Narratzaileek kontatu digutena

Narratzaileek kontatu digutena
FELIX MORQUECHO

Harkaitz Cano, Pako Aristi, Katixa Agirre eta Edorta Jimenezen eleberriak heldu dira Durangora. Eta ipuingileak ere ez daude geldi

FELIX IBARGUTXI

Narratzaile ezagun batzuek, atzetik publiko fidela dutenek, liburu berria eraman dute Durangora. Hasteko, Harkaitz Cano aipa diteke. Imanol Larzabal zenarengan inspiratu da 'Fakirraren ahotsa' (Susa) idazteko. Izan ere, 'Fakirra' esaten zioten Antiguako kantariari. Hura ezagutu zuten lagun askorekin mintatu ostean –«oso ondo pasatu dut batzuekin eta besteekin hizketan»– idazketari ekin zion. Guztiz aldendu nahi izan du kronikatik eta fikzioaren arlora pasatu da behin eta berriz. 'Twist' entzutetsu haren osteko lehen nobela du donostiarrak. Eta narrazio laburren aldetik hainbeste nabarmendu den idazle honen ipuin-antologia ere hor egongo da Durangon: 'Mecanografiak' (Txalaparta).

Pako Aristik hogei urte zeramatzan eleberririk plazaratu gabe. Orain hurrengo, 1998an, 'Urregilearen orduak' burutu zuen. Duela gutxi 'Rosa itzuli da' (Erein) aurkeztu du, espetxean hogei urte egin dituen ETAko kide baten etxeratzea kontatzen duena.

Katixa Agirrek 'Amek ez dute' plazaratu du, hau ere eleberria. Sorkuntza, idazketa, amatasuna… horiek dira narrazioaren ardatzak. Narratzailea emakume idazle bat da, duela gutxi erditu dena, eta deskubritzen duena ezaguna duela bere ume bikiak hil dituen emakumea.

Genero beltzera pasatuz, hor ditugu bi idazle sekulako tiradizoa dutenak. Alberto Ladron Arana nafarrak 'Film zaharren kluba' (Elkar) plazaratu du, aurrekoen aldean berrikuntza nabaria duena: Foruzaingoko Asiain inspektoreak eszedentzian dagoela egin beharko dio aurre parean egokitu zaion krimenari. Eta Jon Arretxe bizkaitarrak 'Ez erran deus' atera du, oraingoan Toure Nafarroako Pirinioetan dagoelarik, artzain lanean, etsaien ezkutuan.

Genero beltzera pasatu da Edorta Jimenez bere 'Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua' (Txalaparta) liburuarekin. Aurretik, 1999-2007 epean, 'Piztien itsasoa' trilogía landua zuen. Nobela berriko protagonista 'Camboya' ezizeneko ertzain bat da, erretiratuta dagoena eta, lagun bati laguntzeko, kasu ilun bat argitzeari ekingo diona. Estoldetan lan egina da ertzain hori, eta nobelak horixe erakusten du: ustelkeria eta tortura, eta Ertzaintzaren pilotakada batekin hildako gaztea, besteak beste.

Iñaki Irasizabalek –hau ere genero beltzeko beteranoa– 'Aramotz' (Elkar) kaleratu du. Droga trafikatzaile baten hilketarekin zerikusia daukaten gazte batzuek ihes egiten dute mendi aldeko paraje bakarti batera, hara hor abiapuntua.

Baina eleberrigileen zerrenda luzea da. Toti Martinez de Lezeak gaztelaniaz idatzi ohi du, baina batera ateratzen ditu jatorrizko bertsioa eta euskarazko itzulpena. 'Malkoak lur antzuan' (Erein) plazaratu du oraingoan, Extremadurara garamatzana. Batetik, 1936ko gerra zibil garaiko hango familia pobre baten egoera kontatzen du, bestetik familiaren hurrengo belaunaldiko kide batena, Bilbo aldean bizi dena eta 1950. hamarkadako huelga haietako batean parte hartuko duena. Bi garai horietako langileen bizimodu latza agertzen duen liburua da.

Joseba Lozanok, berriz, nobela historikoa eta thrillerra uztartu ditu bere hirugarren eleberrian: 'Larrutik ordaindua' (Alberdania). 1871n dago kokatua istorioa, Paris setiatuan, Komunak agintea izan zuen hilabeteetan. Emakume protagonistak hiltzaile bat aurkitu beharko du.

Xabier Etxeberriak 'Berriro itzuliko balitz' (Elkar) eleberria atera du. Hau du abiapuntua: Karlos Jaso jazz musikari iruindarra Heinsborg izeneko uharte txiki batera joan da bizitzera, Danimarkan, Maddi bere alaba jaioberriarekin. Bertakoa zen Karlosen emazte eta haurraren ama, Ejda, baina hura hil berria da eta berak bakarrik egin beharko die aurre hainbat arazori: ume txiki bat zaintzea, lana bilatzea, inguru arrotz batean nola hala egokitzea…

Yoseba Peñaren 'Hariak' (Susa) nobelako protagonistak emakume batzuk dira. Irenek 1936ko gerra baino lehenagoko borroka batzuetan murgiltzen da; Xexilik, berriz, frankismo garaia bizi du; eta Olatz 1970eko hamarkada aktibista da.

Irati Elorrietak 'Neguko argia' (Pamiela) plazaratu du, Bi adiskide ditu protagonista. Puzzle gisako kontakera erabili du eta porrota erresistentzia eta hiesa bezalako gaiek zeharkatzen dute nobela.

Joanes Urkixok 'Ekaitza urrun' (Erein) plazaratu du. Espainiako Gerra Zibileko pasarte bat berreskuratu du bizkaitar idazleak, ezaguna, baina literarioki sekula ukitu gabea: 1936ko azaroan, Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko Bilbon, Francorentzat espiatzagatik epaitua eta fusilatua izan Wilhelm Wakonigg austriar jatorriko kontsul-ohi eta negozio-gizonaren gorabeherak. Horretaz aparte, hura zelatatzea tokatu zitzaion fikziozko ertzainaren historia eraiki du Urkixok.

Alaine Agirrek liburu benetan berezia plazaratu du, 'Kamisoi zuri zetazkoa', Sara Moranteren ilustrazioak dituena, baina helduentzako nobela, hala ere. Pederastia kasu bati kontatzen du; «neskatoak ez daki pederastak zer egingo dion, irakurleak bai».

Joxean Agirreren 'Ispiluak eta itsasoak' eleberri laburrak orain dela bost hamarkadako Zestoako bainuetxera garamatza. Bi protagonista ditu: Aizarnako neska bat, hantxe lanean ari dena, eta bertatik bainu hartzera pasatu ohi den ispilu saltzaile frantsesa. Harreman anbiguo bat sortzen da bien artean.

Ipuingileak ez daude geldi. Aritz Gorrotxategik 'Ahazten diren gauzak' (Erein) plazaratu du, non zenbait lehiaketatan sarituak gertatu diren testuak, eta bestelako narrazio batzuk batu dituen, konstanteetako bat oroimena delarik. Iban Zalduaren bilduma berriak hilabete dezente daramatza dendetan –'Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak' (Elkar)–, baina Durangon ere piztuko du jakin-mina.

Iñigo Aranbarrik, aldiz, 'Munduko tokitik ederrrena' (Susa) atera du, eta hauxe da ipuinaren generoan egiten duen duen sartualdia. Memoriaren eta gaurko egunen artean badago beste espazio bat Aranbarrirentzat: atzoa. Eta hor kokatu ditu liburua osatzen duten hamar narrazioak.

Bestalde, Farmazia Beltza argitaletxe sortu berriak bi testu labur dakartzan liburua plazaratu du: Garbiñe Ubedaren 'Asteburu zuri bat' eta David Zapirainen 'Usainak'.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos