Borrar
Ana Arsuagal, Verde Pratok, 'Kondaira eder hura' diskoarekin lortu du saria..

Verde Pratok irabazi du MIN sarietan Euskarazko Disko Onenari emandakoa

Etxepare Institutuak ematen duen saria, gainerakoak bezala, bart Iruñeko Nafarroa Arenan 3.000 ikusleren aurrean egin zen ekitaldian jaso zuen Ana Arsuaga tolosarrak

m. imaz

Osteguna, 28 apirila 2022, 11:51

Comenta

Verde Prato ezizenarekin ezaguna den Ana Arsuaga musikari tolosarrak irabazi du, bere bakarkako lehen diskoa den 'Kondaira eder hura' (2021) lanagatik, musika independentearen MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria. Iruñeko Nafarroa Arenan egin zen bart sari banaketa, 3.000 ikusle bildu zituen festa giroan. Etxepare Euskal Institutuaren saria eskuratzeko finalistak ere bertaratu ziren ekitaldira: Chill Mafia, Idoia, Liher eta Gaur taldeak, hain zuzen.

Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria eskuratzeko Amak, Bulego, Ezpalak, Huntza, Ibil Bedi, Jon Maia, Joseba Irazoki eta lagunak, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Ruper Ordorika ere lehiatu dira. Publikoaren bozketaren ostean, final erdietara iritsi ziren artista hauek. Verde Pratoren diskoa lehenesteko epaimahaiak nabarmendu zuenez, «diskoan gai minimalistak aurkezten ditu, teklatua eta ahotsa erabiliz, askotan herriko folklorearen tradizioan oinarrituta». Izaro Andresen eskutik jaso zuen saria.

Bilbo Serpiente hirukotean aritu zen artista tolosarraren lanaz gozatu nahi dutenek, baita hobeto ezagutu nahi dutenek ere, laster izango dute aukera Donostian. Izan ere, maiatzaren 2tik 7ra Donostian egingo den Dock of The Bay jaialdiaren bosgarren edizioaren baitako Dock Live! atalean ariko da maiatzaren 5ean. Kontzertua Kutxa Kultur Klubean izango da, eta bertan izango da halaber, zinema dokumentan eta musikalaren jaialdiaren azken egunean, Ainara LeGardonen emanaldia.

Sari gehienak, Zahararentzat

Gainerako kategorietan ere lehiatu dira artista horietako asko. Izan ere, ugariak dira kategoriak; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain: diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…

Carolina Iglesias umoregileak gidatu zuen ekitaldian zuzeneko ugari ikusi eta entzuteko aukera izan zen. Tartean, Izarok Amaralekin sortu berri duen 'Argia' kanta eta baita Chill Mafia, Baiuca, Maria Arnal i Marcel Bagés eta Ilegales taldeen zuzenekoak ere.

Zahara gailendu zen sari banaketan, inork baino sari gehiago eskuratu baitzituen, sei denera. Horien artean, Urteko Disko Onenaren The Orchard Saria. Urteko Abesti Onenaren Radio 3 Saria Rigoberta Bandiniren 'Ay Mamá'-rentzat izan zen; Artista Onenaren Amazon Music Saria ere Rigoberta Bandinirentzat izan zen; eta Artista Emergente Onenarena Tanxugueiras talde galiziarrak irabazi zuen. Saridun denak hemen ikus daitezke.

MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Verde Pratok irabazi du MIN sarietan Euskarazko Disko Onenari emandakoa

Verde Pratok irabazi du MIN sarietan Euskarazko Disko Onenari emandakoa