«Gaur garenaren irudia eta soinua harrapatu nahi ditugu»

Jurgi Ekiza, Felix Buff eta Xan Bidegain dira Willis Drummond taldeko kideak./
Jurgi Ekiza, Felix Buff eta Xan Bidegain dira Willis Drummond taldeko kideak.

Hamar urte bete dituen Willis Drummond taldeak grabatu egingo du larunbat honetan Intxaurrondon eskainiko duen kontzertua, CD/DVD bat kaleratzeko asmoz

JUAN G. ANDRÉS

Urte hasieran lau taldekide izatetik hiru izatera pasatu zen Willis Drummond Iparraldeko rock taldea: Jurgi Ekiza (ahotsa eta gitarra), Xan Bidegain (baxua) eta Felix Buff (bateria). «Otsailean, lehen kontzertua Baionan eman eta biharamunean, Japoniako gure lehen birari ekin genion», gogoratu du Ekizak. Hango emanaldiak «oroitzapen gisa» grabatzen hasi ziren, baina «kalitatezko zerbait» egiteko gogoa sartu zitzaien, batez ere ondorengo 'Gure tokiak' birako «sentsazio onak» ikusita.

– Duela bederatzi urte, Psilocybenean grabatu zenuten estreinako zuzenekoa...

– Hura gauza berezi bat izan zen. Aukera sortu zitzaigun eta kontzertua grabatu genuen gu ikustera etorri zirenei emateko. 200 disko eskaini genituen eta gainontzeko 300ak saldu egin genituen. Oraingoan, kalitatezko zuzenekoa izanen da, askoz ere ikusgarri eta landuagoa, bai soinuaren aldetik eta bai irudiaren aldetik, bideoa ere grabatuko dutelako Berde Produkzioak-eko lagunek. Azken hilabeteotan landu ditugun argiak ere zaindu behar ditugu, baita muntaia ere, taldearen irudi fidela izan dadin.

– Taldekide ohiak gonbidatu behar dituzue kantaren bat zuekin batera jotzeko?

– Hori egin genuen Joseba Baleztenaren azken kontzertuan, urtarrilean, Rafa eta Pollux berriz gomitatuz ere, Bilboko kafe antzokian... Hunkigarria izan zen oso, kontzertu itzela benetan, baina CD/DVD honetako ideia bestelakoa da: gaur egungo Willis Drummond-en zentratu nahi dugu, gaur garenaren irudia eta soinua harrapatu eta hirukote moduan grabatu.

– Azken urteotan, musika mundua zeharo aldatu da. Zentzurik ba al du diskoak era klasikoan ateratzeak?

– Gaia sakona da... Argi dago dena aldatu eta aldatzen ari dela eta agian ez da momenturik onena CD/DVD bat argitaratzeko! (Barreak) Baina zuzeneko bat grabatu nahi genuen eta momentuz, ez dugu beste formatu fisikorik atzeman! Mundu berri bat atzematekoa da oraindik eta den-dena soilik 'inmateriala' bilakatzea apur bat arraroa litzateke... Salmenten bidez baino, badakigu diskoa gehiago zabalduko dela Interneten. Baina gure kasuan, salmenta fisikoa oraindik ezinbestekoa da horrelako proiektu batek argia ikus dezan... Egun, CD bat ala DVD bat erostea taldeari sustengu ekartzea bilakatu da batez ere, baita kontzertuen ala Durangoko azokaren kasuan, elkar ezagutzeko ala elkar topatzeko, taldekideok eta publikoak.

– Iaz, atera zenuten bi kantu zituen singlea, Jon Iraundegiren argazki-liburuarekin batera… Buelta bat eman behar zaio musika industriari?

– Buelta bat eman behar zaio bai ala bai... Ez badiogu geuk ematen, bera berez aldatuko da... Baina bon, ez gara batere «lehengo garaiak hobeagoak ziren» pleinitzen diren horietakoak. Mundua aldatzen ari da eta, alde batetik, gu saiatzen gara moldatzen berari, eta bestetik, gure maila xumean mundu berri 'hobe' bat eraikitzen, ekintza eta balore batzuk biziaraziz... Gure kontraesanekin noski, denok bezala, baina kontzienteki bederen. Eta horren gainetik, noski, sorkuntza badago, baita gauza politak eta onak egiteko gogoa ere, sinpleki... Hori izan zen Jon Iraundegirekin egin genuen liburuaren mamia.

– Kontzertuak ala estudioak? Zerk pizten zaituzte gehien?

