Kaskezur taldeak disko berriko 'Euria' abestia aurreratu du

Kaskezur taldeak disko berriko 'Euria' abestia aurreratu du
kaskezur.bandcamp.com

Joseba Irazokiren 'Euria ari du' kantuaren interpretazio librea da 'Euria', irailaren 13an kaleratuko den 'Ihesi doaz animaliak' diskoaren aurrerapen abestia

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Kaskezur talde nafartarrak udazkenean kaleratuko duen disko berriaren lehen kantua aurreratu du. Joseba Irazokiren 'Euria ari du' kantuaren interpretazio askea da Euria abestia, non musikari beratarrak berak ere gitarra jo duen.

Irailaren 13an argitaratuko da 'Ihesi doaz animaliak', Berako Atala estudioetan grabatua izan dena, Iñigo Irazokiren ardurapean. Taldeak adierazi duenez, azken disko hau da orain arte egindakoen artean gehien landu dutena, baita osoena ere.

Izan ere, Azpisugeak (Mukuru Records, 2017) lanak ezartzen zuen norabide berriari jarraiki, esperimentazioaren eta konplexutasunaren zeinuak ditu 'Ihesi doaz animaliak' diskoak. Gainera, Miren Narbaizak (MICE) eta Ibai Gogortzak —'Azpisugeak'en produktore izandakoak— (Borrokan) musikariek haien ondar alea jarri dute.

Diskoa sare eta euskarri guztietan argitaratzearekin batera egingo dute aurkezpen kontzertua, Donostia Festibalean (lehen Kutxa Kultur Fest izenekoa), Lasarteko belodromoan.