'Kantu hau kantatu' singlea kaleratu du Jon Maiak
Bertsolari eta letragilea kontzertu berezia eskainiko du datorren asteazkenean Donostiako Kursaalen, Irungo Harrera Sarea eta Kaleko Afari Solidarioak taldeak lagun dituela
Martes, 20 de diciembre 2022, 17:16
'Kantu hau kantatu' singlea plazaratu du Jon Maiak, haren begirada pertsonaletik eta 'nola iristen da Jon kantu hau kantatzera?' galderatik abiatuta «garenari buruz hausnartzen duen» kanta, 'Kantu bat gara' proiektuan txertatua, nahiz eta ez izan iaz argitaratu zuen 15 abestiko disko-liburuaren zati.
Publicidad
«Errima bakarrean txirikorda eta konkatenazio bihurri bat osatzen duen kantu berri bat» da, alegia, nabarmentzen duena «kausalitateen eta kasualitateen ondorio» garela, «gure aurrekoek egindakoen ondorio, gertakizun historikoena, erabaki pertsonalena eta nola ez, zoriarena».
Hitzak Jon Maiarenak dira, eta musika Nacho Sotorena. Jon Maiarena da ahots nagusia, baina ekarpen handia egiten dute Elizondoko Abesbatza Tipiko abeslariek eta Maiak berak zuzendutako bideoan ere presentzia handia dute, Maïmouna Fofana neskatoarekin eta Maiaren oroitzapenekin batera. Ohi duenez, musikari bikainez inguratu da. Pello Ramirez du txeloan, Gorka Hermosa akordeoian, Nacho Soto teklatuetan eta pianoan, Martin Kortaberria biolinean eta perkusioekin Nerea Quincoces. Grabaketa Elkar Estudioan egin da, eta argitaratu ere Elkarrek egin du.
Kontzertu solidarioa bihar zortzi
Bestalde, datorren asteazkenean, hilak 28, Jon Maiak kontzertu berezi eta solidario bat eskainiko du hainbat gonbidatu berezirekin Donostiako Kursaalen 'Kantu bat gara' bere emankizun arrakastatsuaren lehenengo urteurrenean. Urteotan hainbat talde eta abeslarien letragilea da Jon Maia eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen dute bere emanaldiek. Besteak beste Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gari, Anari, Gozategi, Mikel Urdangarin, Ken zazpi edo Pirritx eta Porrotxentzat idatzitako kantuek osatzen dute bere zuzenekoetako kantutegia.
Kontzertu solidario honetan etorkinei babesa ematen dion Irungo Harrera Sarea eta Donostiako kaleetan lo egiten duen jendeari afariak ematen dizkion Kaleko Afari Solidarioak taldea izango ditu bidelagun, kontzertuko irabazien zati bat haientzat izango delarik.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión