo Pamiela

«Erosi beharreko liburuaz gain jendeak aspaldiko hori ere bilatzen du»

'Amerikanuak' zela-eta aurkezpen eta aurkezpen artean, batetik bestera, baina pozik zen atzo Lander Majuelo Pamiela argitaletxeko editorea. Berritasun ugari mugitu dira egunotan, eleberrian nola ez Bernardo Atxagaren 'Enarak' eta saiakeran espero bezala Arantxa Urretabizkaiaren 'Zahartzaroaren maparen bila'. Baina bestelako pozak izan dituzte erakusmahaian, esaterako Amaia Egidazuren 'Txirriki-Txarraka'. «Izugarri saldu da». Eta zerrenda osatzeko, fondoa. «Ez da ideiarik komertzialena, edo hori dirudi, baina ez da egia. Jendea beste gauza batzuen bila dator eta 'erosi beharreko liburua'-z gain bestelakorik hartzen badu liburutegia osatzeko da, aspalditik fitxatua zuen hori».

Ildo horretan gazteek gauzak argi dituztela nabaritu dute, jada ez dela lehen bezala bi edo hiru buelta emateko Azoka. «Horiek klabeak dira, saltorik zailena delako. Gero hasten dira erreferentziak aurkitzen, idazten edo musikan ari den ezaguna, posturen batean ari dena... hor sortzen da benetako fidelitatea». Eta hala jarri dezan Ikasle Goiza «oso beharrezkoa» dela argi du. «Entzun izan dut goiz bat galtzea dela, baina denon lehen esperientzia txikitan hona etortzea da. Transmisio hori egiteko behar dugu».

Oier Etxebeste Alberdania

«Jende asko egon da, hori urterko beste egunetan ere mantendu behar dugu»

Esfortzu berezia egin du Alberdaniak azken urteotan gazteei bideratutako literatura plazaratzeko eta, hein batean, lau egun hauek fruituak jasotzeko izan dira. Besteak beste Amaia Telleriaren 'Aurpegiak' edo 'Zuhara' bilduma izan dituzte, udazkeneko gainerako nobedadeekin. Eta, nola ez, klasikoetan klasiko diren 'Koaderno handia', 'Dublindarrak' edo 'Zoaz infernura laztana' eleberriekin, urtez urte eskatuak direnak. Aldiz, dena ez da urre, eta halako sentsazio gazi-gozoa ere utzi diote Oier Etxebesteri tarteka entzun dituen 'hara, hau nik irakurri nuen, orain ere euskaraz dago' bezalakoak, batik bat euren fondoko itzulpenei buruz direnean. 2020an euskaratutako Sally Rooneyren 'Jende normala' edo 2009ko 'Gose jokoak' aipatzen ditu. «Esaten da falta dela euskaraz nerabeentzako literatura, jo behar dutela beste hizkuntzetara». Hori bai, autokritika ere egiten du. «Agian gure zailtasuna edo akatsa da, ez dakigula nola iritsi, nola jakinarazi. Hainbeste uztarekin horrek ere badu zerikusia».

Eskertza Gerediagari

Azkenik, aipatutako lekukotzek zein beste askok Gerediaga Elkarteari eskerrak emateko baliatu dute aukera. Bai aurten lau eguneko Azoka izan dena aurrera eramateko –2026ko Azokak berriro ere bost egun izango ditu, abenduaren 4tik 8ra izango baita atzo Gerediaga Elkarteak iragarri zuen bezela –, baina baita aurrez egindako lanagatik ere, maiz edo ia beti itzalpean geratzen dena. «Jende ikaragarria da», «beti izan dute erantzuteko/laguntzeko prestutasuna», «ikaragarrizko militantzia dute», «son un amor», etab.

Dagokionari beraz, jaso ditzala esandakoak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Panorama ez da hain txarra eta hori ospatzekoa da

Panorama ez da hain txarra eta hori ospatzekoa da