Gose bertsio soil eta intimoagoan
Ukelelearen laguntzarekin, Ines Osinaga abeslariak Gose taldearen 'Rimmel' abestiaren bertsioa aurkeztu du
Gose taldearen izpiritua mantenduta baina modu soilagoan, adornu gutxirekin, aurkeztu du Ines Osinagak 'Rimmel' kantuaren bertsioa, taldeak 2009an aurkeztu zuenaren bertsio «askea, nigatik eta nire kide guztiengatik», abeslariak azaldu duenez. Sei urte igaro dira azkenekoz hain 'bereak' dituen bota zuriak jantzi zituenetik.
Publicidad
Ukelelea eta ahotsa soilik, Victor Sanchez soinu ingeniariak egindako nahasketak eta mastering-aren laguntzarekin. 'Rimmel' kantua Gose taldearen kuttunetako bat da, mordoa dantzatu dena Euskal Herrian zehar. Bai orduan zein geroztik. Bertsio soilago honetan hitzak «inoiz baino zentzu gehiago» hartu dute Osinagarentzat, «egunez eta azpikeri» gabe. Intentzio deklarazio argia.
«Nire kanturik teknoenetariko bat da 'Rimmel', eta atzera begira konturatzen naiz zein garrantzitsua izan zen niretzat konturatzea nola aldatzen den guztia desiragarri izatetik desiradun agertzera pasa nintzenetan. Duela hamar urteko Ines neska gazte hari kantatzen diot, eta eskertza kantu bat ere bada hau, aitortza bat, iragana besarkatze bat eta bakeak egite bat», azaldu du Osinagak.
Elkarrek azaldu duenez «urte hauetan amatasuna, zaintza eta gaixotasunak izan ditu hizpide. Ez dira urte errazak izan baina horrek ez du bere eszenatokietara igotzeko gogoa eta sorkuntza itzali». Izan ere, 2017 eta 2019 bitartean #alutik proiektuarekin hainbat kontzertu burutu zituen, erregistro oso intimo batean.
Fitxa
-
Abestia: 'Rimmel'.
-
Ines Osinaga: ahotsa eta ukelelea.
-
Soinu ingeniaria, nahasketak eta masteringa: Victor Sanchez.
-
Ekoizpena: Ines Osinaga.
-
Grabazioa: Elkar estudioan, 2022ko urtarrileko «egun eguzkitsu batean».
Joseba Sarrionandiarekin batera ikusi dugu urtarrila amaieran, eta Kubara ere joan da kantu berriak sortu eta grabatzera. Han jorratutakoarekin garatu du Elkar Fundazioak ematen duen Joseba Jaka bekarekin saritua izan den 'Itsasoa da bide bakarra' proiektua. Orotara 10.000 euro jasoko ditu (5.000 sormenerako eta gainerakoa Elkar estudioko orduetan) eta urtebeteko epea izango diskoa grabatzeko.
Publicidad
Epaimahaiak «duela zortzi urte argitaratutako Gosariak diskoarekin joan-etorriko bidaia edo harreman dialektikoa» planteatzen duela azpimarratu zuen, «proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabatutako» hamar kanta ere izango ditu.
Gose taldeak 2005ean argitaratu zuen lehen lana. Ordutik hirukotea bere horretan mantendu da: Ines Osinaga abeslari eta soinu jotzaile, Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga Osoron gitarra-jotzailea. Hiruek aurrez talde ezberdinetan arituak dira. Orotara zazpi album kaleratu dituzte eta 'Eutsi' filmerako edo 2011an izan zen 17. Korrikarako musika sortu dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión