Nabigatzen diren basamortuak

Motor-gidari bat hareazko ozeanoan./FRANCK FIFE/AFP
Motor-gidari bat hareazko ozeanoan. / FRANCK FIFE/AFP

Datorren ostegunean bukatuko da motorren, kamioien eta kotxeen munduko lasterketarik famatuena: Dakar. Sinetsi ala ez, amaitu ahal izateko ez da ezinbestekoa fin gidatzea, ederki nabigatzea baizik

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Kontu jakina da egun mugarik ez duen hainbat hareazko mortu, behinola, ia denbora existitzen ez zeneko garaian, itsaso zabala izan zela. Beraz, ez da kongruentziarik eza esatea urte honetako Dakar lasterketa paregabeak dituen 5.000 kilometro horietako %70 gainditzeko nabigatzen jakin behar dutela 534 parte hartzaileek.

Hondarrezko itsasoak. Peru barrenean. Peruko dunetan zehar. Hareazko mendien magaletan. Magaletan eta tontorretan. Pazifikoko kostaldean hasten dira hareatzak. Pisco probintzian. Bai, Piscon. Bertakoa da Andeetako pattar apartekoa. Angosturarekin, azukrearekin, zuringoarekin nahasiz gero, mundu osoan famatua den 'pisco sour' koktela izango duzu basoan.

Pisco probintzian ekin zioten hilaren 7an lasterketari partaideek. Icakoa eta Nazcakoa ere zeharkatuko dituzte. Azken honetan espaziotik etorri behar omen zuten izaki jainkotarrentzako marrazturiko irudiak eta lerroak daude. Erraldoiak. Garai ezezagun batekoak. Zeru goienetik baino ikusten ez direnak.

Dunetan barna 337 kotxe, motor, kamioi, quad. Muino Zuria eta Duna Handia (hori bezalakorik ez planeta osoan) begiztatuko dituzte martxan direla. 10 etapa baino besterik ez da 2019 honetan. Joandako urteetan, ordea, 14 izan dira. Baina antolatzaileen esanetan, aurtengo Dakarrak Afrikan egiten zeneko garai mitiko horien zailtasun bera du. 5.000 kilometro horietatik 3.000 kronometropean burutuko dira. Ziento izango dira pistetatik at eta aipaturiko %70a, hondar gainean. Egin ezazu kontu, gidari, pistetatik kanpo zaudenean, dunetan gora zoazela nabigatzen jakin behar... Bestela, jai duzu.

Nabigatzen. Hareetako kapitain pilotu bazina bezala. Iparrorratzaz. Sestantez.  Zeure lerroak marraztuz zeurea eta ez beste inorena den mapan. Nabigatzen. Bi edo lau gurpil gaineko marinela bazina modura. San Juan de Marconatik Gizaki askeen hiri heroikoa deitura hartu zuen Arequipara. Lur-motor nabigazioarekin. 534 parte-hartzaileek. 167 motor. 126 kotxe. 41 kamioi. 17 emakume. 2 euskal herritar.

Atzo deskantsua izan zuten pilotu guztiek. 24 orduko etena. Igande honetan ekin behar diotelako etaparik beldurgarrienetarikoari. Arequipatik bueltatu behar dute San Juan de Marconara. Meatze-herria dugu Marcona. Burdinezko lurra. Bada baita herri arrantzalea ere. Kostan, Humboldten pinguinoa bizi da.

839 kilometroko ibilbidea. Erdi maratoia kasik. Bigarren aukera (eta azkena) arazo mekanikoak izan dituzten horientzat, lasterketan berriz sartzerik izango baitute. Garaipena konkistatzen hasteko beta ikaragarria gutxi batzuentzat. Bizirik edo martxan irautekoa besteentzat.

Besoak zabalik, Jesus Calleja abenturazalea eta, istripu arin bat izan ondoren autoa hondarretatik ezin aterata, Eduardo Blanco pilotua. Argazkia urtarrilaren 11koa da.
Besoak zabalik, Jesus Calleja abenturazalea eta, istripu arin bat izan ondoren autoa hondarretatik ezin aterata, Eduardo Blanco pilotua. Argazkia urtarrilaren 11koa da. / FRANCK FIFE / AFP

Dakarra. Hondarrezko mendietan barna. Kotxe, motor eta kamioi-fabrikatzaileentzako erakusleiho berdingabea. Nahiz eta espioitza industrialarekin kontu handiz ibili behar den. Izan ere, enpresa askok modelo berriak probatzen dituzte lasterketa honetan. Adibidez, Toyotak bere Hilux darama, Kamazek lau kamioi berri aurkeztuko du eta Minik Bugi X-a prestatu dio Carlos Sainzi.

Denon begi-bistan izango dira, bai. Baina matxuraren bat izanez gero, erabateko hondamena suertatuz gero, espioien ehizaki kategorixekoak lirateke. Beraz, ez dute inoiz ez, inola ere ez basamortuan abandonatuko, suntsitu baizik. Birrindu baizik. Joandako urteetan, soldatapeko ehiztariek gauaren itzalen babespean, lapurtzen zituzten bertan behera utzitako kotxeak edo motorrak eta laborategi industrial sekretuetara eraman. Horrela, merkatu-lehiakideak zure teknologiaren jabe bihurtzen ziren.

Dakarra. Abentura. Industria. Merkatua. Lehia. Dirutza uzten du ibilbidean zehar. Baita kutsadura ere. 15.000 tona karbono dioxido isuriko dute 10 egunotan makinek. Paradisuak diren lurretan. Horrexegatik bertako asko kontra agertu dira. Gogor, sutsu. Antolatzaileek, euren burua zuritu nahian, Madre de Dios izeneko Amazoniaren esparru arras garrantzitsua babesteko diru laguntza ikaragarriak eskaini dituzte.

Dakarrek ospea dakar. Dakarrek harriabarra dakar. Dakarra argi-iluna da. Baina Peruk behar ditu hedabideek eskainitako minutu bakoitza, irudi bakoitza, lerro bakoitza. Partaideek gastatuko duten dirutza galanta. Dakarra. Berriro ere. Berrogeita batgarrenez .

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos