Neomak taldeak aro berri baten bigarren singlea aurkeztu du
Aurreratu dutenez «laster» helduko da bigarren diskoa eta badira zenbait aldaketa: kide kopurua, musika elektroniko zertxobait gehiago, esaterako
Hitzek duten indarraren oso jakitun dira Neomak taldeko kideak, orain arteko ibilbidean hala erakutsi dute eta udazken honetan aurkeztutako kantu zein zabaldutako mezuetan ere hala nabari da. Bigarren lana izango da, azaldu dutenez laster helduko dena, eta begi-bistakoa da asko duela aro berritik, azalberritzetik. Introspekzio ariketatik ere badu, «norbere buruarekin elkarrizketak» izatearen garrantzia azpimarratzen baitute.
Hala, kaleratu berri duten 'Esperantzak' kantuan «bidea» dute hizpide. Argi utziz hausnarketak oso gutxi duela nostalgiatik -«nekatzen nau nostalgiak» dio letrak- eta irekitze horretan ez dutela ezer utzi nahi kanpoan, «nigan nahi ditut beldurrak, hanka sartzeak, zalantzak». Mezua, hala ere, ez da ezkorra, gehiago du abisutik eta nabari da hein batean amorrutik ere idatzia dela: «Itsaso berean elkar / eusten (e)ta itotzen gabiltza, / guk geure buruen kontra / eman dugunetik hitza». Edota amaieran, beste erritmo batean lau aldiz errepikatzen duten «Argi! Ez diezaiezun zure barne-eskeman / gauzei dutena baino toki gehiago eman!».
Abestia laguntzen duen oharrean ere ildo beretik mintzo dira: «Espektatibak, aldaketak, mugimendua… hori guztia eta hori besterik ez da bidea. Onartzen ditugu zalantzak eta beldurrak, onartzen gara zaurgarri. Onarpenaren ondorengo barne lasaitasun horretatik idatzi dugu kantua», azaltzen dute. Beldurra diote, «emozio on» bezala ere identifikatzea aldarrikatzen dute.
Lehen pausoa duela aste batzuk aurkeztu zuten 'Inork Ez du Berdin Egiten Negar' izeneko singlea izan zen. Harekin ekin zioten «ilusioz betetako etapa berri bati» eta biak ala bietan musika elektronikoak estreinako lanean baino pisu gehiago du. Ez da aldaketa bakarra. Esanguratsua izan da, esaterako, orain arteko ibilbidean zituzten argazki, post eta bestelakoak ezabatu izana. Edota kideen aldaketa, hasierako zazpikotik Amets Ormaetxea Ezpeletak, Maria Lasa Hilariok eta Eneritz Aulestia Mutiozabalek ez baitute jarraitzen.
Hala, aro berrian, argi dute aipatzen duten bidean kaosa ere badela. Haren erditik kantatzen dute «mundua dantzan jarriko nuke jainkosa banintza…», kideek dioten bezala «elkar zaintzen jarraitzen dugun bitartean». Jende «onaz» ere batu dira. Eider Villalbaren tekla soinuen laguntza dute -BECen ere izan zen Ura Bere Bidean ekitaldian eskainitako emanaldian ere izan zen- eta Etxahun Urkizu alboan izan dituzte bigarren kantuan.