Oteiza omendu dute bere obra Arantzazuko basilikako fatxadan jarri zuteneko 50. urteurrenean

Oteiza Arantzazun, bertara egindako azken bisitetako batean/Marian
Oteiza Arantzazun, bertara egindako azken bisitetako batean / Marian

'Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969' programaren baitan egin dute ekitaldia; datozen egunotan zehar beste zenbait jarduera ere burutuko dira gaiaren inguruan

DVDonostia

Oteizaren obra Arantzazuko basilikako fatxadan jarri zuteneko 50. urteurrenaren oroitzapen-jardunaldia egin dute larunbat honetan. Oteiza eta Arantzazu gai dituzten adituek osatu mahai ingurua egin dute, Elena Martinek Oteizaren proiektuari buruz egingo duen azalpen irakurketarekin batera; eta, guztia osatzeko, Kukai dantza taldearen emanaldia ere egin dute.

Ekitaldia 11:00etan hasi da Gandiaga Topaguneko ekitaldi aretoan. Mahai inguruko partaideak Miguel A. Alonso del Val arkitektoa, Javier Gonzalez de Durana historialaria, Juan Ignacio Larrea frantziskotarra eta 'Oteiza eta Arantzazuko estatuaria' proiektuaren komisario eta Oteiza Museoko kontserbatzaile Elena Martin izan dira; Jorge Oteizak Arantzazun egin lanaren garrantzia aztertu dute, une hartako testuinguru kultural, sozial eta politikoarekin batera.

Ondoren, Elena Martinek Oteizaren proiektuari buruzko azalpen irakurketa bat egin du, horretan aztertuz bai haren bilakaeraren giltzak bai enkargu horrek Oteizaren ibilbide pertsonal eta artistikoan izan zuen garrantzi eta esangura. Saio hori basilikan bertan izan da, eta Kukai dantza taldeak eskultorearekin eta horrek Arantzazurekin izan zuen harremanarekin lotutako pieza batzuk interpretatu ditu.

Ekitaldia Jorge Oteiza Fundazio Museoak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Frantziskotarrek sustatu dute 'Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969' programaren baitan.

Jarduera osagarriak

Programaren atal nagusi bat Arantzazun bertan ikusgai dagoen erakusketa zabala da, urriaren 27a arte ikusgai egongo dena. Artistaren bilaketa kontzeptual eta sinbolikoak jaso dituzte, haren eskulturak izandako eboluzioa, eta baita arteak imajinario sinboliko berriak sortu eta horiek gizartera proiektatzeko gaitasuna ere. Erakusketa 300 obra baino gehiagok osatzen dute, gehienak inoiz erakutsi gabeak.

Proiektuko bitartekaritza planari dagokionez, datozen egunetan zehar zenbait jarduera izango dira, esate baterako Elena Martinekin egingo diren erakusketarako bisita gidatuak, urriaren 5ean, larunbata, Oteiza Museoan (12:00 h) eta urriaren 19an, larunbata, Gandiaga Topagunean (12:00 h eta 17:00 h).

Horretaz guztiaz gain, 'Harrizko gorputza, buztinezko arima' haurrentzako lantegia emango du Maushaus-ek irailaren 28an eta urriaren 19an Gandiaga Topagunean (10:30 – 13:30 h), eta urriaren 7an (19:00 h) Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan, 'Oteiza Arantzazun. Espresioa ahultzetik espazio harkorrera' hitzaldia emango du Elena Martinek.

Temas

Euskera