Olatz Salvador Suns Europe jaialdian izango da
«Hizkuntza gutxituei egiten die lekua eta hain aniztasuna aukera gisa ikustearen alde egiten du. Hala bedi», adierazi du musikari donostiarrak
J. AGIRRE
Ostirala, 25 azaroa 2022, 07:09
Olatz Salvador musikari donostiarra Suns Europe jaialdian izango da azaroaren 26an euskara ordezkatzen, «pozez» jasotako albistea sare sozialen bitartez adierazi duen moduan. «Hizkuntza gutxituei egiten die lekua eta hain aniztasuna aukera gisa ikustearen alde egiten du. Hala bedi», dio mezuak.
Udineko Teatro Nuovo Giovannin 1000 ikusleren aurrean egingo da lehiaketa eta Salvadorrekin batera Gales, Friuli, Karst, Drenthe eta Sardiniako musikariek hartuko dute parte. Talde bakoitzak 15 minutuko saioa eskainiko du eta, amaieran, epaimahai artistiko batek eta antzokira bertaratutako publikoak emango dituzte sariak.
Aurten, orotara, Europako sei estatutako 32 musika taldek eman dute izena ekitaldian, 14 hizkuntza gutxitu ordezkatuz: Italia hegoaldeko albaniera, frankoproventzera, Herbehereetako behe-saxoiera, bretoia, friuliera, galegoa, galesa, ladiniera, Suizako erromantxea, Italiako esloveniera, euskara, katalana, sardiniera eta eskoziera.
Ekitaldia 2009an sortu zen Udinen (Italia) Europako Alpe eta Mediterraneo aldeko hizkuntza gutxituetako musika lehiaketa bezala. Geroztik, Radio Onde Furlane irratiak eta ARLeF-ek (Friuliar hizkuntzaren agentzia) sustatutako ekitaldia garatzen joan da Europa osoko hizkuntza gutxituetako artisten topagune bilakatu arte. Zinema eta literatura bezalako diziplinei ere atea irekitzen dien arren, musika da nagusi.
Salvadorrek 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen estudio lana, 'Zintzilik' eta 2021ean plazaratu zuen bigarrena, 'Aho Uhal'. Horretaz gain, hainbat urtez Skakeitan taldearekin aritu da.