Laboaren eta Artze anaien 'Ikimilikiliklik' ikuskizunaren jatorrizko grabazioa lehen aldiz
Artze hil ostean haren etxean topatutako bobina CD bikoitz batean kaleratu du Elkar Argitaletxeak eta udazkenean LP bikoitz formatuan izango da
Etxeko garbiketak egiterakoan, tarteka, ateratzen dira altxorrak. Direla familiako oroitzapenak, argazki zaharren bat edo bestelako objektu ahaztu baina maitatuak. Sorpresaren bat ere topatu ohi da, lehen harridura eta emozioa pasata ere oraindik asaldatuta uzten duena bat. Pentsa liteke antzeko zerbait sentituko zutela Joxean Artze poeta, idazle eta musikari usurbildarraren etxean 'Ikimilikiliklik' hitza boligrafoz idatzita zuen bobina aurkitzean.
Publicidad
2018 amaieran topatu zuten «altxorra» J.A. Artzek etxean «senaren arabera antolatuta» zituen kartoizko kaxen artean. Urtebete egin zuen Elkarrek edukia antolatzen eta digitalizatzen. Material artistikoaren artean zeuden hazbete laurdeneko bobina zaharrak, kaseteak, liburuak, orri solteetan idatzitako poemak…
Elkarrek lehen aldiz kaleratuko du material hau «grabazio historiko hau ezagutzea eta zabaltzeak benetan merezi» duela uste dutelako. CD bikoitza jada eskuragai dago eta LPa binilo bikoitz formatuan udazkenean kaleratuko dute. Jada entzungai dago lehen lagina.
Sorpresa are handiagoa izan zen 'Ikimilikiliklik' bobina estudioan entzutean. «Entzun genuen lehena izan zen, behin eta berriz entzun ere. Eta gure interesa zeharo justifikatuta zegoen», azaldu dute Elkarretik. Duela 45 urte baino gehiago, usteen arabera 1975 eta 1976 artean, zuzenean grabatu baitzen bobina hura. «Oso kalitate oneko grabazioa da». Urteak zehaztu ahal izan dira 'Izarren hautsa' kanta ez dagoelako «biribildua, amaierako zati instrumentalak» falta dituelako. Hau da, Mikel Laboak 1975 eta 1976aren bueltan kantatzen zuen bezalaxe dago abestia.
Non grabatu zen ere ez dago erabat argi, nahiz eta Izaro Laboak esandakoarengatik usteetako bat den Eibarren izan zitekeela. Nolanahi ere, grabazioa «garai hartako erresistentzia kultural eta politikoaren isla» da Elkarren iritziz. Antzeko epaia islatzen du diskoaren hitzaurrean Xabier Montoiak, entzuleentzat «ustekabeko oparia» dela, «sorgindu» egiten duen dokumentua baita. «Bi disko hauek gordetzen dutena, garai bateko giroaren lekukotza adierazgarria izateaz gain, kultura baten berpizkundearen isla izateaz gain, hasieran uste nuen bezala, beren sorkuntzaren gorenean zeuden hiru artista handiren lan zintzoa baita, oroz gain», azaltzen du.
Publicidad
Edukia: 'Ikimilikiliklik' ikuskizuna.
Parte hartzaileak: Mikel Laboa (abestiak), J.A. Artze (olerkiak), Artze anaiak (txalaparta).
Data: 1975 eta 1976 artean, zuzenean grabatua.
Formatuak: CD bikoitza jada eta LP bikoitza udazkenean.
Azala: J.L. Zumeta.
'Ikimilikiliklik' ikus-entzunezko espektakulu bat izan zen. 1975eko apirilean Algortan estreinatu eta 1978an oholtzaratu zen azkenengo aldiz, Parisen, amnistiaren aldeko jaialdi batean eta 1976an Veneziako Biurtekoan Euskadi ordezkatu zuten ikuskizunetako bat izan zen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión