
Secciones
Servicios
Destacamos
Kontu, saltsa edo proiektu bakarra esku artean izatea gutxi edo, kolpean hiru pilatu ditu Oskarbi taldeak. Lehena, 'Donemiliagatik Gurera' emanaldia, nolabait bi alorretan bana daitekeena, asteazken honetan Tolosan estreinatu zutena eta ostiral honetan Irungo Amaia Kultur Zentroan aurkeztuko dutena 19:00etan. Idatzizko euskararen historia errepasatuko dute erromatar garaietatik hasi eta XXI. mendera arteko «bidaia musikalean». Bitan bana daiteke, zenbait kantu berreskuratzeaz gain batzuk sortu dituztelako. Hirugarrena 2026an helduko da, 60. urteurrena ospatzeko-edo helduko den disko berriarekin, Oskarbiren hamabigarrena. Jada hasi dira grabatzen Elkarren Adunako egoitzan.
'Donemiliagatik Gurera' emanaldiaren ernamuina 2024ko udazkenean koka daiteke, Joxe Luis Trekuk azaltzen duenez. «Kantagintzari buruzko hitzaldi batzuetan parte hartu nuen eta Tolosara joan nintzenean Lizardi elkarteko kideei esan nien banuela ideia bat, 'egingo nuke Tolosan' esan eta… Ordutik lantzen joan gara». Lehen pausoa gidoia osatzea izan zen, «ezin baikinen urtez urte joan». Aurrez, testuingurua emate aldera, Jon Aizpurua Euskadi Irratiko kazetari ohiak hartuko du hitza.
Hala, eskaletan abiapuntu dira erromatar garaitik hilarrietan idatzi ziren eta kontserbatzen diren «aitzin euskarazko hitz batzuk». Hurrengo geldialdia «mila urte geroago» da, zehazki Arabar Errioxan X eta XI. mendearen inguruan idatzitako Donemiliagako glosen «lehen euskal esaldien» bueltan. Hain zuzen geratu diren aipuetako bi, 'jçioqui dugu' eta 'guec ajutu eç dugu', oinarri hartuta. Harekin bezala XV. mendeko Lasturko Milia bertsoarekin ere kantua egin dute. «Emakumeen arteko bertso garrantzitsuak dira, garaiko ohitura eta euskara ondo adierazten dutenak». Hurrenak dira XVI. mendean La Celestinan jaso ziren 'Perutxoaren kantua' eta, «nola ez Etxepareren bi kantu».
Une horretan dator bigarren jauzi garrantzitsua, XX. mendera arte emandakoa. Bi dira geldialdi nagusiak, gerrak banatuak. Aurretik Lizardiren poesia hautatu dute «euskal pizkundeko poesia lirikoa kantatzeko, udaberriari kasu honetan» eta, ostean, «gure betiko Gandiaga eta Joxean Artze. Horiekin bukatu dugu», dio. Eta emanaldia biribiltzeko grabatzen ari diren diskoko bi kantu «primizian» eskainiko dituzte.
Irun eta Tolosa dira lehen bi geldialdiak, baina ez bakarrak. Oraindik ez daude itxiak, eta tentuz mintzatzen da Treku, baina udazkenerako «gutxienez hiru edo lau» izatea espero dute. «Musikaren merkatua ez da inoiz izan erraza eta orain erez. Gu diru kontuan ez gara honetaz bizi izan inoiz, gure afizioa eta gogoa da. Hori gehiago da dirua baino», gehitzen du.
Ez da agendan markatua duten proiektu bakarra eta, onartzen du, dena uztartzea «zaila izan da gu bezalako talde ez hain azkar batentzat». Diskorako lehen sei kantuak jada grabatuak dituzte eta beste «lau edo bost» gehituko direla uste du, nahiz eta planteamendua irekia den. «Kantaldiak amaitzean ekingo diogu berriro». Orduan helduko da ere Gipuzkoari abestia egiteko unea. «Lurralde guztiak dute bat eta hurrengo grabazioa hori izan daiteke». Hitza lehen aldiz agertu zenaren milurtekoa baliatu nahi dute hartarako.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.