ZEID FEST, «musika eta gizarte ekitaldi handienetako bat» bilakatzeko sortua
Egun osoko musika jaialdia apirilaren 2an egingo da BEC-ek, eta Gatibu, Zetak, Los Chikos del Maiz eta beste zenbait talde baieztatuta dauzkan zerrendak zabalik jarraitzen du, parte-hartzaile gehiagoren zain
m. imaz
Asteartea, 11 urtarrila 2022, 13:11
Zetak taldearen 'Zeinen Ederra Izango Den' abestiak eta pandemiak lotura estua dute, 2020ko konfinamenduan sortu baitzuen hilabete batzuk lehenago, 2019ko azaroan, Pello Reparaz nafarrak Vendettarekin egindako hamarkada itxi ostean abian jarri zuen Zetak taldeak. Taldeak zein kantak harrera izugarri ona izan zuten eta 'Zeinen Ederra Izango Den' kantak itxaropenari eusten lagundu zien askori garai zail haietan. Arrakasta handiko abesti bilakatu ostean, musika jaialdi berri bati eman dio izena: Zeinen Ederra Izango den FEST-i, alegia.
«Guztiok elkarrekin lan egiten dugunean zer egiteko gai garen» erakutsi nahi duen jaialdia Zetak-ek eta Panda Artitst Management-ek antolatu dute, Xabi Uribe-Etxebarria ekintzaile eta enpresa-sortzailearen laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Apirilaren 22an egingo da BEC-en, eta antolatzaileek adierazi dutenez «dagoeneko Gatibu, Zetak edo Los Chikos Del Maíz bezalako taldeek bere partaidetza baieztatu dute». Iseo&Dodosound, Zoo, ETS, Maria Arnal eta Marcel Bagés, Sua eta Adrianna Gaultier ere badaude zabalik jarraitzen duen eta osatzen joango den zerrendan.
Denentzako topagunea
«Mundu guztiarentzako topagunea izatea du helburu» jaialdiak eta, arduradunek azaldu dutenez, «herri txikia izan arren, Euskal Herrian horrelako gauza handiak egiteko gai garela erakusten duen erakustaldia izango da». Hain zuzen ere, «kanta soil bat bezala hasi zena, proiektu handi bat, gizarte osoarentzako jaialdi bihurtu da», eta ekitaldia urteroko hitzordu bihurtzea nahi dute. «Jendea ohitu dadila apirileko lehen larunbat guztietan lagunekin hitzordu bat izatera, Whatsapp talde osoa batzen duen jaialdia bezalakoa», alegia.
Momentuz, harrera ona izan du ZEID FEST-ek, «ekitaldiaren lehen iragarpenarekin 2.000 sarrera» saldu baitziren. Hemen daude salgai sarrerak, 28 euroren truke. «Zeinen Ederra Izango Den FEST musika gure jendearekin elkartzeko aitzakia izatea bilatzen du, non guztiok esperientzia paregabeaz gozatuko dugun, baikortasun eta zoriontasun uneak inspiratuz eta kolektibitatea, osotasuna, pasioa, dibertsioa eta aniztasuna bezalako balioak sustatzen dituena» diote sustatzaileek, gogoratuz apirilaren 2an, «egun osoan zehar, mota guztietako kontzertuez gozatzeko aukera» izango dela. Ziur daude, alegia, jaialdi berria «Euskal Herriko musika eta gizarte ekitaldi handienetako bat» izango dela aurten eta datozen urteetan.