– Sentsazio oso ezberdinak dira... Betidanik, bultzatu eta handiarazi gaituzte kontzertuek. Hirukote gisa segitzea desafio moduko zerbait bazen ere, azkenean kristoren plazerra hartu diogu, eta uste dut gure arteko harremana ere edertzen duela, hiruren arteko erlazioa kasik intimoa bilakatu baita. Bestetik, estudioa da sorkuntza momentu hori non zure buruan eta taldekideen artean soilik existitzen zena gauzatzen baita... Hasieran presio gehiegi ezartzen genuen geure buruen gainean, baina denborarekin –eta ziur aski, baita adinarengatik ere– gero eta plazer handiagoarekin joaten gara estudiora. Gogotsu gara berriz hasteko benetako estudioko lan bat egiteko...

– 'Tabula rasa' (2016) duzue azken disko luzea. Ba al duzue kanta berririk?

– Ideiak elkarri erakusten hasi gara, gauza batzuk probatzen, bakoitza bere aldetik maketatzen... Benetako estudio lan bat egin nahi dugu eta kantak zinez landu... Oraindik goiz da jakiteko nolakoak izango diren. Gu ez gara kontzeptu batetik abiatzen: kantak gauzatzen ditugun heinean deskubritzen ditugu azkenean... Beti funtzionatu dugu horrela...

– Konposatu eta jotzeko garaian, zer eragin du lau lagun izatetik hiru izatera pasatu izanak?

– Esperientzia ezberdina da beti zenbat garen eta nortzuk garen arabera. Beti erraten dugu hau baina guretzako, geu garena adierazteko tresna bat da musika... Beraz, zentzu horretan, normala da gauza ezberdinak izatea aldi oro... Momentuz, berrikuntza nagusia da Felixek berak ideia eta kanta aunitz ekartzen dituela, eta hori ongi da. Hiru lagun gara taldean orain, baina hiruok ekartzen ditugu ideiak, baita iritziak eta moldaketak ere...

– Eta beharbada, energia gehiago erakutsi ahalko duzue hiru lagun izanik…

– Oraindik ez dakigu hurrengo estudioko lanetan nola izango den, baina orain ematen ari garen kontzertuetan, aunitzetan entzuten dugu indar gehiago dagoela, inpaktu gehiago, zerbait frontalagoa-edo... Momentuz, harrera oso ona izan du hirukote formatuak... Rafa eta Joseba ezingo ditugu sekulan ordezkatu, noski, baina buelta bat emanez kantuei lortu dugu beste zerbait aurkeztea... Eta bai, energiari dagokionez, kaloriak milaka eta milaka galtzen ditugu eszenatokian!

– Jo eta ke ibili ohi zarete, Europako jaialdi eta eszenatoki askotan jo duzue, baita Parisko Olympia mitikoan ere … Nolako ibilbidea egitea gustatuko litzaizueke?

–Betiko ametsekin segitzen dugu: kanpora joan nahi dugu jotzera, urte hastapenean Japonian egin dugun bezala, eta disko onak egin, jendea bildu kontzertuetan, gauza ederrak egin... Hori dena askatasun osoan egonez, eta hortaz biziz, praktika etikoei eutsiz... Oreka hauek mantentzea ez da beti erraza, baina horretan gabiltza, eta gaur egun, musika da hiruon ogibidea: zorte handia dugu... Batez ere saiatzen gara zerbaiten esperoan ez bizitzen, baizik eta plazerra hartuz gauzak egiten... Hori da zailena seguraski...

– Eta nola ikusten duzu gaur egun Euskal Herriko musika panorama?

– Berriz ere galdera sakona! Musikalki, uste dut inoiz baino aberatsagoa dela... Eta sorkuntza forma onean dago, kantitatea zein kalitatearen ikuspuntutik. Baina bistan da euskal kulturak sufritzen duela kultura kontsumo modu berrietaz eta beste kulturei gertatzen zaien bezalaxe, desmaterializazioak eta kultura komunitarioak garrantzi handia dute. Hots, entzulegoak, irakurlegoak eta abar oso bereziak bihurtzen dira, oso espezializatuak, mikrokomunitate batzuk sortuz... Kultura hegemonikoetan pasatzen denean, ez da hain larria, jende asko dagoelako komunitate bakoitzean, baina gure kultur txikian eta hain euskaldun gutxirekin, jendeak bereiztea hainbeste arazo bat izaten ahal da... Batez ere, euskaldunok ez dugunean beti euskarazko kulturarik kontsumitzen ere... Beraz, hor ere, mundu bat eta tresna batzuk asmatzeke daude sorkuntza guzti hori belarri eta bihotz gehiagotara iritsi dadin!

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos