Izaki Gardenak, Eskean Kristö, Holako Deluxe eta Diabolo Kiwi taldeek Baigorrin joko dute igandean

Izaki Gardenak, Eskean Kristö, Holako Deluxe eta Diabolo Kiwi taldeek Baigorrin joko dute igandean
Basaizea

Kulturaldia ekimenaren baitan eskainiko dituzte kontzertuak apirilaren 28an, Nafarroaren Egunean

EL DIARIO VASCO

Basaizea Kultur Batasunak urtero antolatzen duen Kulturaldia ekimenaren baitan, igande honetan —hilak 28— Nafarroaren Eguna ospatzeko kontzertuak emango dituzte Izaki Gardenak, Eskean Kristö eta Diabolo Kiwi taldeek.

Nafarroaren bateratzea aldarrikatzeko antolatzen den jaialdia 08:00etan hasiko da Gaineko plazan. Merkatu eta jarduera ezberdinak abiatuko dira orduan plaza berean: Garaztarrak, Bolantes de Luzaide eta Tuterako dantza taldeen emankizunak, besteak beste.

Eguerdian, Iparraldeko ikastolek prestatutako bazkaria egingo da, Ezpela, Uztari-tze, Kuxkuxtu eta Mutil gazteak txarangek jotzen duten bitartean. Azkenik, kontzertuak 15:00etan hasi eta 23:30etan amaituko dira.

Bestalde, apirilaren 27an —larunbata— Charlie Chaplinen 'Haurra'-rekin zine-kontzertua prestatu dute. Baigorrin pasatako denbora gogoratu nahian aukeratu dute autorearen lan hori, eta Xake Orkestrak zuzenean musikatuko du.

Lehenik, beste bi film labur botako dira, zuzeneko musikarekin: Nafarroaren Eguneko irudi zaharrekin egindako film labur bat, eta 1956an André Madré hazpandarrak Euskal Herriko irudiekin osatu zuen 'Gure sor lekua'. Aurkeztuko duten lana film originalaren 20 minutuko bertsio labur mutua da, Josu Martinezek muntatua, Joserra Senperena konpositorearen musika originalarekin.

Kulturaldia —denbora luzean Kultur Astea deitu izan zena— 1979 urtean sortu zen. Baigorriko eskualdean euskarazko ekitaldiak forma ezberdinetan eskaintzea du helburu: ikuskizun, antzerki, kantaldi, eztabaida, gogoeta… Hutsune bati erantzuteko sustatu zen, euskarazko sorkuntza eta emanaldiak oso gutxi zirenean.