Obabatik bekatuaren hirira Edinburgh International Book Festival jaialdian

Obabatik bekatuaren hirira Edinburgh International Book Festival jaialdian
Etxepare

Larunbatean, hilak 17, Bernardo Atxaga bere lanen itzultzaile Margaret Jull Costarekin ariko da solasean, eta igandean Eider Rodriguezek bi ekitalditan esku hartuko du

DVDonostia

Euskal sorkuntzaz gain, euskal literaturak toki berezia du, halaber, Edinburgon. Aurtengo Edinburgh International Book Festival jaialdian, joan zen larunbatean, jaialdia ireki berri zutela, Garden Theatre gunean Iban Zalduak eta James Robertson idazle eskoziarrak 'Txekhov vs. Shakespeare' egitasmoa aurkeztu zuten, azken hilabeteotan partekatu dituzten gutun-sorta biltzen duen liburua, Magnus Linklater moderatzaile zutela. Asteon aurrera egingo du egitarauak.

Aurkezpen horrek jakin-min nabarmena eragin zuen; bakoitzak idatzitako seina gutun biltzen ditu argitalpenak eta landutako gaiak dira euskal eta eskoziar kultur egoera eta, batik bat, bi idazleen sorkuntza-tresna nagusi diren bi hizkuntzen egoera, eskoziera eta euskara, eta horien literatura; bi hizkuntzak oso ezberdinak izan arren (eskoziera hizkuntza germanikoa da, euskara aurre-indoeuroparra), hizkuntza minorizatuak izaki, muga eta erronkak berei egin behar diete aurre eta antzerako zailtasunak dauzkate mundu globalizatu batean hazteko.

Eta erronka horien artean, Europaz ere jardun dute gutunetan; eta europar kulturari dagokionez, iritzi berekoak dira bi idazleak: zerbait bada, hori aniztasuna dela, hain zuzen ere.

Ondoren, Writer's Retreat gunean Harkaitz Canok 'Twist' nobela aurkeztu zuen 'A Small Silence' bere lehenbiziko eleberria aurkeztu zuen Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin izandako solasaldian. Igande eguerdian, berriz, Miren Agur Meabek berriki ingelesez argitaratu den 'Kristalezko begi bat' bere lana aurkeztu zuen Zinzi Clemmons estatubatuar idazlearekin izandako solasaldian.

Autofikzioa, galera, idazketa prozesua, nortasuna bilaketa, genero nortasuna, nortasun raziala eta abar izan zituzten hizketarako gai. Miren Agur Meabek euskaraz esandakoak Danele Sarriugartek itzuli zituen zuzenean. Arratsaldean, The Spiegeltent gunean, lehendabizi, 'Wine and Words' ekitaldian 'kata literarioa' izan zen Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte eta Tio Teronen Semeak taldeko musikarien eskutik. Ardoaren alorrean aditu Peter Rascombe kazetari eskoziarrak aurkeztu zuen ekitaldian Arabako Errioxako hiru ardo dastatzeko aukera izan zen eta, bata eta bestearen artean, Harkaitz Canok (euskaraz) eta Danele Sarriugartek (ingelesez) poema eta testu batzuk irakurri zituzten, musikaz lagunduta; horretarako sarrerak ere agortu egin ziren.

Iluntzean, aldiz, eta etenik gabe ari zuen euriari aurre eginez, jende ugari bildu zen 'Scotland Goes Bertsolaritza!' ikuskizunaz gozatzera. Etxepare Euskal Institutuak Mintzola Ahozko Lantegiarekin eta Laboral Kutxarekin elkarlanean burututako 'What is Bertsolaritza?' ikus-entzunezkoarekin abiatu zen eta, horren ostean, Uxue Alberdik bertsotan jardun zuen, eta berak kantatzen zuen bitartean Danele Sarriugartek zuzenean egiten zuen ingelesera itzulpena, idatziz, pantailan proiektatuta.

Bertsotarako, Uxuek publikoaren laguntza izan zuen: pertsona batek Uxueri objektu bat esan, berak horrekin bertsoa bota eta gainerako ikus-entzuleek asmatu egin behar zuten zein zen objektua; gainera, buruz buruko saioa ere izan zen, Uxueren beraren eta Tio Teronen Semeen kide Antton Fernandez bertsolari eta dantzariaren artean.

Astelehen arratsaldean, Indigenous Voices zikloan, Uxue Alberdik eta Ciara MacLaverty poetak lau objektu aukeratu eta objektu horietatik abiatuz testu literarioak edo poemak irakurri zituzten; Rachel Newton folk abeslari eta harpistaren musika eta kantuak lagun.

Book Festibalen izango den hurrengo euskal idazlea Bernardo Atxaga izango da, abuztuak 17, larunbatean. Atxagak 1992an 'Obabakoak' Erresuma Batuan argitaratzearekin batera hartu zuen parte lehenbiziko aldiz Edinburgh International Book Festival-en eta ordutik beste bost bider izana da letren topaketa horretan.

Aurtengoan Indigenous Voices zikloan izango da, Margaret Jull Costa itzultzailearekin batera Sin City Through Basque Eyes (Pekatu hiria, euskal begietan) izenburudun solasaldian. Horretan euskal idazle gailenak 'Nevadako egunak' bere eleberriaz hausnartuko du, besteak beste, Fernando Pessoa, José Saramago edo Carmen Martín Gaiteren idazlanekin batera, Atxagaren beraren lanak ere ingelesera itzultzen dituen Margaret Jull Costarekin.

Amaitzeko, jaialdian estreinakoz izango den Eider Rodriguez izango da aurtengo Edinburgh International Book Festival-en ariko den azken euskal idazlea. Abuztuak 18 igandean bi ekitalditan esku hartuko du: lehenbizi, goizean irakurketa saio batean izango da, Ten at Ten zikloan; eta eguerdi partean itzulpengintzaren inguruko maisu eskola emango du Margaret Jull Costarekin batera.

Temas

Euskera