Musika dokumentalen jaialdiaren «ediziorik hausnartuena» izango da aurtengoa

Besteak beste, 'Camarón: Flamenco y Revolución' dokumentala ikusteko aukera izango da/
Besteak beste, 'Camarón: Flamenco y Revolución' dokumentala ikusteko aukera izango da

Dokumentalak, kontzertuak, musikaren eta irudiaren inguruko mintegi bat eta zinema eta zuzeneko musika eskainiko ditu Dock of the Bay-k

Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdiaren 12. edizioa urtarrilaren 7tik 12ra egingo da, eta antolatzaileek iragarri dute «ediziorik hausnartuena» izango dela 2019koa. Jaialdiak hiriko hainbat egoitza hartuko ditu, eta 19 dokumental, hiru kontzertu, musikaren eta irudiaren inguruko mintegi bat eta zinema eta zuzeneko musika batuko ditu.

Horrela, antolatzaileek esan bezala, jaialdiaren izaeraren eta norabidearen inguruko gogoeta sakona egin ostean, «ediziorik hausnartuena» izango da, eta «hitzordu erakargarria izaten eta aurrera egiten jarraitzeko moduko programazioa» osatu dute.

Hala azaldu du Eva Rivera jaialdiaren zuzendariak, Donostiako Victoria Eugenia antzokian Donostia Kulturako Zinema saileko arduradun Josemi Beltranekin eta Gipuzkoako Aldundiko Liburutegi eta Kulturaren Sustapena Saileko zerbitzuburu Patxi Presarekin batera emandako prentsaurrekoan.

Aurtengo edizioan, nazioartean dozena bat sari baino gehiago jaso dituzten 19 dokumental aurkeztuko ditu Dock of the Bay jaialdiaren programazioak. Filmak Trueba zinema aretoan eta Antzoki Zaharrean proiektatuko dira.

Sail Ofizialaren inguruan, jaialdiaren zuzendariak «formatu narratibo berrien garrantzia» nabarmendu du, bai eta euskal dokumentalen estreinaldiak eta edizio honetan emakumezkoek egindako zinemak duen indarra ere. Zentzu horretan, gogorarazi du lehian dauden hiru filmek dutela emakume zuzendaria eta sei dokumentalek dutela emakume protagonista.

Dokumental Onenaren Saria, Publikoaren Saria eta Gipuzkoako Aldundiaren Saria eskuratzeko lehiatuko diren bederatzi pelikulez gain, Perfect Day sailak nazioarteko dokumental esanguratsuenak jasoko ditu. Zazpi film aurkeztuko dira, besteak beste, 'Matangi, Maya, M.I.A.', 'My Generation', 'Rudeboys a story of Trojan Records', 'Studio 54' eta 'Camarón: Flamenco y Revolución'.

Sail berria

Bestalde, Dock of the Bay jaialdiak Dock Live sail berria aurkeztu du 12. edizioan, zuzeneko musika entzunez filmen proiekzioekin gozatzeko aukera emango duen atala.

Tabakalerarekin eta Kultxa Kultur Klubarekin elkarlanean, Jatorrizko Soinu Banda zikloak zuzeneko musika eta proiekzioak batuko ditu.

Gainera, La Habitación Roja taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du taldeko abeslariak Norvegian duen bizitza bikoitza deskribatzen duen 'In the Middle of Norway' film labur dokumentalaren proiekzioaren ondoren.

Dokumentalez gain, filmen analisiak ere lekua izango dute. Amaitzeko, musika ez da faltako jaialdiari jai giroa emateko, Dabadaban Dabadock! saioekin: King Khan and Bbq Show taldearen kontzertua eta jaialdi amaierako festa, Sugar & Spice, Miqui Puig eta Arbi Squas disko jartzaileekin. Convent Garden aretoko Kriptan ospatuko den Keler Dock jaiak Axel Casas Donostiako disko jartzailearen emanaldia hartuko du.

Temas

Euskera