Borrar
Hasier Oleaga, Itsaso Etxebeste, Juantxo Zeberio Etxetxipia, Elene Arandia eta Beñat Barandiaranek osatzen dute Tenpora . Iñigo Royo

«Kantu batek ez du mundua aldatuko, baina alternatiba isilik egotea litzateke»

Tenpora taldeak Tolosako Leidor aretoan aurkeztuko du gaur (20.30ean) 'Berriro asma nazazu' diskoa

Viernes, 9 de octubre 2020, 07:30

Comenta

Hasier Oleaga (batería), Itsaso Etxebeste (baxua) eta Beñat Barandiaran (gitarra) musikariekin batera sortutako proiektua da Tenpora. Elene Arandiak (ahotsa) eta Juantxo Zeberio Etxetxipiak (teklatuak) azpimarratu dutenez, «lehen bi diskoetako soinua argia eta garbia zen» eta orain, berriz, «musika apur bat zikindu» dute estetika 'grisago' bat lortuz. Hirugarren lan honetan, ekoizle batengana jo dute estreinako aldiz.

- Zergatik aukeratu zenuten Aitor Etxebarria? Bere lan gehienek ez dute zerikusi handia Tenporaren estiloarekin…

- Juantxo Zeberio Etxetxipia. Ez dugu musika egiten jada dakiguna behin eta berriz errepikatzeko. Egiten ez dakigun horren bila gabiltza. Entzuten dugun hori gara, baina beti ez dakigu nola lortu: soinu berezi hau, kolore hura, estetika eta giro desberdinak... Taldetik kanpoko norbaiten begirada nahi izan dugu, konplexurik gabe guk ikusten ez ditugun gauzak (onak eta txarrak) agerian utz zitzan. Oso pozik gaude harturiko erabakiarekin eta emaitzarekin.

- Tenpora ilundu nahi zenuten?

- J.Z.E. Iluntasuna agian ez da hitza, baina soinu ez hain garbia nahi genuen, hori bai. Instrumentu bakoitzaren soinuaren gainetik taldea eta kantua jarriko dituen soinu eta testura baten bila ibili gara. Aitorrek dioen bezala, «gris-gris». (Barreak)

- Zuen musika poparekin eta jazzarekin lotzen da beti, baina oraingoan, popa nabariki nagusitu den inpresioa daukat.

- Elene Arandia. Hala diote adituek eta baliteke. Ez zaigu gustatzen gure musika genero jakin batera mugatzea. Gure musika ez dugu erlaxatutzat, ezta 'baladista' bezala ikusten ere. Abestietan gauza asko gertatzen dira, denetarako uneak daude, intentsitate gutxiagorekin eta handiagoarekin. Musika bizirik sentitzen dugu eta horretarako atmosfera, kolore eta ñabarduretara jotzen dugu.

- Jazz ikutuak badaude 'Berriro asma nazazu' eta 'Denborak badaki' kantetan, esaterako, baina popa presenteago dago 'Itsasoan ametsak', 'Ainendi zuretzat', 'Esperanza' abestietan…

- J.Z.E. Konplexurik eta presiorik gabe lan egiten saiatzen gara baina ezin dugu ezkutatu bakoi-tza nondik datorren. Jazza, popa, rock-a edota herri musika gure DNA-n daude eta egungo musika eszena ere hurbiletik jarrai-tzen dugu (trapa, neosoula, hip-hopa...), baina hau da Tenpora: kantu bat oso pop izan daiteke, bizpahiru akordez osatua, eta hurrengoa, berriz, ez hainbeste. Maite dugu askatasun hori!

- Kantu borobilagoak ondu dituzuela esango nuke…

- J.Z.E. 2012an hasi ginen. Ibilbide bat dugu atzean eta hori nabari da. Geroz eta hobe ezagu-tzen dugu elkar eta geroz eta erosoago sentitzen gara. Kantuak taldearen gainetik daude eta taldea musikari bakoitzaren gainetik, eta nik uste horrek eragin zuzena duela zuk aipatzen duzun kantuen borobiltasun horretan.

