Azken hamarkadetako film ezagunenetako musika, irudiak eta ahotsak
Irailaren 1ean ohiko kontzertu baten formatua txiki geratzen zaion ikuskizun guztiz berezia eskainiko du Euskadiko Orkestrak Donostian
Martes, 23 de agosto 2022, 13:30
Mundu guztiari ezagunak egiten zaizkion soinu-bandak, film askoren arrakastan zerikusi zuzena izan dutenak, berpiztuko ditu datorren astean Euskadiko Orkestrak Donostiako Kursaalen eskainiko duen '¡De película!' emanaldian. Irailaren 1ean, ostegunarekin, 20:00etan hasiko den saioa kontzertu bat baino gehiago izango da. Adin guztietako ikus-entzuleei zuzendutako «zine-musikako ikuskizun» gisa aurkeztu dute, «zinema-proiekzio orotan 'ikusezinak' diren elementuekin jolasten» duena; musikarekin eta pertsonaien ahotsekin.
Publicidad
Horretarako, Orkestrarekin batera Jordi Brau eta Luis Posada bikoizketa-aktoreak izango dira agertokian, azken hamarkadetako film ezagunenen irudiak ikusten diren eta musika entzuten den bitartean. 'Karibeko piratak', 'Titanic', 'Deabruzko panpina', 'The Mask', 'Erregearen hitzaldia', 'Bizitza ederra da' eta beste asko. Bi aktoreok Jack Sparrow, Forrest Gump, Jurgi VI.a eta Chucky bezalako pertsonaiei ahotsa jarriko diete eta zine-kontzertu zirraragarri honi benetakotasun handia emango diote.
«Bertan Jack Sparrow kapitaina ezagutuko dugu —ordurako bere 'Perla Beltza' Kontxan ainguratua izango du—, banku batean eseriko gara Forrest Gumpen ondoan bere bonboi-kaxa eskuetan duela, eta Mrs. Doubtfire in fraganti harrapatuko dugu, merengezko aurpegiko maskararekin», aurreratu dute kontzertuaren berri ematean. Jordi Brau Sean Penn, Nicolas Cage, Kenneth Branagh, Dennis Quaid, Robin Williams, Tom Cruise, Daniel Day-Lewis, Roberto Benigni eta Tom Hanks aktoreen bikoizlea da, besteak beste. Bestalde, Luis Posadaren ahotsak Johnny Depp, Jim Carrey, Adrien Brody, John Cusack edo Leonardo Di Caprio aktoreak interpretatzen ditu. Lokuzioa gaztelaniaz izango da, euskarazko azpitituluekin. Tarifa orokorra 25 eurokoa da, eta abonatuen murriztapena 20 eurokoa, gehienez bi sarrera erosteko aukerarekin.
Valleseko Orkestra Sinfonikoak sortu zuen proiektua, harekin batera joateko propio idatzitako gidoi batekin, eta arrakasta handia izan du dagoeneko aurkeztu den kontzertu-areto guztietan. Orain Euskadiko Orkestrak kontzertu-formatu original eta desberdin hau hartuko du bere gain Donostian irailaren 1ean egingo den hitzordu bakar honetarako. Kontzertuak Ruben Gimeno EGOren (Euskal Herriko Gazte Orkestra) zuzendaria izango du buru eta Laboral Kutxaren babesa izango du.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión