Nuarbe: bukatu zen, asko zegoen kontatzeko, eta kontatu egin dute

Azpeitia eta Beizamako auzo txikiko sokatira taldea Europan zein munduan erreferente izan zen/DV
Azpeitia eta Beizamako auzo txikiko sokatira taldea Europan zein munduan erreferente izan zen / DV

Sokatira talde arrakastatsu haren balentriak liburu batean bildu dira. Laxaro Azkunek idatzi ditu testuak, eta hainbat argazkiz hornitua dator argitalpena

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

'Nuarbe, 29 urteko soka' liburua aurkeztu zen lehengo astean. Laxaro Azkune kazetariak idatzia, Nuarbeko sokatira taldeen historia azaltzen du. 1978an hasi ziren nuarbetarrak kirol horretan, eta 2006an osatu zen azken taldea. Orduan utzi egin zioten, jende faltagatik, eta atzean historia oparoa lagata. Euskal Herri mailan mila txapela inguru lortu zuen Azpeitia eta Beizamako auzo txiki honetako taldeak, eta Europan zein munduan erreferente izan zen 560 kiloko kategorian, 1990eko hamarraldian batez ere.

Ez da nolanahiko liburua: 305 orrialde ditu, hainbat argazki eta partaide askoren testigantzak. Argitaratzaileak, berriz, Azpeitiko Udala eta Nuarbe Sokatira Elkartea. Laxaro Azkunek hitzaurrean dioenez, laguntzaile oso onak izan ditu: testuak orrazten Manuel Arregi zestoarrak lagundu dio; tiralariekin zubi-lana Luis Mari Gurrutxagak egin dio, urtetan sokatira taldearen lehendakari eta komunikazio arduradun izandakoak; eta argazkien arduradun Juan Joxe Agirrek izan da. Bestalde, kontuan izan behar da Sebastian eta Patxi Gurrutxaga anaiek argazki-artxibo ederra zutela eta material horrekin liburuak asko irabazi duela.

Harrigarria da Nuarbeko kasua. Azpeitia eta Beizama artean dagoen auzoa da. 398 biztanle zituen 1899an, ehun eskas 2018an. Horrelako inguruan sortu zen Euskal Herriak inoiz eman duen lur gaineko talde indartsuena.

Nuarbeko sokatira taldearen sorreran zer ikusi handia izan zuen Euskaltzaindiak 1978an antolatutako Bai Euskarari festak. Azpeitiko zezen plazan, jaialdi hartan, hiru sokatira talde jardun ziren: Arroa, Landeta eta Nuarbe. Landeta nagusitu zen, baina izan zen gorabeherarik ere: soberako soka-muturrari tiraldia egin zion Errekaldeko Luisitok. Hau dio Laxaro Azkunek: «Agian erabakigarria izan zen Landetarren garaipenean, baina baita nuarbetarrak berotzeko ere. Horrek txingarra hauspotu baino ez zuela egin esan daiteke». Ez dago orduko argazkirik.

1978ko Euskadiko txapelketa Agurainen jokatu zen. Hura izan zen Nuarbeko taldearentzat lehen irteera ofiziala. 26 taldek hartu zuten parte, txapela Mutrikuko taldeak eraman zuen, eta Nuarbe bosgarren gelditu. Orduan frontoietan tiratzen zen, gomazko abarkekin.

Atzerriko lehen irtenaldia 1980an izan zen. Suitzan jokatu zen nazioarteko txapelketa hartan, nuarbetarrak segituen jabetu ziren lurgaineko sokatirak ez zuela zer ikusirik hemen egiten zenarekin. Urte hartan osatu zen Nuarbeko lehen emakume taldea.

Esan bezala, 1990eko hamarkada aro distiratsua izan zen. Adibidez, 1995eko Europako txapelketak Getxon jokatu ziren 1995ean, eta klub mailan Nuarbe izan zen txapeldun 560 kilokoan. Hurrengo urtean Herbehereetan izan ziren Munduko Txapelketak, eta Nuarbek bi domina lortu zituen herrialde mailan: urrezkoa 560koan eta brontzezkoa 640koan. 1997an Finlandian jokatu ziren Europako Jokoak, 78 herrialdek jardun zutelarik, eta Nuarbe nagusitu zen 640 kilokoan.

2003an, nuarbetarrek uko egin zioten Europako Lurgaineko Txapelketara azaltzeari, ez zutelako nahi podiumean Espainiako ereserkirik eta banderarik entzun eta ikusi nahi. Herbehereetan izan zen lehiaketa. Urte hartan, Euskadiko txapelketetan, hiru pisutan gertatu ziren garaile: 600, 640 eta 680 kilokoetan. Euskaldun tiralariek inoiz ez zuten lortu atzerrian Euskal Herriaren izenean lehiatzerik; beti 'Spain' izenaren pean egin behar izan zuten tira.

2007ko otsailaren 2an, txapelketetara gehiago ez aurkeztea erabaki zuten nuarbetarrek. Talde lehiakorra osatzeko jende falta izan zen arrazoi nagusia. Halaxe eten zen bide oparo hura, 29 urteko bide emankorra.

Temas

Euskera