«Nahi nuke truko bat ikasi plaza-gizonago izateko»

Garai desberdinetako hamar kantu bildu ditu Ruper Ordorikak disko berrian./USOZ
Garai desberdinetako hamar kantu bildu ditu Ruper Ordorikak disko berrian. / USOZ

Ruper Ordorika bakarka jardun izan da azkenaldian, eta bakarkako diskoa plazaratu du orain. Ostiral honetan Zegaman kantatuko du, hilaren 16an Zumarragan

FELIX IBARGUTXI

Azken bi urteotan bakarkako saio batzuk egin izan ditu Ruper Ordorikak. Ahotsa eta gitarra, besterik ez. Bolada horren emaitza da 'Bakarka' disko berria, non hamar kantu entzun daitezkeen, garai desberdinetakoak. «Hasierako asmoa zen zuzeneko emanaldi batzuetan grabatzea, azkenean estudio batean grabatu ditut, entzulerik gabe, gaur bi kantu, hurrengo astean lau, kantu bakoitza hiruzpalau aldiz grabatu dut, eta zailena kentzea izan da», esan zuen atzoko aurkezpenean. «Asko ibilitako kantuak» aukeratu omen ditu, eta ez dago ale berririk.

–Epe oso zabala hartzen du disko honek.

– Bai, dadaude 1980ko lehen diskoko lantu batzuk. Beraz, 38 urte.

– Aurkezpen ekitaldian esan duzu orain jendea harritu egiten dela Ruper gitarrarekin soilik ikusita. Talde-argazkiak indar handia du, nonbait. Baina zure lehenengo urteetan gitarra baizik ez zen egongo, ezta?

– Nik, taldea, lehenengo diskoa ateratzeko osatu nuen, 1980ko 'Hautsi da anphora'. Etxean, beti jotzen nuen gitarra, eta orain ere bai.

– Kantuak sortzeko tresna gitarra duzu, beraz.

– Bai, gitarrarekin ontzen ditut abestiak. Hala ere, mutikotan bateriarekin hasi nintzen. Gasteizen bizi nintzen artean eta hango batek utzi zidan bateria. Baina hori ez zen batere praktikoa, eta gainera nik kantua maite nuen, nahiz neure burua ez nuen ikusten horretarako gai. Lehenengo jendaurreko agerpena, nik uste, hamabost urte nituela izan zen. Gasteizen bizi zen bergarar batek jakin zuen bazegoela oñatiar bat gitarra jotzen zuena, eta deitu zidan. Bazegoen Gabon kanta sariketa bat Gasteizen eta berak nahi zuen kanta debekatu bat kantatu, Mitxel Labegerieren 'Haurtxo haurtxoa'. Irabazi egin genuen, bide batez. Epaimahaiak, noski, ez zekien euskararik batere.

–Gogoan duzu bergarar haren izena?

– Bai, Iñaki Mozos. Zuberoako pastoralei buruzko lan batzuk publikatu ditu. Egun hartako argazkiak badira, harrigarria bada ere. Gero bera unibertsitatera joan zen ni baino lehenago, eta bakarrik gelditu nintzen. Ordu arte, nik nire sasoiko gauzak nituen gustuko: bluesa, mundu anglosaxoia. Baina Labegerieren single horrekin deskubritu nuen euskaraz bazegoela nire sasoiko gauzak egiteko modua; gainera, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Xabier Lete Oñatin ikusteko abagunea izan nuen. Banan-banan azaldu ziren, nik sekula ez nuen Ez dokAmairu ikusi.

– Sekula izan al zenuen gitarra- irakaslerik?

– Ez. Orain aurkezpen honetan izan da Oñatiko gizon bat... hura hartuko nuke nik irakasle. Baina beno, gero oso bestelako mundu batera dedikatu da. Esate baterako, 'Fas fatum' eta horiek berak utzitako Fender gitarra batekin grabatu nituen.

– Atentzioa ematen du oraingo honetan zure lehenbiziko disko hartatik kantu dezente sartu dituzula. Normalean, artistek zalantza gehiago izaten dituzte beren lehenengo emaitzen aurrean.

– Nik ere bai izan ditut zalantzak. Esango nuke erdi-kasualitatez sartu direla. Baina harrigarria da nola 'Herdoilarena' eta 'Fast fatum' bezalako kantu batzuk nola mintzo diren gaurko hizkuntzarekin. Horrek 'Etiopia'-ra eramaten gaitu. Baina orduan zalantzak zeuden. Zu bezalako batzuek esaten zenidaten: testuok izango al dute tokirik euskal kantagintzan? Zer gertatu da? Poesia hori gaurkotu dela? Harrigarria da zer gertatu den aspaldiko kantu horiekin; oso barruan dauzkat eta modu askotara jo ditzaket.

– Zure kantuetan ahotsa nagusitzen da beti. Musikak ez ditu letrak estaltzen.

– Horrela da, bai. Asko landu dut ideia hori.

– Lehendik topatzen hain erraza ez zen kantu bat bada bilduma honetan, 'Lagunaren heriotza' delakoa. Mikel Errazkinen oroimenezko disko batean plazaratu zen, esan duzunez. Luigi Anselmiren letra dauka, eta orain pentsatzen jarrita, kantu horrek balio lezake Luigiren adiskide bat despeditzeko ere, lehengo udan hil zen Txema Larrea.

–Bai, Txema Larrearen despedida-ekitaldian kantu horixe kantatu nuen. Horretarako da. Poema hori, Anselmiren 'Nola elurretan beleak' liburua irakurtzen hasi orduko ikusi nuen behar nuela hartu kantua egiteko. Horrelako testuak behar ditugu ordezkatzeko liturgia ohikoa.

– Orain dela gutxi Mallorcan izan omen zara. Sarri ateratzen zara Euskal Herritik kanpora?

– Noizean behin. Bakarka jardun ezkero errazago da, zeren, dakizun bezala, musika zirkuituak lur jota daude. Eskaerak bakarka kantatzeko, batez ere, beste hizkuntza bat egiten den lurraldeetatik izaten ditut: katalanez mintzo diren herrietatik, galegoz mintzaten direnetatik, Madrildik ere bai... Urtero egiten ditut horrelako batzuk, bakarka. Horrelako tokietan, nire kantua mintzo egiten da, nahiz eta ez duten euskara ulertzen.

– Diskoan ikusi dudanze, batzuetan letra pixka bat aldatu egiten duzu kantatzean. Seguru asko, testuak zuretzat ez dira gauza itxi bat.

– Luigi Ansekmiren olerki horri aldaketa txiki batzuk egiten dizkiot kantatzean, bai, hori hala da. Baimena eskatu ohi diet egileei. Batzuetan neure burua erreprimititu behar izan dut, atxikitzeko testuari. Zuzenean errazki egiten ditut aldaketatxoak, baina diskoetan ez.

– Zure lehenbiziko diskoko testuak Bernardo Atxagaren 'Etiopia'-tik hartuak eta moldatuak izan ziren. Azkenaldian haren testurik ibili al duzu? Badakigu gehienbat zeure testuak musikatzen dituzula.

– Atxagarenik ez dut ibili azken urteotan. Gainera, ez du aspaldian poesia libururik argitaratu. Baina zer diren gauzak, lehen esan dizudana: aspaldiko Atxagaren testu haiekin egindako kantuak hor daude, batetik bestera. Beti esaten dut: poema on batzuek ez dute kantu bihurtzeko balio. Poema on batek ez du derrigorrez kantu on bat egiten. Halako identifikazio bat behar da kantariaren eta testuaren artean, Luigi Anselmiren kasu horretan gertatu zen bezala.

– Bilduma honetan leial izan al zara hasierako bertsioekiko?

– Neure modura. Tonuak eta tenpoak pixka bat aldatzen dira batzuetan. Taldean jo ezkero, nik esaten dudan bezala, beste frekuentzia batean sartzen zara, beste giro batean, eta horrek agian behartzen zaitu tonua igotzera. Eta, aldiz, bakarka igual esaten duzu: hemen ozenegi ari naiz.

– Bakarka jardun zaren bolada honetan, taldearen babesik gabe, sentitu al duzu oholtzako bertigorik?

– Hori beti! Tamalez. Nahi nuke truko bat ikasi plaza-gizonago izateko, baina, dena dela, denboraren poderioz gero eta gehiago maite dut jendaurrean aritzea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos