Mondra&Roll, punk rock jaialdi berria Arrasaten
Formatu txikikoa izango da, eta uztailaren 8an eta 9an hamaika talde elkartuko ditu Monterron parkean
Osteguna, 3 martxoa 2022, 12:49
Punk rock jaialdi berri bat estreinatuko da uztailean Arrasaten: hilaren 8an eta 9an egingo den Mondra & Roll. Sustatzaileen hitzetan, formatu txikikoa izango da, 2.500 lagunentzako tokia izango duena, eta bi egunez Monterron parkean hamaika talde elkartuko dituena. Arrasate, alegia, «Euskal Herriko punkaren sehasketako bat da, RIP, Zakarrak, Puñetazo eta beste hainbat talde sortu dira bertan, eta bertatik Euskal musika eszena handia elikatzen duten musikari eta bandak ateratzen jarraitzen dute».
Toki ezin aproposagoa, hortaz, musika mota hori egiten duten eta gogoko dutenen arteko topaleku bilakatzeko. «Arrasatek punk rock jaialdi propioa izan behar zuen, eta Gasteiz Calling edo Barnanroll jaialdia antolatzen duen jendearen eskutik», hau sortzea erabaki dute. Erabakia lehenagokoa zen, baina azken bi urteetako saioak pandemiak zapuztu ditu, eta hirugarrenean lortu dute geratzeko asmoarekin iritsiko den jaialdia abiaraztea.
Esan bezala, bi saio izango ditu jaialdiak, biak ere «ingurune natural sinestezinean». Hala, uztailaren 8an eta 9an «Europako, estatuko eta tokiko punk rockaren onena» parkean entzun ahal izango dira, eta beste jarduera batzuk ere antolatuko dira herrian.
Ostiralean, uztailak 8, The Baboon Show, Cockney Rejects, La Inquisición, La Excavadora eta The Capaces taldeek joko dute. Larunbateko gaua, berriz, berezia izango da, «munduko Street Punk talde handienaren 50 urteak ospatuz» Cock Sparrer izango baitute kartelburu, Arrasate aukeratu baitute birako geldialdi bat izateko. Sario berean, urrezkoak ez baizik eta zilarrezko ezteiak ospatzen ari den Des-Kontrol, «tokiko heroiak, herriko bandarik luzeena, aitzindarien oinordekoak». Peter and The Test Tube Babies, Perlata, Grap eta Zero taldeek osatuko dute larunbat gaueko kartela. Tokiko ordezkaritza Crap talde beteranoen eskutik etorriko da, eta bi banda berri ere igoko dira oholtzara: Perlata eta Zero.