Ez ohiko Ghau bat

Oriol Flores, Gartxot Unsain eta Jon Horna, hurrenez hurren. /DV
Oriol Flores, Gartxot Unsain eta Jon Horna, hurrenez hurren. / DV

Oriol Flores, Jon Horna eta Gartxot Unsain musikariek proiektu berria aurkeztu zuten irailaren 7an Donostiako Tabakaleran

ASIER BERAMENDI

Kutxa Kulturrek, antolatzaileak, lehen hilaratan jarritako kuxinak hutsik zeuden, nola ez, Donostiako Tabakalera eraikinaren laugarren solairuko terrazan. Zortziak ziren ia, zita hastear zen. Hiriko musikari asko jendartean, kontzertua noiz hasiko zain.

Oriol Flores Charlie & The Colours, Izaro, Oso fan edota Flores, bere bakarkako proiektuan, aritutakoa da. Jon Horna Pandanono taldearekin eman zen ezagutzera Bartzelonan, gerora Koban-en hastapenetan edota Eraul taldearekin lan egin izan du ere. Azkenaldian, Malo izenarekin hip-hop estilorantz jauzi egin du. Gartxot Unsain John Berkhout, Bi Zaldi eta beste hamaika proiektuetan ibilitakoa da, egun, hala ere, bakarka eskaintzen dituen kontzertuetan janzten duen txakur mozorroak eta dagoeneko berak asmatua dirudien efektuarengatik ezagutuko dute askok.

Agertokian besaulki forma duten bi aurpegi handi: zuria bat, beltza bestea. Horren aurrean, lurrean, mesanotxea. Oriol eta Jon, erabat zuriz jantzia lehena, beltzez bigarrena, eskutik helduta agertokira doaz.

Ondoren, Gartxot, grisez; mundu bola bat du ezker eskuan, soka batekin eskuineko orkatilera lotua. Eskuin eskuan, «Aurreiritziak» letra larriz idatzia duen kartoizko kaxa bat. «Tori. Hartu, lasai» esanez, jotzear diren abestien hitzak ematen dizkie entzuleei.

Agertorkira igo, mikroa hartu eta hasi dira lehenengo kantuarekin, ezer hasteko indar nahikoa bildu nahian bailira errepikatzen dute «kafe bila nabil, kafe bila nabil» mantra. «Saiatzen da / hala ikasi du eta / itsasoa ulert zai / horren da uharte», «Kafe huts bat hartzeko / beti berandu esnatu da / goizez gaua ulertzeko / bila dabilela, itsu dabilela». Amaitzeko, Oriolek kafea zerbitzatu dio Gartxoti; uharte bat.

Indartsu ekin zioten ondoren 'Ea nor naizen' ereserkiari, kafeari ea nor diren galdetzen, eta erantzunik jaso zuten, antza: «Ezer gutxi behar duena onena / bere barne isuriz asetzen duena», «hala dabil haiek / esanez egia nolakoa den / balizko zein» edota «Beldurrik gabe sentitzea / onena (jausi den munduan) / irteera bere barruan duena (ta oinak zeruan)» adierazten baitzuen 'Eguzkia bihotz'ek.

Argi dago iada hiruek erabat ulertu dutela musikaren galdera-erantzun logika hori. «Dena nuen / beharrik ez eta / hala nintzen lehenago / orain ez dut behar den dena», «jada badakit / denok garela / ingurukoek espero dutena» bai zioen hurrengo 'Iada'k; «azkar irentsi gaituen / bizitza eroso honen / erdia joan zaigu iada / ez al da ala?» esaldiarekin lekukoak zauritu eta «zaila da baina ez naiz izango / gauak nahi duena» esanez kantua amaitu zuten, proiektuaren egiazko xedea erakutsiz.

DV

Kantuen arteko etenaldiak luzeak egin zitzaizkien agertokian etengabeko jarioa behar duten hainbati, baina taldeak indartsu eta lasai jarraitu zuen Gartxoten showman senaz baliatuz. Izan ere, abeslariak «Ea, Jon. Jo ezazu haurtzarora itzularaziko nauen ezer» esan zion gitar joleari behin, eta Orioli baterian hainbat erritmo ezberdin probatzeko eskatu beste batean, zein aukeratu jakingo ez balu bezala.

«Ez gara ohiko talde bat» oihu egin zuen Gartxotek mesanotxean zuen mundu bola ireki eta barruan zegoen pixoihala jantzi eta gero; «eta eskerrak». Musika taldeek ohiko dituzten adierazleak ez omen dira nahikoa hiru mutilek adierazi nahi duten guztirako, edo ondo ulertu dute, agian, musika ez dela bandek agertokian duten adierazpide bakarra.