Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak omenduko ditu Mendi Film Festivalek

Benet eta Meroi artxiboko irudian/
Benet eta Meroi artxiboko irudian

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazioak eta Mendi Filmek lau urteko lankidetza akordioa sinatu dute egitasmoa sendotu eta elkarlanean aritzeko; hurrengo edizioko xehetasunak ere eman dituzte

DVDonostia

Duela hamaika urte abiatutako bidean norabide berria hartu du Mendi Film Festivalek. 2008an sortu zen, lehen lau edizioak Gasteizen egin ziren, eta 2012az geroztik Bilbon izan du egoitza. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazioak eta Mendi Filmek lau urteko lankidetza akordioa sinatu dute egitasmoa sendotu eta elkarlanean aritzeko aurrerantzean. Jakinarazi dute, gainera, Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izango dira 12. edizioko omendu nagusiak, WOP Saria jasoz.

Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu WOP-The Walk On Project Fundazioa Sariak. Mendi Film Festivalen aurreko edizioetako omenduak hauek izan dira: Josep Manuel Anglada (2015), Sir Chris Bonington (2016), Peter Habeler (2017), eta Juanjo San Sebastian (2018), Jeremy Collins-en Drawn filmaz batera (2014).

Hamalau zortzimilakoak oxigeno laguntzarik gabe eta altura zamaketaririk gabe osatu dituen bikotea da. Duela 25 urte egin zuten beren lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten hamalau gailurren zerrenda. Tartean, geldiune bat, sokada eta bikote honen giza balioak goratzen dituena: Romanok gaixotasun larri bat jasan zuen, 2009ko Kangchenjungako espedizioan bete-betean azaleratzen hasi zena, eta Nivesek erabaki zuen senarra osatzen zen bitartean ez zuela bere kabuz jarraituko goi-mendietako erronkekin. Hezur-muin transplante bi jaso eta gero, jarri zen osatu bidean Romano, eta hala eutsi zioten berriro munduko hamalau gailur garaienak egiteko proiektuari.

Lankidetza akordio berria

BBK Fundazioaren Bilboko Sala BBK-n egin dute lankidetza akordioaren aurkezpen ekitaldia. Ondoko ordezkariek hartu dute parte: Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako Foru Diputatuak, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotzi Ordezkariak, Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako Zuzendariak, Eduardo Martínez Mendi Film Festival-eko Presidenteak eta Jabier Baraiazarra Mendi Film Festival-eko Zuzendariak.

Nabarmendu dutenez, jaialdiak «sekulako proiekzioa du. Eta gaur aurkeztu den lankidetza akordioak, ilusio zakua oparo betetzeaz gain, aipatutako oinarri sendoak hauspotzeko indar handia ematen dio».

Mendi zinemaren jaialdiak uzta ona eman du azken urteotan. Adibidez, azken zazpi edizioetan jaialdira hurbildu diren lagun kopurua hirukoiztu egin da, 2018an 12.000 ikuslera iritsiz, etenik gabeko gorakadan. Iaz, Mendi Tour pelikulen emanaldi ibiltariak batuta, 26.000 ikuslek gozatu zuten Mendi Filmen eskaintzaz.

Gaineratu dute, halaber, Mendi Film Festival Euskal Herriko mendizaletasunaren enbaxadore eta erreferentzia dela nazioartean. Estatu osoko 50etik gora agertokitara iristen da Mendi Tourra, autonomia erkidegoan %70etatik pasaz. Frantzia eta Mexikora ere hedatu da, tartean euskal zinemagile eta kirolarien filmak eramanaz.

Hurrengo edizioko kartela

Elkarlanerako akordioarekin batera, hurrengo edizioko kartelaren irudia ere aurkeztu dute. Christian Pondella argazkilari estatubatuarraren 'Top of Africa' irudia izan da hautatua, 'Mendi Film Festival Kartela' saria irabazi du eta. Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak eta Mendi Filmek hirugarren urtez deitu dute sari hori.

'Top of Africa' Kilimanjaro (Tanzania) mendian hartutako argazki ikusgarria da. Will Gadd izotz eskalatzaile kanadar ezaguna ageri da Afrikako gailurreko glaziar arrastoetan azkenetakoa den izotz horman jardunean. Bere ederrean, klima aldaketari buruzko hausnarketa gordin eta beharrezko bat.

Azkenik, jakinarazi dute BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 12. edizioko lehen sarrerak salgai jarriko direla ekainaren 26 eta 27an, 48 orduz, eta kopuru mugatuan.

Temas

Euskera