Aurreko edizio bateko emanaldi bat jasotzen duen argazkia. arizmendi

Kalera itzuliko da Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren jaialdia

Maiatzaren 5etik 8ra Blas de Otero plazan egingo da festa, eta Eskolako 500 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute.

Lunes, 2 de mayo 2022

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Blas de Otero plaza hartuko du maiatzaren 5etik 8ra bitarte, EMUSIK 2022 musika eta dantza festa bertaratzen den ororekin partekatzeko. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, «aurtengo edizioa berezia da, pandemia hasi zenetik lehen aldia izango baita jaialdia kalera itzuliko dena, bere ohiko formatua berreskuratuz». Hala, 500 ikasle baino gehiago igoko dira taula gainera, lau eguneko jaialdian; publiko orokorrari eskainitako emanaldiak izango dira, doakoak eta afororik gabekoak.

Publicidad

Musika ikasleek maiatzaren 5etik 7ra bitarte hartuko dute kalea, ikasturtean zehar ikasitakoa praktikan jarriz; guztira 22 taldek parte hartuko dute, bandak, abesbatzak, orkestrak, konboak eta big band-ak tarteko. Igande eguerdian, maiatzak 8, jaialdiari amaiera emateko dantza ikasleek emanaldi sorta eskainiko dute.

Gainera, festari umore ukitua eskaintzeko helburuarekin, aurten Eskolako irakasleek emanaldi ganberroa eskainiko dute larunbatean, maiatzak 7; hainbat pieza eskainiko dituzte, egun horretako kontzertu sortari amaiera emanez.

Gonbidatu berezia

Aurtengo EMUSIK jaialdian gonbidatu berezi batek parte hartuko du, Ejea de los Caballeros-eko banda gazteak, hain zuzen; larunbatean izango dira taula gainean, 18:30ean.

Bestalde, EHME Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak nazioarteko musika eskolekin harremanak berreskuratu ditu, eta horregatik, Donostiako Musika Eskolako konboetako batek Luxemburgora bidaiatuko du maiatzaren 26an, Remix 22 Europako Musika Eskolen jaialdian parte hartzeko.

  • Maiatzak 5, osteguna. 17:00 Txistu taldea. 17:30 Saxo taldea. 18:00 Gitarra taldea. 18:30 Klarinete Ensemble Txiki. 19:00 Klarinete Ensemble Gazte. 19:30 Atotxako flautistak. 20:00 Bolling kamerata- 20:30 Luxenburgo konboa.

  • Maiatzak 6, ostirala. 17:00 Trikiak. 17:30 Banda Txiki. 18:00 Orkestra Gazte. 18:30 Abesbatza. 19:00 Konboak. 19:30 Konboak Herrera. 20:00 Big Band III. 20:30 Big Band IV.

  • Maiatzak 7, larunbata. 17:00 Perkusio taldea. 17:30 Orkestra txiki. 18:00 Txaranga PLUS. 18:30 Ejea de los Caballeros banda. 19:00 Banda Gazte. 19:30 Banda Heldua. 20:00 Irakasleen konboa. 20:30 Irakasleen taldea.

  • Maiatzak 8, igandea. 12:15 Dantzako ikasleen emanaldi sorta.

  • Maiatzak 17, igandea. Musika Zineman kontzertu berezia. 19:00etan. Victoria Eugenia antzokian.

Datorren ikasturterako matrikulazio kanpainaren hasierarekin bat eginez, Eskolak musika irakasle zein ikasleentzat oso berezia den kontzertu bat eskainiko du, aspaldi prestatzen aritutakoa baina pandemiaren ondorioz orain arte estreinatu ezin izan dena: Musika Zineman. Adin guztietako jendeari zuzendutako kontzertu-ikuskizuna da, non musikak zineman duen garrantzia azalduko den. Bertan, galako aurkezlea zinema-zuzendari handi batekin elkarrizketatuko da, konpositore sarituenak ezagutuko dituena, eta musikagileek beren filmetako soinu bandan erabiltzen dituzten baliabideak azalduko dizkio, adibide oso praktikoekin.

Publicidad

Emanaldia maiatzaren 17an izango da asteartea, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian; sarrera doan izango da, eta gonbidapenak antzokiko lehiatilan izango dira eskuragarri maiatzaren 11etik aurrera. 11:30etik aurrera jaso ahal izango dira, pertsona bakoitzeko 4 gehienez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad