Lantzearen trantzea II

Lantzearen trantzea II
DV

Telekomunikazio ingeniaritzan lizentziaduna da Beñat Antxustegi musikaria; Physis Versus Nomos taldea gidatu eta soinu teknikari lanetan ibiltzeaz gain gitarrentzako pedalak egiten ditu eBñat izenpean

ASIER BERAMENDI

– Hona hemen abuztuan Beñat Antxustegirekin egindako solasaldiaren bigarren atala. Izan ere, Physis Versus Nomos taldearen 'Arraro nioenean' disko berria irailaren 2an plazaratu zen, dagoeneko plataforma ezberdinetan entzun daitekeena.

– Taldekideez gain, aparteko laguntzaileak izan dituzu diskoan, ezta? Nolakoa izan da prozesua? Asko prestatu duzue?

Petti, Olaia, Tristan Crowley, Miren Narbaiza, Lide Hernando, Koban taldeko Esti Beraza eta Maddi Gerriko eta Gartxot. Ba, ebidentea da nork zein kantuetan lagunduko zuen pentsatzen egon ginela, baina, bestela, zentzu musikalean baino, pertsona hauek gustuko ditudalako eta haiekin lan egitea gustatzen zaidalako gonbidatu ditut.

Alde batetik, bai, hasieratik zein zatitan kantatzea nahi nuen esan nien; zati ez oso luzeak, gauza xeheak... Eta, beste alde batetik, haiek ere ekarpenak egitea nahi nuen. Pettik, adibidez, ahots grabearekin grabatzea proposatu zuen, eta segituan gustatu zitzaigun ideia. Olaiak melodia aldatu zuen eta, Kobanekoek, kantua imagina ezin nezakeen maila batera igo dute. Lidek eta gainontzekoek azkeneko kantuan lagundu dute, Iñigo Lurgainek eskusoinuarekin... Eta arrebak ere abestu du azken disko honetan.

Ilusioak bultzaturik erabaki ditugu kolaborazio horiek. Haientzat esfortzu bat suposatu du grabatzeko bertaratzeak, eta saiatu gara ahal bezain azkar egiten eta prozesua errazten. Niri asko pozten nau haien laguntzak. Espero dut haiek ni bezain beste hunkitu izana.

– Nola hasi zinen musika jotzen eta idazten?

– Bederatzi urterekin hasi nintzen gitarra jotzen eta oroitzen dut nola kantuak jotzen nizkion nire arrebari, besterik gabe. Marraztea ere asko gustatu zait beti, baina ez naiz batere ona. Irakurtzea asko gustatu izan zait ere.

– Nolakoa da zure sormen prozesua?

– Niretzat ideala da abesti bat egitea eta abesti horrek eskatzen dizkizun ideia horiek jarraitzea. Eta koherentzia piska bat izatea. Adibidez, oraingoan gaia abertzaletasuna bazen, ba ildo hori jarraitzen joan naiz. Gero, metrikak hitz batzuk moldatzera bultzatzen banau, ba aldatzen ditut eta kitto. Ahal dudanarekin lan egiten dut, hori bai, ez naiz txoratzen.

Ez daukat egunero idazteko ohitura handirik. Ideia bat buruan edukitzen dut gehienetan, eta horrekin ibiltzen naiz. Zentzu horretan, musikaritzat dut nire burua, ez idazletzat. Kantuak entzuten ditudanean ez ditut letrak entzuten, ez diet arretarik jartzen. Hori bertso saio musikatuetan pila bat nabaritzen dut. Bi jende mota aurki daitezke kontzertuetan : musikariak, letrari garrantzi gehiegi ematen ez diotenak; eta letrak hunkitzen dituen horiek.

Beñat, pedal baten barruekin.
Beñat, pedal baten barruekin. / DV

– Kantuez gain, dagoeneko urte batzuk daramazu gitarrentzako pedalak egiten, ezta?

– Bai, nik telekomunikazio ingeniaritza ikasi nuen. Musikaren alderdi hori ere asko gustatzen zait; tekniko lanean nabil azkenaldian, grabatzen ere asko gozatzen dut… Gustatzen zait do it yourself filosofia hori, horrek eskaintzen duen independentzia. Oso harro nago horrekin. Polita da, lagunek ere pedalak eskatzen dizkidate. Dagoeneko existitzen diren efektuak kopiatu ditzaket, baina askoz erakargarriagoa zait nire diseinu propioak sortzea.

Musikan, guztiok erabiltzen ditugun akordeak berdinak dira. Akorde horiek ordenatzeko moduaren arabera, ezberdina izango da kanta. Pedalekin antzeko gertatzen da; denok osagai berdinak ditugu, baina modu batera edo bestera egituratzean, ba zerbait sortzen ari gara.

Gogoko dut ere nola sustatzen duen birziklatzea, materialen berrerabilera. Pisotones webgunea kontsultatu izan dut inoiz, ideiak hartu, zalantzak argitu… Elektronika liburu asko irakurtzen ditut ere, gustatzen zaizkit.

Lehen aldiz zure lantegira gonbidatu ninduzunean lanik egiten al zenuen galdetu nizun, eta zuk, barrez, soldatapeko lan postu batez ari banintzen, ezetz erantzun zenidan, baina lan mordoa egiten zenuela...

– Beno, argi dago diruaren beharra. Adibidez, seme-alabarik eduki nahiko banu, soldata handiago bat beharko nuke. Hala ere, piskanaka, kontzertuak jotzeko deitzen didate, eta dagoeneko kobratzen hasi gara, legalki eta guzti. Horrela, egia esan, lehen baino gehiago kobratzen dut, baina beno, dagoeneko ez gara ilegalkerietan ibili behar, b-n edo oso gutxi kobratuz.

Irakaslea ere banaiz, gainera. Gitarra klaseak ematen ditut astean zehar, eta saiatzen naiz ahalik eta diru iturri gehien edukitzen bizitzeko. Lantegiak piska bat haz dezan inbertsio bat egin beharko nuke, eta momentuz ez zait interesatzen, pedalek ez didate dirurik ematen. Ni ez naiz sartu mundu honetan pedalen enpresa bat sortu nahi nuelako, nire ekipoaren mantenua egiteko izan da gehiago; anplifikadoreak, kableak, etab. ez erosi behar izateko. Gauzak arazoak sortzen hasten direnean konpondu ditzaket, adibidez. Horrela ez dut zaborrik sortzen, gainera.

Lanari bizkaieraz beharra esaten zaio. Beharra obligazioz egiten duzun zerbait da, dirua behar duzulako egiten duzun gauza bat. Uste dut, zentzu horretan, lana eta lanpostua bereiz ditzakegula, ezta? Maiz galdetzen diogu elkarri: «zuk zer nahiago duzu, dirua ala denbora?» Ba nik denbora nahiago dut. Gurasoen etxea daukat, zorionez, ez naiz kalean bizi… Aberatsa ez naiz, baina autosufizientea bai. Ez daukat gastu handirik, gainera.

Physis nonahi I.
Physis nonahi I. / DV

– Musikarien lan baldintzak hobera egin dutela uste duzu?

– Bai. Batez ere, musikari asko horren alde egiten ikusten ditut, eta lortzen dutela uste dut. Lehen nire inguruan zeuden musikari guztiak gaztetxeetan ibiltzen ziren. Orain denek dute managera eta guzti.

Asko nabaritzen dut hori nire inguruan. Ni ere guzti honek dakarren lanaz askoz gehiago jabetzen naiz. Lehen deitzen zidatenean ez nuen kobratzea espero. Azkenean, zure lana bihurtzen den hobby bat da, orduan, hor badago bitarteko puntu bat… ez dakit. Ez dut diskurtsoa asko pentsatu.

Ziurtasunik ez dago, hori ebidentea da. Ordu pila bat sartu behar dituzu, adibidez, lekuetara bidaiatzen, gaueko ordu txikitan itzuli… hori ez zait gehiegi gustatzen. Eta batzuek kontzertuen atzean dauden ordu eta lan guztia ez dute ikusten. Argi daukat ni ez naizela inor, eta ez dut uste izan behar naizenik, ez dut uste inork kasu egin behar didanik.

Behin galdetu zidaten «Musikaria? Jo, eta hori? Ez dago nahikoa kantu? Zertarako hasi behar zara orain kantuak egiten? Mordoa dago jada entzuteko», eta egia da. Baina, nik badaukat kantak sortzeko behar bat. Gainera, badaude kantuekin hunkitzen direnak. Musikariok egiten duguna izugarri baloratzen eta jarraitzen dutenak.

Nik orain asko baloratzen dut, adibidez, leku batetik deitu eta bertan jo ondoren, berriz deitzen digutenean. Donostitik irtetzen garenean nabaritzen dut batez ere. Beno, Dokan ere bai. Guk beste talde batzuek baino gutxiago kobratzen dugu, hori ere esan beharra daukat.

– Auto-ekoiztua izan da diskoa, baina zigilu baten babesarekin kaleratuko duzu, ezta?

– Bai, 'Balio Dute'. Beno, eta 'Kortxoenea Produkzioak'; beti jartzen dut. Ni oso aske sentitu nintzen garai bat gogorarazten dit. Ez du ezer esan nahi baina, aldi berean, niretzat asko esan nahi du.

Zigiluaren kontua, gaur egun… Askotan izen bat besterik ez da.

Physis nonahi II.
Physis nonahi II. / DV

– Kostatzen zaizu zure intimitatea erakustea?

– Gainontzekoei erakusteko ere egiten ditut abestiak, jendeari gustatzeko, hunkitzeko. Orain, esaterako, diskoarekin pila bat kostatzen ari zait itxarotea.

– Sare sozialak erabiltzen dituzu?

– Bai, baina ez dut pelma bat izan nahi. Gustatzen zait eta, piska bat alferrak izan arren, saiatzen gara zaleak gure lagunak balira bezala idazten. Baina nagi asko ematen dit. Gainera, denbora guztian egiten ari zarena erakusteak… Egiten duzun guztiak erakusteko balioa du? Nire ustez ez.

Kontua da zure profil horretan zu zeu zaren bezala erakutsi behar duzula; hau da, taldea, edo dena delakoa, ez? Suposatzen da, gutxienez. Zure jarraitzaleen aurrean zintzoa izan, zaren bezala adierazi eta kitto. Komunikatzeko tresna bezala erabiltzen badituzu gutxienez.

– Egin duzu inoiz alienarazi zaituen ezer proiektua lagundu nahian?

– Ez, ez. Bueno, bai, esan dizudana: orain diska kaleratu arte itxarotea. Ez zait aurkezpenaren zai egotea gustatzen. Bestela ez. Nire iritziz, komunikazioak, eta guzti honek, erraza izan behar du, bestela gezurra esaten nagoela sentituko nuke.

– Zuretzat agertokian egiten duzuna fikzioa da?

Ez. Erreala da erabat. Oholtzara igotzen naiz, kantu batzuk jotzen ditut, eta listo. Ez dago besterik. Hori da dena. Adibidez, gaur egun gure kontzertuetan jendea isilik eta adi egotea lortu dugu, eta hori zirraragarria da. Flipantea da.

Aurrekoan komentatzen genuen estetikan ez dugula asko pentsatzen. Pelayok esaten zuen hori ere estetika bat badela; beno, ados. Baina kanta batzuk jotzera igotzen gara eta kitto, ya está. Ni agertokian nahiko lasai egoten naiz.

– Distantzia asko dago Physis eta Nomosen artean?

– Ez, talde berdina da. [Barreak]

Nomosa ideologia da gehien bat —borrokatzen dudana, egia esan—, eta physis naturaltasuna da, intentsoagoa dena, baina errealagoa ere. Nomos beti da irreala; legea da, asmatua, gizartearen funtzionamenduaren araberakoa, eta oso gauza faltsua iruditzen zait hori.

Adibidez: dirua irabazteagatik bakarrik lanera joan behar izatea oso gauza faltsua iruditzen zait. Aurpegi ona jartzea gogoko ez duzun nagusiari… Hori Nomos-a da. Physis-a gauza guztiak esatea da, bai onak eta baita txarrak ere, ondorioen beldurrik izan gabe. Physis askeagoa da, Nomos beldurtiagoa.

Ni gehiago kokatzen naiz Physisen, zalantzarik gabe, bai. Eta, hori, natura berez ona ez dela kontuan izanik. Askotan natura mitifikatzen dugu; zikuta naturala da, hartz batek hatzaparkada batez basoan hiltzea ere naturala da, edo neumonia. [Barreak]