Borrar
Oskorri taldearen agur kontzertuko irudia 2015ean. Pedro Martinez

Hamar urte igarota ere, Oskorriren ondarea bizi-bizirik

Oholtzak 2015ean utzi izanagatik, taldearen eragina oraindik oso presenta da musikan, euskaran zein gizartean

Jon Agirre

Donostia

Igandea, 23 azaroa 2025, 08:28

Comenta

Gu gaituzu Oskorri / zuri, berde eta gorri / umorez gara etorri / zuen guztion pozgarri». Apenas esaldi bat hamarkada luzeetan Euskal Herriko oholtzetan gora eta behera, aurrera eta atzera, ibili zen talde baten filosofia ederki jasotzeko. Kalitatezko musika, euskara lehen lerroan, pasioa kiloka eta transmisioa oso presente, parean zuten publikoa inplikatzeko nahia eta bulkada bezain beste. Azaroaren 22an beteko dira 10 urte Bilboko Arriagako eszenatokitik mikrofonoa hartu eta despedida modura «maite zaituztegu, gero arte, hurrengora arte, betira arte» esan zutenetik. Bidean utzitako zifrak ikaragarriak izanik, 45 urte, 30 disko, 500 kantu edo 3.000 kontzertu, batzuk aipatzearren, askoz ere handiagoa eta sakonagoa utzitako arrastoa, itzala. Euskara batuaren egonkortze eta zabalpenean; euskal hiztunen belaunaldiak, gazteak zein euskaldun berriak, gerturatzeko; euskal musika bera zabaltzeko eta kalitatea igotzeko edota kulturaren transmisioan. Azken datu hotz bat: hilero 40.000 entzuletik gora ditu taldeak Spotifyn. Aipatutakoa eta gehiagoz mintzo dira Ruper Ordorika eta Joserra Senperena musikariak, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Aiora Sampedro EHUko ikerlaria.

Hasierak ez ziren errazak izan eta Francoren diktadura-garaiko debekuei zein boikot saiakerei aurre egin behar izan zien Oskorrik. Ordorikak oroitu bezala «profesionaltasun eta nortasun handiko» musika-taldea zen, baita «iritziduna» ere, «eta ondorioz eztabaidatua». Nola egin zuten aurrera? «Talentuz eta ekinez».

Bide-irekitzaile lan horrek «ondare handia» utzi du Senperenarentzat. «Euskal folkeko abesti asko eguneratu zituzten, abesti berri asko sortu zituzten, instrumentu tradizional eta modernoak uztartu zituzten, eta hori guztia ikusi ez genuen bikaintasun maila batekin». Bilboko ikasle denboretan bizi izan zuen Ordorikak eta Natxo de Feliperen lehen kontzertua ikustean «aurreiritziak aidean» joan zitzaizkiola oroitzen du. «Maila handiko proposamena iruditu zitzaidan! Anton Latxarekin aritu zen, euskaraz guztizko ingurune erdaldunean, eta musikaltasun bereziarekin». Eragina ez zen hor geratu, dioenez ostean batu zitzaien Bixente Martinezekin batera «funtsezkoak» izan baitziren oñatiarra eszenatokira bultzatzeko. «Natxok behin eta berriro bultzatzen ninduen eta haien emanaldietako lehen partea egiteko gonbidatzen». Hori ere zor, beraz, Oskorriri. Kariño bereziz oroitzen du ere 25. urteurrena ospatzeko antolatu zen ospakizuna. «Oskorrik merezi zuen hura: Mikel Laboa, Martin Carthy, Gabriel Yacoub...Haien artean aritzea gauza handia izan zen, bai».

Imagen principal - Hamar urte igarota ere, Oskorriren ondarea bizi-bizirik
Imagen secundaria 1 - Hamar urte igarota ere, Oskorriren ondarea bizi-bizirik
Imagen secundaria 2 - Hamar urte igarota ere, Oskorriren ondarea bizi-bizirik

Senperenaren kasuan, gainera, oihartzun horiek inspirazio itzela izan dira ibilbidean, bai berbenetan euskal folk jotzean, esaterako 80ko hamarkadan Niko Etxart-en 'Minxoriak' taldean; 90eko hamarkadan ETBko zuzeneko saioetan zein estudioan grabatutako lanetan, adibidez Txirri, Mirri eta Txiribitonen diskoak ekoiztean. «Joxe Inazio Ansorenarekin bi disko grabatu ditut eskuz esku txistu eta pianorako; haietan guztietan Oskorrik musika tradizionalarekin izandako tratamendua erreferentzia izan dut».

Folk etiketa, hala ere, Oskorri mugatzea litzateke, ia era guztietako generoak uztartu baitzituzten. «Etengabe aldatzen ibili zen, nire ustez hiru zutabeen gainean: Natxo, Anton eta Bixente», dio Ordorikak. Oso presente du formazio hura, aspaldian Bergaran ikusi bazituen ere. «Gehien gustatu zitzaidan aldaera izan zen».

Euskara, ardatz

Aldaketak aldaketa, finko izan dena euskararekiko konpromisoa izan da. «Oskorriren historia eta euskara batuaren historia nahiko paraleloan doaz», dio Urrutiak, besteak beste hasieratik De Felipek Gabriel Arestirekin izan zuen harreman «oso estuagatik. Aresti euskara batuaren apustuluetako eta bultzatzaileetako bat zen eta Oskorrik batu eta bibatu egin dituelako tradizioak, klasikoak, baina herrikoiak ere». Ez da txikikeria euskaltzainburuarentzat, «mutatis mutati» belaunaldi berrietara, gai gazte zein euskaldun berriengana, euskara modu ludikoan eraman baitu eta, beraz, harrobi lan itzela egin. «Azken batean horrek integratu egiten zaitu kultura edo hizkuntza batean».

Arestiren eragina, noski, ez zen euskara batura mugatu. Sampedrok oroitu bezala harreman pertsonal hori –Bartzelonan ezagutu zuten elkar eta Natxo de Felipe 'Poetaren hitzak' musikatzen hasi zen– profesional ere izan zen. «Bi-bien ibilbideak ia banaezinak dira Oskorri kantu-jiran hastetik». Baita lehen ikuskizunean, 'Oskorri gaitz', edo lehen diskoan 'Gabriel Arestiren Omenez' (CBS, 1976) ere, zein gerora, 80ko hamarkadan Maskarada antzerki taldearen lanetarako ondutako musikan edo 2015ean egindako 'Hauxe da despedidia' agur biran. «Kantatutako kantuekin egindako omenaldia egin zioten. Letra asko berariaz sortu zizkion [Oskorriri] eta bandak ere hala ulertzen zuen».

Harremana aldebikoa izan zen eta poetaren lana gizarteratzeko bultzada ere ez zen makala izan. «Letrek, folk banda batek kantatuak, elkarretaratzera deitzen zuten. Kantarik ezagunenetan, 'Guretzat', 'Gora ta gora beti', kolektibitateari erreferentziak daude etengabe. Euskal gizarteak 70eko hamarkadako horretan behar zuen identifikazio kolektiboa eskaintzeko, funtsezkoa izango da», iritzi du Sampedrok. Bat datoz Urrutia, Ordorika eta Senperena, beste adibide batzuk gehituz –Etxepareren diskoa, Marijane Minaberrik idatzitako testuekin egindako 'Marijane kanta zan!' (Elkar, 1997)– eta lehenak esan bezala, «herri literatura eta bestelako idazle jasoak ere» eman zituztela azpimarratuz.

Beti, gainera, publikoaren partaidetza sustatuz. Ondarearen parte 1996tik 2008ra San Tomas egunean grabatutako hamahiru 'Pub Ibiltaria' diskoak.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hamar urte igarota ere, Oskorriren ondarea bizi-bizirik

Hamar urte igarota ere, Oskorriren ondarea bizi-bizirik