Xabi Bandini: «Dena era islatuan proposatzen da, testuingururik gabe, pornografikoa da»
Kerobia taldeak 'Poliorkêtês' diskoa aurkeztuko du larunbatean Donostian, sorkuntzak denbora behar duela aldarrikatuz
Esentzia izan eta mantentzen duten taldeek beti dute beste ukitu bat. Hala da Kerobiaren kasuan eta haien adierazpenetan nabaritzen da. Sorkuntza aldarrikatzen du Xabi Bandinik, diskoa osotasun modura eta honi «denbora eskaintzea». Hala ondu dute 'Poliorkêtês', larunbatean Donostian aurkeztuko dutena, eta hala entzutea eskatzen dute. Argi dute, eta horrela erosoago dira, Kerobia «musikaren negoziotik kanpo» dela
– Urte eta erdiko prestaketa izan du diskoak. Ohikoa da zuengan, gauzak lasai eta su motelean egitea defendatu izan baituzue. Abesti bakoitzari, proiektuari, behar zuen denbora emateko modua izan da?
– Iruditzen zaigu oso erraz ahazten dela lan on bat egiteko, istorio on bat kontatzeko, denbora dela faktore inportanteena. Horregatik ari gara esplikatzen urte eta erdiko lan bat dela. Kantu bakar bat egiteko ez dakit zenbat denbora behar den, baina disko bat egin eta istorioa eztabaidatzeko, taldean zein Maite Gurrutxaga ilustratzailerekin eta bestelako jendearekin, denbora behar da. Ez da Kerobiaren inbento bat. Asuntoa da ematen duela ahaztu egiten dugula.
– (...).
– Azken urte luze hauetan talde edo artista bat denbora ematearen kontua eta mezu edo istorio bat planteatzeko proposamenarekin datorrenean, konfrontatzen du zuzenean musikaren negozioarekin. Denak behar du azkar, indibidual, mezu gutxirekin eta erantzun azkarrarekin. Berdin dio. Noski, despliege hau egiten dugunean badakigu emaitza ona dela denbora eskaini diogulako. Eta jendeari ere denbora eman nahi diogu entzuten eta deskubritzen joateko. Baina gauza berezirik gabe, ez da Kerobia mesianiko bat, lan mesianiko bat.
– Azken boladan euskal eszenan erreferentziazko zenbait ahots altxa dira antzeko hausnarketarekin, single eta single sistema zalantzan jarriz.
– Ez zait arraroa iruditzen artista desberdinak leku berdinera heltzea. Ez da gure okurrentzia edo nota emateko diskurtsoa. Gauza ez dago ondo musikan, eta ez da kexa bat. Norabidea ez doa hobera. Nolabait, gutxinaka-gutxinaka, lana edo profesioa era sano eta ulerkor batean egitea. Ez dut ulertzen musikan zer eskaintzen den, klase politikoan salbuespen batzuekin gertatzen den bezala.
– Kerobiaren musika ulertzeko moduarekin oso bat dator, beti izan zarete industriarekiko nahiko libre. Bere garaian SGAE utzi, autoekoizpenaren aldeko apustua egin edo diskoak online eskegi bezala, beste pauso bat. Musika izatea garrantzitsuena.
– Bai, agian horregatik ez da arrotz egiten berborrea honekin gatozenean. Guretzako erdi naturala da, nahiz eta egia den jendeak bi inpresio hartu ohi dituela: batetik, 'begira hauek beti kexaka'; bestetik, 'beno, beti bere kabuz, baina ez dute ezer lortzen'. Baina afirmazioak ez dira egia. Gu ez gara kexatzen, gu libre gara. Esplikatzen dugu bideak zergatik hasten ditugun. Agian da profil zientifikoa dugulako. Eta bigarren, Kerobiak 25 urte bete behar baditu, zuk uste gaizki joan zaigula?
– Gehiago ala gutxiago gustatu, irautea bada seinale bat.
– Musikariok misio oso erraza daukagu: ahalik eta musika politena egitea eta jendea gustura geratzea, hori dena txiki-txikia bada ere. Proposamen musikalak justifikatuak egon behar direla uste dut, konpletoak izan behar direla; hau da, istorio bat kontatu behar dutela eta ahalik eta ondoen egin behar dela. Honi gehitzen zaio musikariaren musikozentrismoa, artistak tendentzia du pentsatzera oso garrantzitsua dela egiten duena, baina objektiboki ez da. Bost urte ezer egin gabe egongo bagina munduko burtsak ez lirateke eroriko, Gazako genozidioa ez zen etengo. Musikariok gure egin beharrekoak egin behar ditugu eta ja. Bastante kasu egiten digute. Onargarri iruditzen zait noizean behin musikariok musikarion artean sariak-eta ematea gure egoak betetzeko.
– Istorioak aipatuta, Kerobiaren diskoak beti dira kontzeptualak edo ideia baten bueltan antolatuak, kasu honetan ipuin bat.
– Normalean egiten dugun musikak ez du biografikotik, baina kasu honetan bai. Azken urteetako pentsamenduak dira eta hortik jaio da istorioa. Baina hasiera batean, eta kuriosoa da, erromatarrek urte luzez Sirakusa polisa setiatu zutela kontatu nahi nuen, Arkimedes erail zutela, etab. Maite Gurrutxagarekin hitz egitean konturatu nintzen ez nuela gauza handi horrekin konektatzen, baizik eta etxe bati buruz hitz egin nahi nuela. Niri gertatzen ari zitzaizkidan gauzez. Eta kontatzen ari ginena inor ez aztoratzeko modukoa izatea nahi nuela. Ez fantastikoa, rupturista edo efektista. Gauza neurtu eta ponderatu bat, leun samarra. Eta hortik diskoak zentzua dauka, ez dudalako inor ezagutzen oraindik diskoarekin saltoka aritu dena. Polita, gozoa, lasai entzutekoa dela esan digute.
– (...).
– Gure bizitza ikusteko moduarekin, metodoarekin zerikusia du. Badirudi dena era islatuan proposatzen dela, singlea da erakusle argiena. Ez dago testuingururik, pornografikoa da. Hori sorkuntza eta artean problema da, baita orokorrean gure bizitzan. Testuingurua oso garrantzitsua da, esaterako arkeologian: non, nola, zein estratu, zein ekonomia, zein lurralde, zein harreman jendearen artean... Singlea dramatikoa da. Guk bakarra atera dugu, 'Gora bizitza' duela 2-3 urte, eta taldekideei esan nien 'hau da egiten dugun lehena eta azkena'. Ez du inongo zentzurik, ezin dut zurekin hitz egin edo ideia baten inguruan eztabaidatu. Azkenean nire bizitzari buruz galdetuko didazu eta ez lanari buruz, ez dagoelako ezer.
– Denok jartzen dugu gure bizitzako zati bat egindakoan. Zuek ere letretan inguruan dagoen munduaz hitz egiten duzue.
– Bai, bai. Pentsatu nahi dut gure kantuek mezu induskatzailea dutela eta jendeari iristen zaiola, sentsazioak badira ere. Humanismoarekin zerikusia dutenak, konfrontazioarekin, haserrearekin, hau da, neutroa ez den guztiarekin. Kerobian maitasunari buruz hitz egiteko pozoiari buruz hitz egiten da. Beti ditugu mintzagai gorputz hautsiak, bonbak, pistolak... Gazari buruz hitz egin behar da!
– Ibilbide bat duen taldea izanda bilakaera normala da, agian asmo hori eta kantuek dituzten geruzak edo instrumentazio anitza dira hariak.
– Gure diskoa YouTuben dago eta lehengoan iruzkin bat heldu zitzaigun esaten zuela 'ez dut sekula ezagutu talde bat bere aurreko lanez arnegatzen duenik' (barreak). Grazia handia egin zidan. Noski eboluzioa bilatzen dugula, pertsona bezala aldatzen garelako. Beti bilatu behar da zerbait berria. Baina Kerobia beti izan da oso lineala, edozein kantu entzutean gutxi gorabehera jakin daiteke Kerobia dela. Eta hori ez da erabat positiboa, ezgaitasunaren emaitza ere da, ez gara gauza ezberdinak egiteko gai.
– Diskoa irekitzen duen kantua, 'Hauts azpian hekatonbe bat', da lehen pista, oso Kerobia.
– Ados nago. Lehen kortea pista handia da, gero badatoz beste batzuk. Kantuak ez dira hasi eta buka berdinak, edo horrela egin nahi izaten dira. Hori oso aspergarria da. Pentsa ezazu kantu bat egiterakoan zure helburuetako bat inori susto bat ez ematea dela, inor ez aztoratzea. Kolorea izan dezaten bilatzen duzu, baina ezin duzu kolpean bloke masa batzuk jarri eta gero kendu. Kantua bukatzean entzuleak 'gozo', 'polit' eta 'ondo' hitzak izan ditzala buruan.
– Oraingoz kontzertu bakarra iragarri duzue, larunbatekoa Donostian. Zergatik? Industriaren tendentzien aurka berriro?
– Bai, uda aurretik ez dugu gehiago. Ostean bai. Besterik gabe gabiltza hainbat kontutan –aitatasun bat dator, ni nire ikerkuntzarekin nago– eta erabaki genuen udazkenetik hasita hasiko ginela martxa hartzen. Oso zaila da Kerobia bezalako proiektu bat sostengatzea denboraz, diruz, dedikazioz... Bakoitzaren egoerarekin akonpainatzen goaz edo bestela pikutara doa. Ez orain, duela 15 urte! Baina bai, Kerobia da oso espezialista gure produktua gaizki saltzen. Disko bakoitzeko 20.000 bat euro inbertitzen ditugu, taldea mantentzeaz aparte. Diru asko da urtean. Tarteka zortea dugu, kontzertuak jotzen ditugu eta konpentsatzen da.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.