Oskorriren klasikoak bigarren begirada batetik
Bixente Martinez gitarra-jotzaileak 'Txoria buruan eta ibili munduan' diskoan talde mitikoaren piezak biluztu ditu esentzia bildu eta moldaketak egiteko
Bixente Martinez gitarra-jotzaileak 'Txoria buruan eta ibili munduan' izeneko diskoa kaleratu du, bere lehen bakarkako lana. Oskorri taldearen errepertorioko kantuetan oinarritua dago eta ideia «2020ko konfinamendu gogorreko egunetan» otu zitzaion Martinezi. «Denok etxean sartuta egotera behartuta egon ginen une haietan, gitarra hartu eta kantu ezberdinekin hasi nintzen jolasten».
Hasieran batean zalantza eta ezinegon egoeran «burua okupatua mantentzeko eta zeregin bat izateko» hartu zuen gitarra, baina segituan ikusi zuen «merezi zuela diskoa konkretatzeak». Oso barruan zituen Oskorriren kantuak «modu naturalean eskuetara» etorri zitzaizkion Martinezi eta hauek bigarren begirada batetik «botatzen» saiatu zen.
'Zergatik ez dut aprobetxatzen probatzeko ea kapaza naizen nik bakarrik zerbait egiteko?' galderari erantzuteko baliatu du diskoa. Eta bidean ere erantzun ditu beste batzuk. «Zalantza izan dut pista bakoitzean gitarra bat grabatu eta orkestra antzeko bat osatu ala ez. Nik nire buruarekin jotzea hotza zen, ez zen naturala. Eta gainera zuzenekora eramateko, nola egin?». Hor ikusi zuen gitarra batekin egingo zuela, hori bai, mota askotariko gitarrarekin: akustikoa, elektrikoa eta mandogitarra, gehi pedal eta efektu ezberdinak.
LP eta CDa duen diskoaren grabazioa musikariak berak egin zuen Zarautzen duen estudioan 2021eko apirila eta maiatza bitartean. Diskoko 14 abestiak «nahiko borobilduak» zituenean maketa egin zuen ingurukoei erakutsi eta feedback-a izateko eta erantzunak jasota «zerbait serioagoa» grabatzera animatu zen. Bigarren lan horri nahasketak Jean Phocasek egin zizkion eta masterizazioa Victor Sanchezek. Azkenik, azaleko lana Esther Galarzak egin eta diseinua Irune Izquierdok.
Entzuleak, besteak beste, 'Aita semeak', Ostatuko neskatxaren koplak' edo 'Gu gaituzu Oskorri' topatuko ditu, baita haurrei dedikatutako 'Txalopin txalo', 'Din dan, nor hil da' edo 'Axuri beltza'. Doinu eta kantu horiek biluzteko lana hartu du esentzia bilatu eta moldaketa berriak egiteko.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez zuzeneko bi aurkezpen egitea aurreikusten dute, urriaren 3an Getxon (Muxikebarri Zentroa) eta 15ean Zarautzen (Modelo Aretoa). Bietan Haatik Dantza Konpainiako Leire Romero eta Aimar Odriozola dantzariak egongo dira, diskoa promozionatzeko bideoklip teaserrean ikusten diren dantzariak.
Elkar musikako Andres Camiok adierazi duen bezala, «eskarmentu handiko» musikaria da Martinez eta «saltsa askotan» ibili da. Besteak beste, Oskorri taldearen sortzailea izan zen, folk musikaren estiloko Hiru Truku osatu zuen Joseba Tapia trikitilariarekin eta Ruper Ordorika abeslariarekin batera eta, ostean, Igelaren Banda Amaiur Cajaraville eta Hasier Oleagarekin.