Lau musikari elkartuko ditu Victoria Eugenia antzokian 'Gure ahotsak' ekimenaren laugarren edizioak
Aurtengoan Ainara Legardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak izango dira Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan egingo den kontzertuko protagonistak
Osteguna, 13 urtarrila 2022, 13:23
Emakume musikariek, edo musikari emakumeek, egunero erakusten dute beren talentua, baina beste arlo gehienetan bezala batzuetan behar dute bultzadatxo bat gizonezkoekiko arrakala estutzen joateko. Horretarako sortu zen duela lau urte 'Gure ahotsak' ekimena, aurten ere lau emakume musikariren lana balioetsiko duena, Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan, martxoaren 7an.
Donostiako Victoria Eugenia antzokian 19:30etan hasiko den kontzertuko protagonistak Ainara LeGardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak izango dira. 2019ko emanaldian Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setién eta Izarok parte hartu zuten; 2020an Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako izan ziren oholtzan, eta iaz Idoia, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado (iragarrita zegoen Matilda taldeak ez zuen parte hartu osasunarrazoiengatik). Sarrerak gaurtik aurrera daude salgai.
Ainara Legardonek (Bilbo, 1976) 25 urte baino gehiago daramatza lanean, rockaren, inprobisazioaren eta musika esperimentalaren arloetan, bai bakarka eta bai zenbait taldetako kide gisa. Horrekin batera, lan handia egin du ikertzaile eta dibulgatzaile gisa Kultura Kudeaketaren eta Jabetza Intelektualaren arloan. Gaur egun, zenbait konpainiarekin batera ari da lanean, zuzenean interpretatuz pieza eszenikoen soinu-banda. 'Res-cue. The archive in the mouth'-en aurkezpenen ondotik (edizio mugatua eta dagoeneko agortua, kasete bi, deskarga digitala eta liburua biltzen dituena), Ainara LeGardonek «zuzenean emango du gogoeta- eta berrinterpretatze-lan haren bilakaera naturala. Eszenaratu egingo ditu bere sorkuntza-, bihurritze- eta suntsitze-prozesuak, nola eta abesti berrien eta soinu-poemen eran, dena ere hari batek lotzen duela: kanta bat hauskortasunari, erresistentzia eta egokitzapenerako gai den aldetik».
Miren donostiarra Bartzelonan bizi da. Aurkezpenean diotenez, «prestakuntza autodidakta izan du, eta DIY –do it yourself– delakoa bere-bere egin duen belaunaldi batekoa da». Hasteko, 'Oh keira' singlea argitaratu zuen, 2019an grabatua lagun baten garajean, eta kanta sortatxo bat besterik ez badu ere, dagoeneko milioi eta erditik gora erreprodukzio bildu ditu Spotifyn. Artistak aurrerakinak ematen ditu tarteka, lehen diskoa izango denarenak, eta, 'Aparte', 'En su momento' edo' Cosas de mí en tu corazón' kanten ondotik orain 'Lejos de aquí' kantak du bere aldia.
Verde Prato izenarekin, Ana Arsuagak «euskal aho-tradizioa berreskuratzen du bere kantetan, iragana etorkizunera eramanez. Herri-kantak eta kanta liturgikoak, ahotsa eta elektronika lagun, Mazzy Star-en edo Nicoren eta Mikel Laboaren arteko nahasketa posible-ezinezkoa». 2021ean kaleratu zuen lehen diskoa, 'Kondaira eder hura', non herritik hirira doan mutil bati buruz hitz egiten duen. «Herri-hizkeraren moldeetan, maitasunaz, familiaz eta adiskidantzaz ari da, bai eta beldurrez, absentziez eta desiraz ere».
Eneritz Furyak musikari irundarrak, berriz, «aurreko bere bi diskoen ('Eneritz Furyak eta Zaldi zuria' / 'Maskara') uzta jaso du jada, euskal musikako ahots berrien artean bere lekua topatuz, eta Frantzia, Belgika, Alemania, Suitza, Italia, edo gertuago ditugun Katalunia nahiz Galiziako oholtzetan joz. Baita, jakina, euskal geografia osoan ere». 2021ean, pauso berri bat emanez, «aurreko lanekiko nabarmen ezberdina den disko batekin agertu zen plazara: 'Emadan'. Asmo berriak lau haizetara zabaltzen dituen hasiera da; kantua bereganatzen duen grabe geruza batetik hazten diren gitarra eta ahotsa». Diskoko abestiak Radio 3, Mondosonoro eta Gaztea hedabideetan estreinatu dira. «Hamar kantu, %100 DIY (do it yourself) ikuspegitik aritzen den irundar gazte honen sormena erakusteko».