«Ez dugu musika egiten jada dakiguna behin eta berriz errepikeatzeko; egiten ez dakigun horren bila gabiltza»

JUANTXO ZEBERIO ETXETXIPIA

«Bidean gure eragin, interes, bertute, filia eta fobia guztiak nahasten dira»

ELENE ARANDIA

- Bada aldatu ez den gauza bat: Harkaitz Cano eta Karlos Linazasororen hitzak erabili dituzue. Eta Leire Bilbaoren testu bat musikatu duzue…

- E.A. Idazleen lana gertutik jarraitzen dugu, asko gustatzen zaizkigu, eta gu, letristak ez garenez, eurengana jotzen dugu. Aurten, Leire gehitu zaigu bi kantutan, diskoari izena ematen dion kantuko hitzak bereak dira. Izugarri gustatu zitzaizkigun.

- 'Itasoan ametsak' eta 'Esperantza', Juantxok idatzi dituenak, 'Itzulika' (2017) aurreko diskoan egon zitezkeen...

- J.Z.E. Mundu honetan bizi gara eta asko dira egunerokoan kezkatzen gaituzten gaiak. Kantu batek ez du mundua aldatuko, baina alternatiba isilik egotea litzateke. Kontraesan ugari eta ezinegona sortzen digu bizimodu pribilegiatu honetatik Moriako tragediaz edo gure zaharrak zaintzen dituzten migranteez hitz egiteak. Baina, gure buruaz mintzo gara, ez diogu inori leziorik eman nahi. Eta, bai, nahiko anestesiatuta gaude inguruan gertatzen diren injustizia guztiak kontutan hartuta.

- Amodioa eta denbora ere jorratu dituzue kantetan…

- J.Z.E. Dena ez da tragedia izango! Finean, milaka urtetatik hona ez dira gehiegi aldatu jendartearen kezka, ilusio eta plazerrak eta guk ere kantatzen diogu denboraren joanari ('Denborak badaki'), maitasunari ('Ainendi zuretzat') edo bizitzari, mahaiaren bueltan ardo kopa baten inguruan ('Mahatsa hazten den lekua').

- Azken kanta horretan Iparraldeko Xendarineko Ahizpek kolaboratu dute. Haien ahotsek Euskal Herriko kantagintza tradizionalaren kolorea dakarte diskoaren kanta alaienean…

- E.A. Tenpora hori ere bada. Aline eta Karine Etxeberrirekin harremana daukagu, eta kantua horrela sortu zen. Argi ikusten genuen kantu hori 'bonus track' moduko bat izan zitekeela, eta mahai baten inguruan bizitza ospatzeko kantua dela.

- Diskoa martxoan grabatuta zenuten jada, baina nahasketak egin behar zenituztenean, itxialdia hasi zen.

- E.A. Hala da. Baikorrak izaten saiatu gara une oro eta ahal izan dugun neurrian lanean jarraitu dugu. Konfinamenduan zehar 'Denborak badaki' kantuaren aurkezpena aurreratu genuen eta mugak ireki bezain laster ekin genion berriz estudioko lanari.

- Diskoaren titulua nahita hautatu duzuela dirudi… Pandemia garaian asko erabili ohi da «berrasmatu» aditza…

- E.A. Hala dirudi, bai, baina ordurako dagoeneko grabatuta zegoen. Tenpora gu boston bertsiorik zintzoena da; taldea sortu genuen esperimentaziorako, sor-tzeko, zuzenean jotzeko eta gure gozamenerako, eta saiatzen gara bertan islatzen momentuan jakin, entzun eta sentitzen duguna. Tenpora eta gure musika etengabe aldatzen eta birsor-tzen doan izaki biziduna da, eta hirugarren diskoa bide horretan egindako hirugarren geltokia. Ez daukagu helburu jakinik, musika jotzea baizik. Bidean gure eragin, interes, bertute, filia eta fobia guztiak nahasten dira. Etengabe birsortzen gara taldean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Kantu batek ez du mundua aldatuko, baina alternatiba isilik egotea litzateke»

«Kantu batek ez du mundua aldatuko, baina alternatiba isilik egotea litzateke»