'Kimu bat zuhaitzan', Lertxundiren disko berriaren aurrerapena entzungai

Disko berriaren aurrerapen gisa zabaldu den singlearen azala./
Disko berriaren aurrerapen gisa zabaldu den singlearen azala.

Spotify plataforman entzun daiteke kanta, Allan Rankin abeslari kanadiarraren abesti baten egokitzapena dena

Maiatzean, 'Ospakizun gauean' diskoko abestiak estudian nahasten ari zirela, Orioko 'Karkara'aldizkarian argitaratutako elkarrizketa mamitsuan Benito Lertxundik Iñigo Gaiton kazetariari esan zion, beste gauza askoren artean, «emozio karga handia» dutela hamaseigarrena duen diskoko abestiek.

Diskoa, berez, urrian plazaratuko da, zuzeneko lehen aurkezpena Benito Lertxundik datorren larunbatean, irailak 1, Zarautzen eskainiko duen kontzertuan egingo delarik. Agortuta daude honezkero sarrerak, baina kontzertu gehiago ditu iragarrita diskoko kantak entzuleei zuzenean aurkezteko. Esan beharra dago aurreneko aldiz, berak eta Olatz Zugastik sortutako Kantaita Enea diskoetxearen bidez, autoekoizpenaren aldeko hautua egin duela Orioko kantariak. Kontzertuei dagokienez, irailaren 29an Santurtzin izango da, urriaren 27an Donibane Garazin eta abenduaren 1ean Donostiako Kursaalen. Hortik aurrera ere baditu beste zenbait iragarrita.

Astearte honetan, iragarri bezala, entzungai jarri dute diskoaren lehen singlea, 'Kimu bat zuhaitzan' kanta. Spotify plataforman entzun daiteke Allan Rankinen 'New Branches on the Tree' abestiaren egokitzapena. Rankin Kanadako Eduardo Printzearen Uharteko kantaria da, eta aspaldiko kanta honetan beraien herria utzi eta bizitza berri baten bila abiatu zirenak ditu gogoan.

Euskarazko hitzak Jon Maiak jarri dizkion 'Kimu bat zuhaitzan' honetan, diskoko gainerako abestietan bezala, zuzenean alboan izan ohi dituen musikariak ditu lagun Benito Lertxundik. Abestiaren hasieran, halaber, oso nabarmena da kolaboratzaile izan dituen Errenteriako Zaria Koru Eskolako kantari gazteen parte hartzea.

Temas

Euskera