Tang'Aurresku, 'Aztarnak' diskoaren aurkezpen kantua
Marina Beheretche & Ezekiel kolektiboa taldeak jada entzungai jarri du lan berria
Asteartea, 12 apirila 2022, 12:12
Marina Beheretche biolin jotzaileak eta Ezekiel Kolektiboak 'Aztarnak' diskoa kaleratu dute eta honen baitan dagoen Tang'Aurresku aurkezpen kantua, «gure arbasoen ondarean murgiltzera gonbidatzen» duen abestia, aurkeztu dute astearte goizean.
Ipar Euskal Herriko artista taldearen obra berriak mitologian, kantuetan, dantzetan, ipuinetan eta elezaharretan oinarrituak dira, «bidaia mistikoa egiteko eta pertsonaia misteriotsuz betetako bazter liluragarriak deskubritzeko», azaldu dutenez. Guztira bederatzi musikari izan dira murgilduta proiektuan: Marina Beheretche, Joachim Bouillier biolinjotzailea, Aude Fade, Emmanuelle Bacquet kontrabaxu jotzailea, Emeline Bouillier, Vincent Planès, Mixel Etxekopar poeta, kantari eta musikaria, Paxkalin Chabaño txalapartari eta Paxkaxkal Indo. Diskoa laguntzen duen azala eta liburuxkarako marrazkiak irudikatzeko Arantxa Lannes artista gaztearen kolaborazioa izan dute.
Abiapuntua 2021a du lanak eta emaitza euskal musika herrikoia eta musika klasikoaren arteko topaketa da. Aukeratutako obrak bost konpositorerenak dira: Nathalie Biarnès, Peio Cabalette, Joël Merah, Frédéric Gaillardet eta Mixel Etxekopar.
Baionan aurkeztu duten proiektua «paregabea» dela adierazi dute Elkar argitaletxetik, «ikuspegi estetikoak eta arte ezberdinak» nahasten dituena. «Euskal kulturari so bat, hainbat artista garaikideren begiradatik: guztira bederatzi musikari, marrazkilari bat, aipatutako konpositoreak eta sei sorkuntza», zehaztu dute.