Nola duzu izena, Gala?

Dalí eta Gala (ezkerreko bikotea), Paul eta Nusch Éluardekin batera./ARTXIBOA
Dalí eta Gala (ezkerreko bikotea), Paul eta Nusch Éluardekin batera. / ARTXIBOA

Ireki berri da Bartzelonako MNAC-en oraintxe arte Salvador Dali margolariaren emazte diruzaletzat jo izan dugun Helena Dimitreva Diakonovaren inguruko erakusketa. Emakume libre eta benetako artista baten aldeko aldarrikapena da

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Beste emakume askok izan dute Gala izenpean ezagutu genuen sortzaile askoren musaren irudi iluna, errezeloz tindatua. Jakin badakigu, esaterako, inork gutxik zekiela Yoko OnoJohn Lennonen emaztea izateaz gain Bilboko Guggenheimen banakako erakusketa merezi izan zuen artista zela. Genekien ia kontu bakarra zen denek leporatzen ziotela Beatlesen haustura.

Antzeko zerbait gertatzen da Paul Bowles idazlearen ondoan izan zen Jane Bowlesekin. Onartu dugu idazle fina dela 'Dos damas muy serias' eta 'Placeres sencillos' irakurri ditugulako, gustu handiz eta konplizitate sakonaz. Baina egia da Paul Bowles senarraren itzal erraldoiak lausotu egiten duela Janeren irudia eta, askorentzat, burua galdu eta Malagako kanposantuan lurperatua dagoen emakume xelebrea baino ez dela.

Yoko, Jane ez daude bakarrik lanbropeotan. Orain ari dira argitaletxeak Elsa Moranteren liburuak berreskuratzen. Orain 'La isla de Arturo', 'La historia', 'Mentira y sortilegio' lanek sorgintzen dute (berriro) irakurle eskutada polita. Elsa, Alberto Moravia idazle egundokoaren emaztea zen. Pasoliniren, Paveseren, Sciasciaren lagun mina. Berriro gizonezko batzuen itzal itogarria…

Egun, ezkutuan izandako emakume handi askoren aldarrikapenean dabiltza batzuk han-hemenka, munduko lau kantoietan. Badira bospasei urte Galak (Kazanen jaio eta Moskun bizi izandako Helena Dimitreva Diakonovak) adituak harri eta zur utzi zituela. 2011n Galaxia Gutenbergek bere egunkari argitaragabea plazaratu zuen. Orri haietan argi eta garbi ikusten zen emakume errusiarra ez zela poeta ospetsu batek iskin batean aurkitu zuen neska eder baina ez ikasia. Ez horixe. Ederki dakigu orain, geroxeago Salvador Dalírekin egingo zuen bezala, berak gauzatu, gorpuztu, haragitu, sendotu zituela Paul Éluarden dohain literarioak.

Ez gara, ez, eguneroko bizitza pribatuaz ari. Ez. Kontua ez da Éluardek idazten zuen bitartean eta Dalík pintatzen zuen bitartean Helena Dimitreva Diaknova etxeaz arduratzen zela. Ezta pentsatu ere. Jakina bera izan zela Pariseko eta Cadaqueseko etxeetako andre eta jabe baina are egia borobilagoa da Galak parte hartu zuela bai bere lehen senarraren, bai bigarrenaren sorkuntza prozesuan.

Frogarik? Pila. Hona hemen adibide bat: pintore nabarmenak Galak bere lanetan zuen ezinbesteko eragina behin baino gehiagotan aitortu zuen. Nola? Lanik preziatuenetan Dalí-Gala sinadura eta izenpekoa erabiliz. Horra MNACen den beste froga aitzakiarik gabekoa: argazki sorta baino ez dirudi baina, Miquel Molinak 'La Vanguardia'-n idatzi zuen legez, arras esanguratsuak dira irudi horiek. New Yorken gaude. 1939n. Bertako Erakusketa Unibertsalean izango den pabiloia ('Venusen Ametsa' izenekoa) ari dira biak (Salvador eta Helena Dimitreva Diakonova) atontzen. Ez du ematen, inolaz ere, Gala senarrari sostengua ematen dioten emakume leial eta mendeko horietako bat denik. Ez. Parekoak dira biak. Igualak. Biak . Biak dohaitsuak. Biak maila bereko (eta goreneko) artistak. Urrutiago ere, sakonago ere luza dezakegu begirada. Horrela eginez gero, Galaren jarreran, aurpegieran, mugimenduetan antzemango dugu Salvador arkitekto ero, miresgarri eta ameslaria baldin bada, bera, Helena Dimitreva Diakonova Gala , amets horiek, begitazio horiek errealitate bihurtuko duen ingeniaria dela.

Dalí eta Gala, New Yorkerako bidean 'Normandia' pakebotean.
Dalí eta Gala, New Yorkerako bidean 'Normandia' pakebotean.

Hori guztia ikertzen du, plazaratzen du, eztabaidara ekartzen du Bartzelonan Estrella de Diegok gauzatu duen 'Gala Salvador Dalí. Una habitación propia en Púbol' erakusketak. Izenburutik egiten du bere Virginia Woolfen aldarrikapena. 'Orlando' idatzi zuenaren esanetan libertatea lortu ahal izateko emakumeak gela bat, berea, norberarena (A Room of One´s Own) behar zuen. Gela bat non libre pentsatuko zuen, libre sortu, libre sentitu. Huskeria dirudi baina ez da inolaz ere.

Galak bazuen, nola ez!, gela hori. Are gehiago, gaztelu oso bat zuen berea, Púbolekoa, Dalík opari egina. Helena Dimitreva Diakonovaren baimenik gabe (eskuz idatzia izan behar zuen), senarrak debekatua zuen hara joatea, han sartzea. Baina berea zuen gazteluan bazegoen ere txoko are pribatuagoa: liburutegia. Errusieraz argitaraturiko lan ezinbestekoak gordetzen zituen bertan Helena Dimitreva Diakonovak. Berak baino beste inork ez zekien ez Pbolen ez Cadaquesen Tolstoiren, Gogolen, Dostoievskiren hizkuntza. Beraz, inork ez zuen altxor horrekin gozatzeko ez betarik ez aukerarik. Berak izan ezik, Helena Dimitreva Diakonova 'Gala'k izan ezik.

Beste emakume askoren mendekua

Senarraren itzalak bere dirdira itzali zuen beste emakume baten izena ekarri behar dugu izkribu honetara, Alma Margaretha Maria Schindler-ena. Musikagile bikaina, Mahler handiarekin ezkondu orduko musika egiteari utzi behar izan zion. Horrelakoak ziren ezkontzaren baldintza krudelak. Seme-alabak zaintzeaz nekatu zen segituan. Etxekoandrearen paperak ez zuen bere gogoa pitzarazi eta bainuetxe batean zela, gero arkitekto ospe handikoa izango zen Walter Gropius ezagutu zuen. Maitemindu. Mahler utzi. Ezkondu berriro… Izugarria izan zen Almaren bizitza. Naziengandik egin zuen ihes. New Yorken finkatu…

16 lieder (kanta) baino ez ditugu ezagutzen Almarenak. Kalitate handikoak baina hiru senar handi izan zuen eta ondorioz piano-jotzaile dohainez bete honek hiruren itzalean behar izan zuen bizi.

Ez da zaila irudikatzea MNACeko erakusketa ez dela bakarrik Galaren portreta, emakume askoren oroipen, mendeku eta orroa baizik. Baina bera da dirdira egiten duena aretoan. Bera, Coco Chanelek eta Elsa Schiapirellik jantzi zuten musa. Errusiarra zuen arima, frantziarra kultura jarioa eta sekula ez zen arduratu Espainiako kontuez. Mundu arraro samarra zeritzon. Berarekin zerikusirik ez zuena. Magia kontuetan aditua, objektuen bilduma egitea zuen maite, Surrealisten kapritxo eta joera zen, omen, hori. Objektu ederrak, jakina. Magikoak. Berdingabeak. Surrealismoak blaiturik. Moda guztietatik at. Bildumaegile ezin hobea zen Gala.

Ospe-gose, diru-gose izatea leporatu zioten askok. Harpia deitu izan zioten. Harpia desleiala, Dalí menpe zuen munstroa. Sexu eta afektibitate mendekotasun osoan. Baita sormen-mendekotasunean ere. Ohiko salaketak, usadiozko irainak gizonezko sortzaileen emakumeen aurrean. Egun, poliki-poliki, banan-banan deuseztatzen direnak. Galak merezia zuen Bartzelonako erakusketa, munduak jakin dezan gizaki izugarria izan zela. Arraroa. Dirdiratsua. Bizkorra. Jasanezina une askotan. Sortzaile interesgarria. Bikotekide ezinbestekoa. Neurrigabeko amodioa, mugagabeko gorrotoa, lilura hauskaitza eragiten zuena. Gela propioa izan zuena. Gaztelu batean. Baita bere barrenetan ere. Helena Dimitreva Diakonova zuen izena. Izana. Galazko gela lortu zuen Galak. Eta egun, sartzeko baimena dugu denok.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos