Puntako bi talde, batera eta merke, Andoaingo gaztetxean
Euskal eszenako bi erreferente, TOC eta Ezezez, 22:30etik aurrera ariko dira dena makrokontzertuak ez direla erakusteko
Jakina izanagatik beti ez da esaten, edo ez beharko litzatekeen bezainbeste. Ez da musika-areto egoki nahikorik euskal eszena musikalean dauden taldeentzat eta zulo hori betetzeko bide eta asmoan gaztetxeen funtzioa funtsezkoa da. Batetik, hasten ari diren talde askorentzako lehen pausoak emateko modua delako; bestetik, makrokontzertu aro honetan kultura BEC, Illunbe edo bestelako aretoekin lotzearen aurkako antidotoa direlako; eta, azkenik, radarretik kanpo dauden taldeentzako etxe direlako, sarreragatik dirutza ordaindu beharrean prezio samurragoak eskaintzen dituztelako edota, biharkoan Andoaingo gaztetxeak eskainitako programak ikus daitezkeelako. Gurean modan dauden bi talde puntero, TOC eta Ezezez, batera eta apenas 10 eurogatik. Pagotxa.
Publicidad
Epe laburrean, apenas hiru urtean, soinu asko eta kalitatezkoa egin du Ezezez talde bilbotarrak. 2022an hasi ziren Unai Madariaga (ahotsa, gitarra), Eneko Ajangiz (gitarra), Alvaro Olaetxea (bateria) eta Mikel Irigoyen (baxua) eta lehen unetik erakutsi dute oso estilo propioa, 70eko psikodeliaren nostalgia modukotik 90eko grungera, punk oso aske, kantu melodiko eta, batik bat, gaitegi oso aktualarekin. Ez da bilakaera lineala izan, berau piropo bezala ulertuta, kaleratutako 'When I Think Something is Funny, I Smile' lehen lanetik nabari den bezala. Ingelesez hasi, euskarara mugitu eta musikalki ere beste kutsu eta eraginak ere nabari dira. Orain, beso azpian dakarte Kakakriba eta batetik bestera daramatzan birako ardatz dute, noski beste diskoetako kantuak ahaztu gabe.
90en eragina
Hain zuzen, musikalki 90 hamarraldiko rock musika lantzen duen banda da TOC mungiarra. Gitarra zorrotz eta distortsionatuak, base erritmiko oldarkorra, eta ahots zikin bezain indartsuaz, kantu ilun eta intentsoak lantzen dituzte Mikel Bilbao (bateria), Aitor Etxebarria (gitarra), Ander Goitia (baxua) eta Xabier Bilbao (ahotsa) . 2016an hasi ziren musikan eta ordutik lau lan autoekoitzi kaleratu dituzte, horietako bi luze: 'Zidazun' (2021) album kontzeptuala abestien arteko hurrenkeran zein hauen harremanean eta koherentzian eta 'Bat barik ez dauz bi' (2022). Estudioko bigarren lana, 'Jaioak hiltea zor, aurkeztuko dute, bateraezintzat jotzen dituen hainbat ertz uztartzen dituena.
Azkenik, Andoaingo gaztetxetik azaldu dutenez ospakizunetan murgilduak dira, eta bide horretan ugariak izango dira azaroan zehar egingo diren kontzertuak. Ez da musika faltako beraz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión