Borrar
Lobo Altuna

Ruper Ordorika: «Gure belaunaldiak Xalbadorrek baino pauso pare bat gehiago eman genituen, oraingo maila...»

Egindako ibilbidea, halako zortea izan ez dutenak, eszenaren bilakaera, kritikak, euskañola... Denetariko errepasoa

Jon Agirre

Donostia

Asteazkena, 29 urria 2025, 00:07

Comenta

Ez ditu bide gutxi ireki Ruper Ordorikak Oñatin gitarra hura hartu zuenik. Berea ere ez zen, maiz azaldu duen bezala. «Pentsaezina» den bidea egin du ordutik, baina apal mintzo da jakitun delako zorte puntua ere izan duela. Musika molde berriak gertutik jarraitzen ditu, «estrategiak» aldiz zertxobait urrutiagotik, nahiz eta ez duen aterik ixten. Eta euskañolaren erabileragatiko kritiken harira argi dio: «beti egin da». Adibide jartzen du Niko Etxart.

– Aurkezten duzun 'Lurra ikutu arte (Elkar)' 24. diskoa da. Musikan hasteko Oñatin gitarra utzi zioten Ruper hark imajinatuko zuen? Zer izan da halako ibilbidea egitea?

– Inondik ere ez. Halako grina handi bat behar da eta ez nekien hori nuenik. Horrela gertatu da. Zoritxarrez ez naiz batere estrategia gizona, etorri bezala egin dut. Jendeak ere asko eman du. Ikusten dut nire burua ezin errendituz, batez ere hastapenetan. Jendea aurrean ikasi ahal izateak balio handia du.

– Baina talde edo artista guztiek ezin izan dute halako bidea egin, erabakita ala arrakasta faltagatik. Hori presioa izan daiteke ere.

– Presioa ez, baina faltan ditut sasoiko musikari talentudunak. Batzuetan ez duzu gehiago behar, ez duzu horrela ibili nahi, bizitzako beste esparrutan bezala. Eta guztiz normala ikusten dut. Harantzago eramaten nau. Ez dut beharrik sentitzen.

– Euskal musikaren berritzaile izan zareka maiz esan da. Atzetik etorri direnen maila ikusirik, nola ikusten duzu euskal eszena? Sarri ikuspegi ezkorrek dute oihartzuna.

– Beti gauza bera esaten dut, baina sinisten dudalako da: eskaintza dago eskaritik oso gora. Gauza asko egiten dira. Ez naiz ni egokiena, gauza asko ez ditudalako ikusten. Aldaketa handiena eszena edo showa, zentzurik onenean, nola baloratzen den da. Xalbadorrek baino pauso pare bat gehiago eman genituen eta orain udako jaietan ere emankizun ederrak daude: argiak automatizatuak, kontzeptu eta lan handi batekin atzean... Oro har emanaldi handien eta radar azpitik dabiltzan talde askoren artean gaude. Beti horrela izan da? Bai, baina mundu mailan ez da une erraza aztertzen. Milaka lagun behar festibalak aurrera ateratzeko. Baina maila teknikoa gero eta handiagoa da eta seguru naiz hortik batzuk aurrera egingo dutela nortasuna garatuz. Uda honetan hiruzpalau kontzertu ikusi ditut eta benetan interesgarriak izan dira.

– Egun Instagram funtsezkoa da, single-ak kaleratzen dira... Industria ulertzeko modu oso bestelakoa duzu.

– Ez dut baztertzen, ez dut arerio bezala ikusten. Egiazki ez dut mundu hori kontrolatzen. Prentsan bezala, musikan zeharkako bideak daude, ez da lehenagoko agertokia. Eta gainera musika aitzindaria da teknologiarekin lotura ikaragarria duelako. Ez dugu ezer alde album bat egiteko orduan, ez inbertsioak, ez iraupena, ez fisikoki saltzearena... Keith Richardsek bere memorietan kontatzen zuen Rolling-ek hit bat grabatzean Lennon deitzen zuela ea noiz aterako zuten haiena, elkar ez zapaltzeko. Orduko borroka listetan sartzea zen existitzeko eta badirudi hori berriro etorri dela.

– Euskara izan duzu beti ardatz, Abadia Saria ere jaso zenuen euskararen normalizazioan egindako ekarpenengatik. Bideak irekitzerakoan egurra ere jasoko zenuen. Egun euskalkiekin edo euskañolarekin abestiagatik esan ohi da eredu txarra direla. Euskara ere moderno izan behar bada, non da oreka?

– Ez da erraza. Niretzako funtsena kontua da 'ona' den, kantu bezala transmititzen duen ala ez. Hor datza gakoa. Beti egin dira gauzak euskañolez, beti egon da gatazka hori. Xenpelarrek esaten zion Iparraguirreri 'zatoz gure kalera baserritar erako musika horiek utzita' gitarrarekin kantatzen zuelako. Balio gabeko modernitatea zen harentzat. Pentsa, 100 urte geroago klasikoak dira. Niko Etxartek esaten zuenean «ene maitia, eneki jin zite 'au coucou des bois'» niretzako euskal esaldirik onenetakoa da. Bere testuinguruan ulertu behar da, mundu osoak ezagutzen zuen Zuberoako diskoteka bat da eta bestela ezin zitekeen oihartzuna biltzen du. Hizkuntzekin nik nire hautua egin nuen, nire belaunaldiko askok bezala. Nik horri emango nioke balioa.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ruper Ordorika: «Gure belaunaldiak Xalbadorrek baino pauso pare bat gehiago eman genituen, oraingo maila...»

Ruper Ordorika: «Gure belaunaldiak Xalbadorrek baino pauso pare bat gehiago eman genituen, oraingo maila...»