Oskar Alegriaren 'Zumiriki' dokumentala Veneziako Zinema Mostran lehiatuko da

Promozioko irudia/
Promozioko irudia

Nafar Pirinioetako basoetan bizi den pertsona baten istorioa kontatzen du ikus-entzunezkoak, naturarekiko eta haurtzaroarekiko erlazioa berreskuratzea helburu duena

DVDonostia

Oskar Alegria zinemagile iruindarraren 'Zumiriki' dokumentala Veneziako Zinema Mostran lehiatzeko hautatua izan da, Etxepare Euskal Institutuak adierazi duenez. Zehazki, Orizzonti sailean hartuko du parte, mundu mailako zinemaren adierazpen korronte eta joera estetiko berriei arreta jartzen dien sailean, hain zuzen.

Alegriak harridura eta poz handiz hartu du albistea, nahiz eta ez den bere lehen lan saritua izan. Bere lehenbiziko dokumentalarekin, 'Emak Bakia' izenekoa, munduko hainbat jaialditan izan zen zinemagilea, eta 15 sari eskuratu zituen. 'Zumiriki', ordea, nazioartean ezaguna den Veneziako Mostran hautatua izateak sorpresaz harrapatu du Alegria. Bere hitzetan, «fikziozko istorio definiezin bat» da bere lan berria, inongo generotan sailkatzen zaila, baita barne mundu txiki baten erretratua islatzen duena ere.

Nafar Pirinioetako basoetan borondatez isolatzen den pertsona baten istorioa kontatzen du 'Zumiriki' dokumentalak, naturarekiko eta haurtzaroarekiko erlazioa berreskuratzea helburu duena, eta itxaronaldia duena ardatz. Oskar Alegria bera da filmaren protagonista, lau hilabetez isolatu baitzen baso erdiko etxola batean filmaketa egiteko, baratze bat, bi oilo eta 70 liburu lagun zituela. Izenburua ematen dion hitzak «ibaiko uharte» esan nahi du eta, hain zuzen, Alegriak haurtzaroan ezagutu eta presa baten eraikuntzarengatik urperatua gelditu zen uharte bati egiten dio erreferentzia.

Mostrako Orizzonti saileko zuzendari Alberto Barberak ere, «zinemaldi osoko pelikularik definiezinena» dela adierazi, baita «eszena bakoitzak ideia harrigarri bat planteatu eta garatzen» duela ere.

Veneziako Mostraren 76. edizioa izango da aurtengoa, eta abuztuaren 28tik irailaren 7ra bitartean egingo da Italiako hirian. Aurten, jaialdiak Pedro Almodovar zinemagileari eta Julie Andrews aktoreari emango die Ohorezko Urrezko Lehoia. Alegriaren lana hartuko duen Orizzonti saila jaialdiko bigarrena da garrantzian, Sail Nagusiaren ostean.

Temas

Euskera