Kerobia taldean 'Hurrengo maiatza' single eta bideoklipa aurkeztu du
Boskote iruñearrak promoko iruditegi eta estetika berdina garatu du 'Hilak' diskoaren bigarren aurkezpen lanean
Kerobia taldeak 'Hilak' diskoko singlea eta bideoklipa berria aurkeztu du, 'Hurrengo maiatza'. Lanaren aurkezpenean eta promoan erakutsitako estetika eta iruditegia mantenduz, abesti berriaren eszenatokia ontzi espazial bat da, Cintruenigoko Kultur Etxean simulatu dutena. Izan ere 'Hilak' diskoan zortzi abestien bidez taldeak etorkizun baten bila lurretik irten ziren misioetako tripulatzaileen istorioa kontatzen du.
Publicidad
Lehen singlea, 'Konbate grabitatorioa' izan zen. Orain, 'Hurrengo maiatza' abestiko bideoklipean Kerobiako bost kideak ikerketa espedizio baten parte dira eta espaziotik planeta bati ateratako argazkiak eta lortutako informazioa aztertzen ari dira eta, bat-batean, sistemak kale egiten du. Fondoko paretan dagoen pantailan 'system error' mezua azaltzearekin batera espedizoko kide guztiek kamerara begiratzen dute: zerbait ez doa behar bezala.
Lan berria aleka promozionatzeaz gain, Kerobia taldeak jakinarazi du martxoan ekingo diela zuzenekoei. Lehena martxoaren 12an izango da Bilboko Kafe Antzokian. Bitartean, motorrak berotzeko 'Hurrengo maiatza' ikus-entzunezkoa eskegi dute sarean. Bideoklipa Iñigo Chalezquer eta Leire de Estebanek zuzendu dute eta Irati Esainen laguntza izan dute. Grabazioa, nahasketa eta masterizazio lanak Aitor Ariñok egin ditu.
Iruñean 20. urteurrena ospatzeko eskainitako kontzertuan jakinarazi zuen taldeak bere jarraipena. Zaleentzako sekulako ezustekoa izan zen eta olatuari segida eman zion disko berria kaleratuko zutenaren albisteak. Diskoaren aurkezpenean taldeak adierazi zuen 2021ean «gauza asko gertatu zaizkigu Kerobiaren 20 urteen ospakizunean, handitu nahi izan dugun metxa bat piztu zen. Konstelazioa albumaren eta eman ditugun emanaldien ondoren, Kerobiak aurrera jarraitzen du. Gainera lagun berriekin jarraituko dugu taldean». Hori bai, orduan argi utzi zuten «Kerobiak ez du bide berri bat hasten, urte asko daramana jarraitzen du, baina esan ohi dugun bezala, inoiz ez zaizkigu bide zuzenak gustatu, edo hobe esanda, beti gorroto izan genituen norabide zuzenak».
Kerobia taldeak 2003an kaleratu zuen lehen maketa eta Gaztea Maketa lehiaketa irabazi zuen. Ostean sei disko argitaratu ditu: Kerobia (2004), Rose Escargot (2006), Materia organikoa eta gainerakoak (2008), Papera eta kartoia (2009), Ontziak (2010) eta Supernova (2012). 2014ko uztailaren 16an bere ibilbideari amaiera ematea erabaki zuen taldeak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión