Kala, Zuriñe Hidalgoren bakarkako proiektu berria
Seiurte taldearen 'Barkatu' abestiaren «egokitzapen erradikala musikarekin adiskidetzeko eskutitz intimoa» da, Hidalgok konta bezala «katarsi-une batetik» sortua
Lau urteko geldialdiaren eta «ibilaldi pertsonal sakon baten ondoren», Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990) musikara itzuli da, «erraietatik» hitz egiten duen Kala proiektuarekin. Ez da plazaratu zuen berri bakarra, 'Barkatu' singlea ere kaleratu baitu gasteiztarrak. «Barkamena eskatu eta musikarekin adiskidetzeko eskutitz intimoa» dela azaldu du.
Baliteke kantua entzuleren bati ezaguna egitea. Seiurte taldearen izen bereko abestiaren «egokitzapen erradikala» da, Hidalgok konta bezala «katarsi-une batetik» sortua. «Esentziatik eta intuiziotik egin nahi dut musika. Askatasunez eta, betiere, zintzotasunez», azaldu du artistak. «Emozio hura iparrorratz bihurtu zen. Itzultzeko behar zuen bultzada izan zen.»
Abestiaz gain, Kala proiektua, xehatu duenez, ez da bere itzuleraren izena soilik, baizik eta baita printzipioen deklarazio bat ere. «Hawaiiar antzinako jakindurian inspiratutako izena da, 'ez dago mugarik' esan nahi du, eta askatasun horrexek, hain zuzen ere, zeharkatzen du bide artistiko berri hau».
Musikaren lehen lerroan urte luzez protagonista izan zen Hidalgok 2021eko urtarrilean «atseden musikala» hartzea erabaki zuen. Orduan Hesian taldeko abeslaria zen, eta ETBko zenbait saiotako aurkezle ere. Geroago adierazi zuen bezala «distantzia eta perspektiba» behar zituela nabaritu zuen, «geratu, barrukoak entzun, sentitu eta errespetatu» nahi zuela. Duela aste batzuk aurerratu zuen «loratzea» 2025ean izango zela, orain Kala izan dena.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.