Ines Osinaga | 'Dena aldatzen da'

Doluaren aitortza eta aldaketaren aldeko aldarria egiteko abestia

Ines Osinaga musikari arrasatearrak 'Dena aldatzen da' kantua eta bideoklipa aurkeztu du

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 22 de junio 2022, 13:04

Ines Osinaga musikari arrasatearrak egun berezia aukeratu du 'Dena aldatzen da' abestia eta bideoklipa aurkezteko abestiarekin duen lotura dela-eta. 1982an Julio Numhauser txiletarrak sortu eta 1984an Mercedes Sosak grabatu eta sekulako arrakasta izan zuen 'Todo es nada' kantaren bertsioa da, Miren Amurizak euskarara ekarrita. Horratx lotura, 2017an Berria egunkarian idatzitako zutabe bat medio «barruan zerbait piztu» baitzitzaion zerbait Osinagari.

Publicidad

Aurrez, noski, abestia ezaguna zuen. Baina ordu arte ez zuen une hartan sentitutakoa bizi. «Miren Amurizaren hitz hauek eta ukelele batek bizitza salbatu zidaten behin», adierazi du musikari arrasatearrak. Ukelelea hartu eta etxean doinua jartzen hasi zen, gerora audioa bidali zion Amurizari eta aurkeztu berri duena da azken emaitza.

«Dolu asko juntatu zitzaizkidan: postparto infernal bat pasa nuen eta ezin nuen soinua jantzi; gazte izateari uzten nion bolada zen eta izandako Ines hura atzean uzten nuen», kontatu du ETB1eko Biba Zuek saioan. Aldaketa horiek ez dira errazak, «erresistentziak» sortzen dira-eta, Osinagaren hitzetan eta, horregatik, «doluaren aitortza eta aldatzearen aldeko aldarria» da abestia.

'Dena aldatzen da'.

Hurrengo astean 'Itsasoa da bide bakarra' diskoaren grabazioan buru belarri murgilduko da musikari arrasatearra, Elkar Fundazioak maiatzean emandako Joseba Jaka bekari esker. Hiru zatiko proiektua izan da. Kuban martxoan egindako erresidentzia musikalean ikerketa eta sormen lana egin zituen; materiala lantzeko erabili ditu azken hilabeteak eta datorren astean sartuko da estudiora diskoaren A eta B aldeak grabatzeko.

Aurrez «bota zuriekin» eszenatokira igotzen zen Ines harri zer gertatu zitzaion kontatu eta elkarbanatu nahi izan du. Asmo horretan kokatzen dira bere 40. urtemugan kaleratu zuen 'Rimmel', Gose taldeko abestiaren bertsio intimo eta gordina eta aurkeztu berri duen 'Dena aldatzen da'.

Publicidad

'Dena aldatzen da'

  • Hitzen itzulpena: Miren Amuriza.

  • Musikaren moldaketa: Ines Osinaga.

  • Musika eta hitzak: Julio Numhauser.

  • Ahotsak, ukelelea, panderoak panderetak eta larru guztiak: Ines Osinaga.

  • Soinu ingeniaria, nahasketak eta masteringa: Victor Sanchez.

  • Ekoizpena: Ines Osinaga.

Olatu arteko txalupa arraroa

Ez da Osinagak esku artean duen proiektu bakarra. Izan ere, larunbat honetan, ekainak 25, 22:00etan 'Olatu arteko txalupa arraroa emanaldia' eskainiko du Joseba Sarrionandia idazlearekin batera Debako Plaza Zaharrean.

Ikuskizun musikatua eta poesia errezitala izango da, duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Habanan sortu zituen dozena bat testu oinarri izanda.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad