Ondasun immaterialei balioa aitortzeko bidean

Ondarearen transmisioa bermatzea da aldaketaren xedea/DV
Ondarearen transmisioa bermatzea da aldaketaren xedea / DV

«Gure erkidegoaren kultura-herentzia osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak» jasoko ditu, aurrerantzean, Euskal Kultura Ondarearen Legeak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen Legea gaurkotu du, eta aurrerantzean, ondare immaterialaren babesa jasoko du. Horrek esan nahi du onartu duten aurreproiektuak «gure erkidegoaren kultura-herentzia osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak» jasotzen dituela euskal kultura ondarearen barruan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez.

Helburua da berrikuntza honekin ondasun immaterial ugari barne hartzea: «ahozko tradizioak, ikuskizun-arteak, usadio sozial erritualak, jai-ekitaldiak, naturari eta unibertsoari buruzko jakintza eta praktikak, edota eskulangintza tradizionalari lotutako jakinduria eta teknikak».

Aurreproiektuak honela definitzen ditu kultura-ondasunaren hiru arloak. Batetik, kultura-ondare higiezina dago jasota: Lursailari lotuta egoteagatik leku batetik bestera eraman ezin diren kultura-ondasunak dira. Bestetik, kultura-ondare higigarriak kultura-identitatea galdu gabe lekualdatu edo mugitu daitezkeen kultura-ondasunak babesten ditu.

Kultura-ondare immaterialak, halaber, komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Euskal kulturaren baitan sar daitezkeen hainbat arlo sartzen dira honen barruan.

Banaketa berri honek orain arte indarrean zegoen araudiak ezartzen duen banaketa hobetu nahi du; izan ere, aurrekoak lau esparru onartzen zituen (ondare higiezinak, higigarriak, arkeologikoak eta etnografikoak) eta ez zuen berariaz onartzen ondare immateriala.

Bestalde, kategoriei dagokienez, orain arte egon diren hiru esparrutatik (monumentua, monumentu-multzoa eta kultura-espazioa) 19tara zabalduko da Legea. Helburua da ondasunen artean egon daitekeen aniztasunari hobeto heltzea eta orain arte izan zitezkeen arazoak saihestea.

Ondasun higiezinen eremuan, honako kategoria hauek jasotzen dira: monumentua, monumentu-multzoa, eremu arkeologikoa edo paleontologikoa, lorategi historikoa, kultura-ibilbidea, kultura-paisaia, banako ondasun higigarria eta multzokakoa, eta kultura-ondare higiezina. Azken talde honek barne hartzen ditu

kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak, bertsolaritza, musika, dantza, emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak, usadio sozialak, gastronomia, kirola, jai-ekitaldiak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak eta eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak.

Ondasun horien erkidego eramaileei laguntza ematea, autentikotasunari eustea eta transmisioa bermatzea da aldaketaren xedea.

Azken urteotako bilakaerara egokituz

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua pozik agertu da Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen Legea onartu ostean. Sailburuak adierazi duenez, Lege berriarekin «babes-eredu eraginkorragoa sustatuko da, eta aurrera egingo da kultura-ondasun immaterialei balioa aitortzeko bidean». Zupiriak nabarmendu duenez, gaur onetsi den Legearekin, eta aurretik legebiltzar-taldeekin negoziazio-prozesu luze bat egin ondoren, kultura-ondarearen kontzeptuak azken urteotan izan duen bilakaerara egokitzeko aukera izango da. Lege berriak 1990eko araudia aldatzen du eta ondarea babestearen arloan berrikuntzak jasotzen ditu.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 2017ko uztailaren 18an onartu zuen Euskal Kultura Ondarearen Legearen aurreproiektua, eta une horretan bidali zen proposamena Eusko Legebiltzarrera bertan negoziatua izan zedin. Azken urte eta erdian legebiltzar-taldeak Legea negoziatzen aritu dira, eta dagozkion aldaketak sartzeko aukera izan dute. Azkenean, Legea gaur onartu da EAJko, PSEko, EH Bilduko eta Podemoseko legebiltzar-taldeen babesarekin; PPalderdiaren taldea, berriz, abstenitu da.

«Legearen aurreproiektua 2017an onartu zen arren, Eusko Jaurlaritza aurreko legealditik ari zen Lege hau lantzen. Araudi berriak kultura-ondarearen kontzeptuak azken urteotan izan duen bilakaerara egokitu nahi du, bai eta horren kudeaketa integrala, ikerketa, kontserbazioa eta zabalkundea hobetu ere. Lege berriarekin babes-eredu eraginkorragoa sustatuko dugu, eta aurrera egingo dugu kultura-ondasun immaterialei balioa aitortzeko bidean», adierazi du Zupiriak.

Sailburuak azaldu du legean «kultura-ondasunen kategorizazio berri bat sartu» dela eta hiru arlo bereizten direla: kultura-ondare higiezina, kultura-ondare higigarria eta kultura-ondare immateriala. Bestalde, kultura-ondare higiezinean hiru babes-maila proposatzen dira: babes bereziko kultura-ondasunak, erdi-mailako babeseko kultura-ondasunak eta oinarrizko babeseko kultura-ondasunak. Azken ondasun horiek, oinarrizko babesa udalen esku dagoen arren, Euskal Autonomia Erkidegoko ondarearen erregistroan sartuko dira.

Industriak utzitako ondarea

Negoziazioan zehar legebiltzar-taldeek egindako ekarpenen artean nabarmendu daiteke, baita ere, industria-ondarearen garrantzia eta industria-jardueraren ondorioz sortutako kultura industrialarena azpimarratzen dituen titulu espezifiko bat sartu dela. Horrela, arlo horretan ondasun higiezinak, ondasun higigarriak nahiz ondare immateriala izango dira kontuan.

Alde horretatik, aurreratu du Exekutiboak formalki eskatu diola Barakaldoko Udalari Orconera konpainiarenak izandako pabiloiak laga diezazkiola bertan kokatu ahal izateko Eusko Jaurlaritzak 80ko hamarkadatik bildu duen material industriala (gaur egun Konsoni Lantegian dago), balioetsi eta horren zabalkundea egin ahal izateko.

Gainera, Lege berrian jaso da euskararen lurralde guztiei eragiten dieten eta euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten gaiak Nafarroako Foru Erkidegoarekin eta Iparralderekin elkarlanean erabaki beharko direla. Horrela, kultura-ondarearen arloanNafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Euskal Elkargoarekin elkarlanean eta lankidetzan akordioak sustatzeko aukera jaso da.

Babesa gaur egun Euskadin, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen bitartez, 11.440 ondasun daude babestuta. Ondasun higiezinei dagokienez, 5.845 ondasun arkitektonikoak dira, eta 5.515 ondasun arkeologikoak. Ondasun higigarri babestuak 80 dira, Euskadiko elizetako erretaulak guztiak. Azkenik, udalek babestutako ondasunak daude, nahiz eta oraindik ez dauden Euskal Kultura Ondarearen Erregistroan inskribatuta.

Temas

Euskera