Nerea Elustondoren garaipenarekin zehaztuta geratu dira finalaurrekoak
Tolosan jokaturiko azken final-laurdenekoan gailendu zen legazpiarra eta beste 17 bertsolarirekin arituko da Gipuzkoako Txapelketako finalerako sailkapenaren bila
A. Urbieta
Donostia.
Domingo, 3 de noviembre 2024, 01:00
Nerea Elustondo Plazaola, Maider Arregi Markuleta, Andoni Rekondo Izagirre eta Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi' izan dira, Tolosako saioaren ostean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekotarako txartela lortu duten azken lau bertsolariak.
Sarrerak agortutako Leidor aretoan burutu zen final-laurdenetako azken saioa, 850 ikusleren aurrean, eta lan puntuagarriak amaituta, Nerea Elustondo Plazaola legazpiarra gailendu zen, 500 punturekin, datorren azaroaren 17an Oiartzunen jokatuko den finalaurrekora zuzenean sailkatuz. Haren atzetik, Maider Arregi Markuleta oñatiarra sailkatu zen (494,5 puntu); hirugarren Andoni Rekondo Izagirre hernaniarra (479,5) eta laugarren Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi' zarauztarra (473,5). Laurek lortu dute, honenbestez, hurrengo faserako sailkapena. Kanpoan geratu dira Aitor Tatiegi Loidi oñatiarra (446,5) eta Jon Gurrutxaga Urbieta azpeitiarra (460) Tolosan bosgarren eta seigarren sailkatuta.
Gai-jartzaile lanetan Igotz Alkorta Irastortza ibili zen. Epaile, ostera, Amaia Otxotorena Gamio, Karlos Ibarguren Olalde, Maite Sukia Olano, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkaria Aratz Irazustabarrena Garmendia izan zen.
Saioa bukatzearekin bat, final-laurdenetako sailkapen orokorra ere osatu zen, baita finalaurrekoetan egongo direnen zerrenda ere: zuzenean sailkaturik bost irabazleak eta puntuazioz sailkatutako beste hamahiruak. Guztira hemezortzi bertsolari lehiatuko dira fase honetan. Sei bertsolariz osatutako hiru talde egingo dira, eta saio bakarrera jokatuko dira Oiartzunen, Zarautzen eta Arrasaten. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da Donostiako finalera, eta puntu gehien batzen dituzten bost bertsolariekin osatuko da azken saio hori.
Hurrengo saioa Oiartzunen
Datorren saioa bi aste barru izango da, azaroaren 17an, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian. Bertan arituko dira lehian Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eli Pagola Apezetxea, Oier Etxeberria Zubimendi eta garaile suertatutako Nerea Elustondo Plazaola. Gai jartzaile lanetan Ane Ezenarro ibiliko da. Saiorako sarrerak salgai daude, betiko moduan, bertsosarrerak.eus atarian.
Azken txanpan sartu da jada irailean Urretxun –sailkapen fase luze baten ostean–, 42 bertsolarirekin abiatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Hilabete t'erdi geratzen da txapeldun berriaren izena ezagutzeko.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.