Secciones
Servicios
Destacamos
nerea azurmendi
Sábado, 17 de julio 2021, 13:09
Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.
Compartir
Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta irakasle beasaindarrarentzat ez da berria Zarauzko Udalak antolatzen duen Basarri Bertsopaper Saria irabaztea. Milurteko hasieran lortu zituen sariei gehitu behar zaizkie, alegia, hamabi urteko isilaldiaren ostean 2015ean itzuli zenetik irabazi dituen lehen eta bigarren sari ugariak. Guztira 12 bertso-sorta saritu dizkiote eta, aurtengoarekin, zazpi bider jantzi du txapela. Hala ere, zazpigarrenaren inguruan gertatzen ari zaiona oso berezia dela dio. 'Mingarri den bitartean' sorta sarituak, hain zuzen, lehiaketaz haragoko eragina izan du eta, aspaldiko partez, bertso jarriak eraman ditu ohiko mugak gainditzera.
– Ez diezu sekula muzin egin gai gordinei, baina 'gaia'-ren inguruan idatzi dituzun bertsook eman dute aparteko zeresana.
– Bai, 2015ean berriro idazteari ekin nionean argi izan nuen ezinbestean zeharkatzen gintuzten gaien inguruan ariko nintzela. Idatzi dut suizidioaz, etxegabetzeez, transexualitateaz, bullingaz, etorkinen egoeraz... Entzutea asko gustatzen zait, eta saiatzen naiz ikasleen larruan jartzen. Haien testigantza eta bizipenetan oinarrituta idatzi dut askotan, baina azken bertso hauek idatzi ditut barru-barrutik, txikitatik izan dudalako jarrera irmoa giza eskubideen aurrean.
– Zeure minetik abiatu zara?
– Giza eskubideen urraketak, modu batekoa izan edo bestekoa, min egin dit beti. Min handia eragiten zidan eta dit ETAk herritar bat hiltzea; gure herriko zinegotziek bizkartzainak eraman behar zituztela ikusteak; tortura kasuek, egunotan entzuten ari garen testigantza ikaragarriek, esaterako; 41 urte igarota Naparra non dagoen ez jakitea; haur motxiladunen egoera... Horrek guztiak galdera eta min asko eragiten dizkit, eta ahotsa jartzeko beharra sentitu nuen, kantatzekoa eta, batez ere, entzutekoa. Oso inportantea da min horiek jasan dituztenek nola bizi dituzten entzutea. Nik egin dezakedana da salatu, sortu eta pausoak eman entzuteko, zama arintzeko eta min horiek errepika ez daitezen ahalegintzeko.
– Edonola ere, ohikoagoa da oinazetik ihes egiten saiatzea minean murgiltzea baino.
– Bai, iruditzen zait gizarte honetan alde horretatik oso mutu, isil eta lokartuta bizi garela, nor bere minetan itxita, gutartasunean gogortuta... Erabilera politikoa ere egiten da, eta nik uste dut horren gaindi egon behar duela gai honek, erabateko adostasuna behar baita giza eskubideen urraketen aurrean. Pausoak emango baldin baditugu, besteekin eman behar ditugu, eta ahalegina jarri behar dugu lagunak egitean, eta ez hainbeste etsaiak.
– Hori guztia egin behar da 'Mingarri den bitartean', berandu baino lehen?
– Minak mingarri izan behar du. Isiltzen baldin bada ere, min izaten jarraituko du. Galderak isildu egingo ditugu, baina eragingo digute urtetan eta urtetan eta urtetan. Argi ikusten da hori memoria historikoaren kasuan. Gerra Zibileko gertaera eta bizipenak isildu egin dira urtetan eta urtetan, ez dakit zeren izenean, min berriak ez sortzeko agian. Hala ere, ikusi dugu hura jasan zutenek ze beharra, ze ezinbestekotasuna zeukaten eta daukaten hil aurretik hori kanporatzeko.
– Denboran hurbilagokoak ditugun minetara jo duzu, modu nahikoa garden eta gordinean.
– Gaiaren inguruan betidanik kantatu eta idatzi izan dut. Orain dela hogei urte Baserri Sarian bertan landu nuen, niretzat ez da berria, baina oraingo honetan agian oso barrutik idazten saiatu naiz, metafora gutxiagorekin, nahiz eta badauden, jakina, baliabide literarioak. Azkeneko sorta honetan tabu izaten jarraitzen duten gai bat jarri dut erdigunean. Ez diogu beldurrik izan behar ETA edo GAL idazteari, min guztiei eman behar zaie ahotsa. Nik oso argi daukat benetako mina batez ere besteena dela, besteen minarekin ere osatu behar dugula memoria. Nire ustez memoriak eraikitzailea izan behar du, ez arrakalak sortzeko tresna.
– Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Haritz Mujikak osatutako epaimahaiak, bertsoen kalitateaz gain, «diskurtsoan egindako ekarpena» saritu du. Beste iritzi asko ere jaso dituzu. Harritu zaitu harrerak?
– Harrigarria eta eskertzekoa izaten ari da. Mezu asko ari naiz jasotzen oso sentsibilitate desberdineko jendearen aldetik, gehienak ezezagunenak. Ederra da ikustea zenbaitek hartu duten denbora bertsoak irakurtzeko, aztertzeko eta gero helarazteko sentitutakoa eta beraien esker ona. Seinale bazegoela gauzak horrela idazteko eta adierazteko beharra... Gainera, gauza desberdinak azpimarratzen dituzte, eta ikusten duzu denen artean bertso-sorta osoa salbatzen dutela. Hori oso pozgarria da niretzat.
– Martxoan, Irati Goikoetxea arrebak 'Herriak ez du barkatuko' eleberria argitaratu zuen, 2019ko Igartza Saria irabazita. Aurkezpen hartan, «minaren kontzientzia izatea da elkarbizitzarako lehen pausoa» esaldiarekin gelditu nintzen. Gauza asko partekatzen dituzue.
– Etxe berekoak gara, garrantzi handia ematen diogu biok biktima guztien, nik esango nuke bitima bakoitzaren, mina erreparatzeari. Idazten ari zen bitartean, asko hitz egiten genuen liburuaz eta gero, irakurri nuenean, izugarri gustatu zitzaidan. Minaz oso gutxi idatzi da: zer sentitzen den, nola bizi den, nola ematen diren pausoak besteen minak ulertzeko... Bertso-sorta sortzeko oso lagungarria egin zait, eta oso eskertzeko daukat, arrebaren liburua.
– Sari honek lortu duen oihartzunak balioko du bertso jarrien inguruko interesa biziberritzeko? Bistakoa da ezin dutela garai bateko funtzioa berreskuratu, baina lehiaketetara mugatuta daudela dirudi.
– Horrela da, zalantzarik gabe, eta pena handia ematen dit zabalkunderako bide bakarra hori izatea, eragile desbedinen aldetik ez delako ahaleginik egiten bertso jarriei zabalpena emateko, nahiz eta sarietara aurkezten direnen artean kopurua eta maila indartsuak izan. Ikastetxeetan, esate baterako, oso interesgarriak dira, eremu askotan landu daitezke. Ni euskara irakaslea naiz, eta gai asko lantzen ari naiz bertso jarrien bitartez. Sortzaile bezala ere aukera asko eskaintzen dituen formatua dela uste dut.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.