Etorkizun bila dabilen misioa Donostian apirilaren 23an
Kerobia taldeak kontzertua eskainiko du datorren larunbatean DOKAn 'Hilak' disko berria aurkezteko
Etorkizun baten bila Lurretik irten ziren misioetako tripulatzaileen istorioa Donostiara helduko da datorren larunbatean, apirilak 23, Kerobiak DOKAn eskainiko duen kontzertuarekin. 'Hilak' diskoaren aurkezpen biraren baitan, boskote iruñearrak istorio futurista eta apokaliptiko samarra taldearen klasikoetan aipatzen den 'Asteroideen antzokia' bezalako tokiekin nahastuko du.
Iaz 20. urteurrena ospatzeko elkartu ziren Kerobia taldeko kideak eta zaletuen plazererako 'Konstelazioa' albumak abiatu zuen 2.0 abenturak aurrera darrai. Ospakizunaren amaieran bertan iragarri zuten, aurrez sareetan trazu batzuk aurreratu bazezaketen ere. Bere estiloari eutsi dio bete-betean taldeak, letra gordinak eta samurrak zein «soinu urratzaile edo harmonikoak» tartekatuz, entzuleengana iristeko gaitasun handiz betiere.
Ibilbide honetan lagun berriekin aritu dira, Mikel Zorrillak, Ruben Matillak eta Mikel Isabak, Eneko Requetibate, Lur Larraza eta Carlos Colinari eman baitiete lekukoa. Xabi Bandinik jarraitzen du gitarra eta ahotsarekin, eta Alberto Isabak baxua, mandolina, akordeoia eta xilofonoa jotzen.
TALDEKIDEAK:
-
Ahotsak, gitarrak: Xabi Bandini.
-
Baxua, mandolina, akordeoia eta xilofonoa: Alberto Isaba.
-
Bateria eta perkusioak: Eneko Requetibate.
-
Gitarrak: Lur Larraza.
-
Sintetizadoreak eta Hammond-a: Carlos Colina.
Aurrez Bilboko Kafe Antzokian, Elizondon MIN sarietan, Iruñeko Zentral aretoan eta Gasteizeko Jimmy Jazz aretoetan jo du Kerobiak eta sareetan zabaldu dutenez «izugarria» izaten ari da. Diskoak eta aurkeztutako lehen single-ak, 'Hurrengo maiatza' kantak, harrera ona izan du eta eskainitako kontzertuen salmenta erritmo onean joan da.
Lanaren aurkezpenean eta promoan erakutsitako estetika eta iruditegia mantenduz, diskoak Lurrak berea egin ostean birsortzen ari dela erakusten du. Antartika da kontinente bizigarri bakarra eta, ondorioz, gizateria metal puztuzko globoen barruan dabil eguzki sistema osoan zehar.
Kerobia taldeak 2003an kaleratu zuen lehen maketa eta Gaztea Maketa lehiaketa irabazi zuen. Ostean sei disko argitaratu ditu: Kerobia (2004), Rose Escargot (2006), Materia organikoa eta gainerakoak (2008), Papera eta kartoia (2009), Ontziak (2010) eta Supernova (2012). 2014ko uztailaren 16an bere ibilbideari amaiera ematea erabaki zuen taldeak.