Borrar
Iratxe Etxeandia

Lide Hernando | Bele

«Gogoa neukan kontzertuak dantzagarriagoak izateko, festa giro gehiago sustatzeko»

Donostiarrak Bele proiektuko bigarren diskoa aurkeztu du, funk eta diskora gerturatuz, baina «martzianada» gabe. Durangoko Azokan izango da eta bira 2026an hasiko du

Jon Agirre

Donostia

Igandea, 30 azaroa 2025, 09:40

Comenta

Badira urte batzuk Anarik «erori banaiz ere, gorantz erori naiz» esaldia, ia mantra, utzi zuela. Oihartzuna, eragina, esaldiaren sakontasunaren tamainakoa izan zen. Filosofia berari helduta aurkeztu du Lide Hernandok Bele proiektuaren bigarren diskoa, 'Muturrez Zerura' (Bidean Produkzioak). Durangoko Azokan Landako gunean erakusmahai izango du (Musikaren Plaza, 052) eta, horretaz gain, diskoa aurkeztuko du Plateruenan.

Adierazpenetan beti zintzo eta oso garden, «zorigaitzean regodeatzeko» oso berea dela dio eta hori atzean utzi nahi izan du lan berrian. «[Musika] egiten den pasioa dudalako, gustatzen zaidalako. Bi alde horiek konbinatzen ditu, festan negarrez egotea, aurrera eginez», dio barre artean. Unibertso bisualean -2025eko otsailetik landu du Iratxe Etxeandiaren laguntzarekin- zein lehen aurrerapen kantuetan ere islatu du, esaterako 'Basamortuan' kantuan. «Beti gustatu izan zait irudia zaintzea. Landu dut asko, inoiz baino gehiago, inoiz baino koherentzia handiagoa erabili dut bisualki», dio. Irudiaren indarraren jakitun, «zerbait inpaktantea» nahi zuen, «begira jotzen zuena eta biolentoa bazen ere trasfondoa izango zuena». Indarkeria hori, ordea, ez da soilik fisikoa. «Gure musika sisteman biolentzia asko dago, inplizitoki bada ere, emozionala. Horri aurre egitea eta horren alde ludikoa islatu nahi nuen». Horregatik, besteak beste, lentejueladun soineko morea. «Hamaika urte daramat musikan, nik uste badela denbora bat, asko da (barreak), eta bide hau ez da erraza izan eta ez da erraza izango. Konprobatu dut nola funtzionatzen duen honek (musikaren industriak) eta erorketak konstanteak dira. Baina puntu batean hartu nuen determinazioa erorketa bakoitza altxaldi bat izan zedin saiatzekoa»

Liher ostean abiatutako Bele proiektuan rock-a alboratu eta «gehien maite ditudan estiloetara» gerturatu da maiz aipatzen duen «zintzotasun» hori zutabe. Hala ere, kontziente da ez direla «predominanteak» euskal eszenan eta, horregatik, ez du «martzianada» bat egin. «Hemen mainstream egiteko ariketa egin nezakeen estilo horietara joz, baina zintzotasuna ariketa bat eginez... Garrantzitsua iruditzean zait gizartearekin komunikatzea ez martzianadak egin. Niri hau gustatzen zait, baina gustatzen zaidanaren barnean jendeak disfrutatzeko zerbait eginez».

'Muturrez zerura'

'Muturrez zerura'
  • Artista: Bele.

  • Diskoetxea: Bidean Produkzioak.

  • Prezioa: 15 euro.

  • Euskarria: CD eta LP.

  • Entzungai: Spotify salbu, plataforma digital guztietan. YouTube, Bandcamp, Deezer, Apple Music...

Hala, «dantzagarriago» egiteko, funk edo disko doinuetara gerturatu da. «Gogoa neukan kontzertuak dantzagarriagoak izateko, festa giro gehiago sustatzeko». Noski, kantu guztiak ez dira korte berdinekoak. Besteak beste konposatze eta ontze prozesua denboran zertxobait luzatu da esku artean proiektu ugari izan dituelako, tartean potoloena Fermin Muguruzaren nazioarteko bira. «Ezinezkoa neukan eserialdi batean egin edo hilabete bat hartu eta hasi eta buka konposatu». Hala, su moteleko prozesu horretan nolabait «petatxoka eginda» eta batik bat «denborak baimentzen zituen tartetxoetan», nabaritu du «emozionalki leku ezberdinetan» egon dela. Diskoari eklektikotasun ukitu bat eman dio «soinu aldetik», baina izenburutik beratik argi izanik filosofia -'Muturrez Zerura' izenburua ez da ausazkoa-, ez du batasun hori galdu.

Durangoko Azoka eta bira 2026an

Hasiera batean 'Muturrez aurrera' diskoaren aurkezpen-bira 2026ko urtarrilean hastea zen asmoa, baina bidera atera diren bi aukerari ezetz esatea ez zen zilegi. «Horrelako lekuetan egitea aurkezpenak urduritzen nau, baina oso okasio politak dira eta ezin dugu galdu». Hala, diskoan islatutako gora egiteko asmo horrekin izango da batetik, aipatu bezala abenduaren 8an Durangoko Azokan Plateruenan 13:20etan hasita, eta ostean, abenduaren 17an, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriuman 'Zorionak, Iñigo' jaialdian. Fermin Muguruzak antolatua, Matah-rekin batera. «Hain gauza potentea, ez zitzaidan iruditzen nire buruarekiko bidezkoa ezetz esatea».

Jada 2026an lau emanaldi ditu agendan, nahiz eta «gehiago etorriko diren»: urtarrilaren 22an Bilboko Kafe Antzokian, 30ean Gasteizko Izaskun Arruen, otsailaren 6an Legorretako antzokian eta 13an Donostiako Dabadaba aretoan.

Sareetan zein agerraldietan maiz esan duen bezala, Lide Hernandok bat egin du Musikariak Palestinarekin plataformaren aldarrikapenekin eta duela aste gutxi Spotifytik euren musika kendu zuten 162 artistetako bat da. Diskoa, noski, gainerako plataformetan entzungai da.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Gogoa neukan kontzertuak dantzagarriagoak izateko, festa giro gehiago sustatzeko»

«Gogoa neukan kontzertuak dantzagarriagoak izateko, festa giro gehiago sustatzeko»