Verde Prato tolosarrak Madrilera darama XXI. mendeko euskal folklorea
'Veranos de la Villa' jaialdian aurkeztuko du igande honetan elektronika, ahotsa eta tradizio zeharo berrikusia uztartzen dituen proiektua
Sábado, 20 de agosto 2022, 18:36
Igande honetan, abuztuak 21, Verde Prato abeslari, konpositore, musikari eta ekoizleak Madrilgo Udalak antolatutako 'Veranos de la Villa' jaialdian aurkeztuko bere lan berritzailea. 1995ean Tolosan jaiotako Ane Arsuagaren 'alter ego' artistikoa Estatuko hezkuntza erakunderik zaharrena den (425 urte beteko ditu aurten) Instituko San Isidro delakoan ariko da, Murtziako tradizioa eta elektronika uztartzen dituen Maestro Espadarekin partekatuko duen saio bikoitzean.
Publicidad
Emanaldia iragartzeko zabaldu duten oharrean irakur daitekeenez, «Verde Pratok euskaraz abesten du eta euskal ahozko tradizioa berreskuratzen du bere kantuetan, iragana etorkizunera eramanez. Kantu herrikoiak eta liturgia-kantak ahots eta elektronika formatuan, Mazzy Star edo Nico eta Mikel Laboaren arteko gurutzaketa (in) posiblea».
Verde Pratok 2021ean argitaratu zuen 'Kondaira eder hura' estreinako diskoa, Jon Aguirrezabalagak ('We Are Standard') grabatu eta ekoitzia eta Plan B rec argitaletxeak argitaratua. Bertan, hirira joateko bere herritik alde egiten duen mutil bati buruz hitz egiten du. Hizkuntza sinplea erabiliz, baina hitzei indarra emanez, abestien letrek alde egiten ikusten duten pertsonaietako bakoitzaren perspektiba islatzen dute. Maitasunaz, familiaz eta adiskidetasunaz hitz egiten duen istorio herrikoia da, baita beldurrei, absentziei eta desioari buruz ere.
2022an 'Jaikiera' aurkeztu zuen, Londresko Hegoa Diskak zigiluarekin elkarlanean. Pertsona baten barne munduaz hitz egiten du A aurpegian. B aldean, berriz, herri bateko egunsentia deskribatzen du. Izan ere, «bi deskribapen intimista horiek esnatzearen ideiaren ingurukoak dira, barne-leku batetik edo kolektiboki koreografiatuta. Eta 'Jaikiera'-ren tonua tragikoa bada ere, gozoa ere bada. Eta Ana Arsuagaren ahotsa ekintzaren erdigunean mantentzen da. Koherentzia eta emozioa ematen duen elementu nagusia da».
Verde Prato da, alegia, «euskal tradizioa berreskuratu eta ustekabeko lekuetara eramaten ari diren artista gazteen belaunaldi berri baten erakusle. Horregatik, »kultura askotako herri-kantutegian ahotsaren presentziari balioa ematen dio eta bere konposizioetan garrantzi berezia hartzen duen zerbait da«. Spotify plataforman entzun daitezke haren lana, eta hemen ikus daiteke iaz Bartzelonan egin zen SónarCCCB ekimenean eskaini zuen emanaldia.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión