Patxi Salaberri, Garbiñe Mendizabal, Andres Urrutia eta Luis Mari Zaldua.

Nola idatzi diren eta nondik datozen Gipuzkoako herrien izenak

Patxi Salaberriren eta Luis Mari Zalduaren 'Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia' ikerketa-lana argitaratu du Euskaltzaindiak, paperean eta web gunean aldi berean

Nerea Azurmendi

Donostia

Miércoles, 4 de marzo 2020, 17:10

Oria ibaiaren eta Orio herriaren izenek ez dute zerikusirik kolorearekin, Orio eta horia eskutik badoaz ere. Itsasok eta Itsasondok, berriz, ez diote izena zor itsasoari... Horrelakoak eta aldrebesagoak maiz entzun badira ere, gauzak bere tokian jartzera dator 'Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia' ikerketa-lana. Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain osoak eta Luis Mari Zaldua Etxabe urgazleak «metodologia serio bat oinarrian hartuta eta zuhurtziaz» osatu dute, eta Euskaltzaindiak argitaratu du, Izenak bilduman .

Publicidad

Egileek Andres Urrutia euskaltzainburua eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria ondoan zituztela aurkeztu dute asteazken honetan Donostiako Foru Jauregian, aldi berean paperean eta Akademiaren web gunean PDF formatuan eskuragarri jarri den lana.

Euskararen erabilera indartzeko ahaleginekin erlazionatu du Garbiñe Mendizabalek Aldundiaren laguntzaz argitaratu den liburua, ikerketa eta «hitzen erabilera zorrotz eta erraza bideratuko duten lanabesak» ezinbestekoak baitira hizkuntzak aurrera egin dezan.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, berriz, Euskaltzaindiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aspaldi-aspaldiko elkarlan emankorra goresteaz gain, azaldu du Salaberri eta Zalduaren onomastika lanak ez direla 'in vitro' eginak –«hau da teoriaren eta teoriaren arabera»– baizik eta 'in vivo'. Izan ere, «bilatu da etimologiak zertarako diren eta zer nolako balioa duten guretzat, eta gizarte osoari begira».

Azken jomuga «Euskal Herriko toponimia nagusi osoa aztertu nahia» duen proiektuaren hirugarren urratsa da Gipuzkoari dagokiona, 2004an Nafarroa Beherekoa eta 2015ean Arabakoa argitaratu baitziren. Zentzu horretan, Andres Urrutiak esan du Euskaltzaindiarentzat garrantzitsua dela liburua, «beste nonbaitetik datorrelako, ez delako lan isolatua, Salaberri eta Zaldua lanketan ari direlako aspalditik, onomastika lanetan».

Publicidad

410 orrialdeko liburu marduraleran azala.

Gipuzkoako 182 entitate hartu dira aintzat. Gehienak udalerriak (89) eta auzoak (85) dira, baina badaude populazio gune txikiagoak ere. Hori bai, Zalduak esan duen moduan «gehienek eliza dute». Irakurleak emango du baten bat faltan, ez baitira aintzat hartu liburuetan eta dokumentuetan agertzen ez direnak, horrek tradizio falta adierazten duelako.

Dokumentazio joria baliatu dute lanerako, bai idatzizkoa (4.500 testigantza), baita ahozkoa ere (242 lekukoren 700 lekukotza, ahotsak.eus-etik hartuak). Emaitzak alfabeto ordenan paratu dituzte, herrika, herri izenari dagokion sarreran txertatuta auzo eta bestelako populazio guneak; gehien dituztenak, bide batez, Aretxabaleta eta Eskoriatza dira, zazpina.

Publicidad

Sarrera bakoitzean eman dituzte izen ofiziala; dokumentuetan aurkitutako lekukotasunak; euskal testuetakoak; ebakera edo ahoskera; etimologia; gentilizioa eta, dagoen kasuetan, herritarren edo herriaren beraren ezizena.

Honatx, adibide gisa, Aizarnazabali dagokion sarrera osoa.

Salaberrik eta Zalduak egindako lanaren zorroztasuna nabarmendu dute. Hain zuzen ere, askotan asmaziorako bide ematen duten etimologia azalpenetan «zuhur eta burutsu jokatzera entseatu gara, dugun esperientzian oinarri harturik», diote. «Lanari lotu gintzaizkionean bagenekien toponimo guztien barne-muinak bistaratzea zaila eta are ezinezkoa izanen zela, eta hola agitu da, agitu ere. Edozein modutan, gaiaz mintzatu diren aurreko ikertzaileendako ilun ziren zenbait toponimo argitara ekarri ditugula uste dugu; beste batzuen azalpena zalantzazkoa da, eta hirugarren multzo batean, azkenik, oraino esplikatzeko daudenak dauzkagu. Beste ikertzaile batzuek argitu beharko dituzte, bada,ilun beltzean gelditu diren horiek», idatzi dute hitzaurrean.

Publicidad

Patxi Salaberrik adierazi du toponimia dela, besteak beste, «herrialde baten historia ezagutzeko tresna». Lan honek erakutsi die, adibidez, «Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba erromatarrek ia ukitu gabeko eremutzat» jotzea, hainbatetan egin izanden bezala, ez dela zuzena. «Ez naiz arkeologoa -esan du- , baina Kantauri isurialdeko herrien izenak hartzen baditugu, ikusten da hori ez dela horrela, eragina uste baino handiagoa izan zela».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad