Nagore Laffageren hilketaren inguruko filma ikusgai izango da sarean

Uztaileko lehen bi asteetan ikusi ahalko da modu irekian Helena Taberna zinemagilearen 'Nagore' filma; 2008ko San Ferminetan hil zuen Erizaintzako ikasle gaztea Jose Diego Yllanes psikiatrak

DVDonostia

Hamaika urte igaro dira Jose Diego Yllanes psikiatrak Nagore Laffage hil zuenetik. 2008ko San Ferminetan gertatu zen eraso matxista, Irungo gaztearen tortura eta hilketa izan zituena ondorio, erasotzaileari aurre egiteagatik. Iaz, 2018an, Helena Taberna zinemagileak 'Nagore' filma sortu eta aurkeztu zuen, gertatutakoaren inguruan pentsarazteko. Aurten, uztaileko lehenengo bi asteetan, sarean izango da ikusgai, formatu irekian, «festa ereduaren inguruan hausnartzera animatzeko».

2016ko San Ferminetako bortxaketaren sententziarekin bat egingo du ikus-entzunezkoa ikusteko aukerak, Erizaintza ikaslearen heriotza bortitzaren inguruko kontakizuna baliatuta.

Zuzendariaren webgunean azaltzen dutenez, dokumentalean parte-hartze garrantzitsua du Nagoreren amak, Asun Casasolak, benetan emakume adoretsua izaki, berak eramaten baitu istorioaren hari nagusia.

«Film luze honek biktimaren familiakoen zein lagunen testigantzak jasotzen ditu, baita prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegiak ere: fiskala, alde bietako abokatuak eta genero indarkeriaren kontrako kolektiboetako ordezkariak, besteak beste. Horrez gain, filmak artxibo-material interesgarria ere biltzen du, krimenaren berreraiketaren irudiak, eta baita epaiketaren atal ezberdinak ere, Espainia osoko hedabide ugarik zuzenean jarraitu zuten epaiketa», azaltzen dute webgunean.

Tabernaren beste film batzuk dira '87 cartas de amor' (1992) eta 'Nerabe' (1995) film laburrak, 'Alsasua 1936' (1994) eta 'Herrikolore' (1996) bideoklipa zuzendu zituen, 2000. urtean 'Yoyes', bere lehen film luzea sortu aurretik. 'Extranjeras', 'Berri ona' eta 'Acantilado' ere egin ditu geroztik.

Temas

Euskera