Madrilen hasiko du Mikel Urdangarinek datorren larunbatean '25 Tour' bira
Bere ibilbide musikalaren 25. urteurrenean, Estatuko hainbat tokitan eta atzerrian eskainiko ditu kontzertuak musikari bizkaitarrak
m. imaz
Martes, 1 de febrero 2022, 11:54
25 urte ez dira alferrik igarotzen, eta ez da txikia mende laurdenean pilatzen den ondare pertsonal eta artistikoa. Bakar batekin nahikoa izan ez, eta bi urteurren garrantzitsu ospatzen ari da Mikel Urdangarin: 50 urte bete ditu, eta 25 egin ditu musikagintzan. Eta erabaki du une aproposa dela aro berri bati ekiteko.
Publicidad
Bide berriko lehen urratsetako bat datorren larunbatean, otsailak 5, Madrilen abiatuko den '25 Tour' bira da, bertako Caracol aretoa izango delarik abenturaren abiapuntua. Etapa berri honetan, aurreratu dutenez, «kantautore profiletik gehiago urrundu eta bere alderik indiena erakutsiko du, bere zuzeneko soinuaren parte den rock progresiboari ere keinu eginez».
Ohi bezala, bira «hainbat formatu eta formaziotan egingo du: bere bandak lagunduta eta bakarka, pianoa edo/eta gitarrarekin». Helburua bide berri bati ekitea denez, «bere ibilbidean zehar hamaika herrialdetako eszenatokietara eraman duen dinamika berreskuratzea», 'etxeko' kontzertuak kanpokoekin bat egingo dute, «bere musika eta euskal kultura gure mugetatik haratago eramateko asmoz».
Errepertorio berezia
'25 Tour' birak, gainera, errepertorio berezia izango du. Izan ere, «bere ibilbidea eta abesti aipagarrienak errepasatuko ditu, horietako asko, belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duten euskal musikaren benetako altxorrak». Rafa Rueda, Jon Cañaveras eta Ander Hurtado de Saratxo musikari eta taldekideekin batera arituko da Urdangarin Caracol-en larunbatean, 21:30ean. Sarrerak Salacaracol.com webgunean daude eskuragarri.
Madrilen eskainiko dituen kontzertuei dagokienez, Caracol aretokoa ez da bakarra izango. Aurrerago beste bi kontzertu eskainiko ditu: maiatzaren 21ean Cafe Berlinen (pianoa eta gitarrarekin bakarka) eta azaroaren 26an El Sol aretoan (laukotean). Caracol aretoan aurreneko aldiz joko badu ere, bere ibilbidean zehar behin baino gehiagotan egon da Madrilgo areto enblematikoetan, hala nola Galileo Galilei salan, Caixa Forumen eta Libertad 8-n.
Publicidad
New Yorkera ere eramango du '25 Tour' birak Mikel Urdangarin, baita Salamanka, Logroño, Santander eta Bartzelonako La Deskomunal aretora ere, besteak beste. Beste hainbat emanaldiren artean, kontzertu oso bereziak eskainiko ditu 2022an eta 2023an, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, azken honen 100. urteurrenean.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión