Gari eta Josu Zabalak hirugarren kontzertu bat iragarri dute

Gari eta Josu Zabalak hirugarren kontzertu bat iragarri dute
DV

Irailaren 25 eta 26ean Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko dituzten kontzertuetako sarrerak berehala saldu ondoren, Hertzainak taldeko kide izandakoek hirugarren emanaldi bat iragarri dute irailaren 17rako

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Irailaren 25ean Bilboko Euskalduna Jauregian kontzertu baten berri eman zuten Hertzainak taldeko kide izandakoek, proiektuaren lehen diskoaren urteurrena aprobetxatuz. Sarrera guztiak ziztu bizian agortu zirela ikusita, bigarren data bat iragarri zuten pasa den uztailean, irailaren 26rako, Euskaldunan.

Bigarren kontzertu honetarako sarrera guztiak, berriz ere, berehala saldu ondoren, hirugarren kontzertu bat eskainiko dutela jakinarazi dute, irailaren 17an, Bilboko Kafe Antzokian oraingoan.

17 abesti joko dituzte Garik eta Josu Zabalak, Hertzainaken disko guztietakoak, eta zenbait abestitan abeslari eta musikari gonbidatuak izango dituzte ondoan, haien izenak izkutuan mantentzen dituzten arren.

'Inun baina alaiagoa izanen da!' leloarekin Hertzainak-en «izpiritua» eraman nahi dute oholtzara bi musikariek. Josu Zabalaren hitzetan, «gure asmoa ez da taldearen soinua erreproduzitzea, jada ez gara ginen berberak eta Hertzainak Josu eta Gari baino gehiago da, baina taldearen izpiritua gordetzen dugu, ondo pasa nahi dugu eta jendeari zoriontasuna transmititu nahi diogu azken aldi batez».

«'Inun baina alaiagoa izanen da!' kantua idatzi genuenean bezala, gaur egun ere zaila da euskarazko rock&rollak dirua ematea, nahiz eta badiren hori lortu duten taldeak, baina bai esan dezaket inon baino alaiagoa izaten jarraitzen duela». Horrela argudiatzen zuen Garik 'Inun baina alaiagoa izanen da!' leloa aukeratu izana kontzertu hauek aurkezteko.

Lehen diskoaren urteurrena

Aurten 35 urte egin ditu Hertzainaken lehen diskoak, eta horren harira emanaldi berezi eta intimo bat eskaini zuten Garik eta Josu Zabalak Bilboko Arriaga antzokian, otsailean. Hainbat gonbidatu izan zituzten alboan: Marino Goñi, Iñaki Uoho (Platero y Tú), Jon Agirrezabalaga (WAS taldeko kide eta Gariren azken diskoen ekoizlea), eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak. Emanaldi hartarako sarrerak berehala agortu ziren eta jende asko bikotea zuzenean ikusteko gogoz gelditu zen. Kontzertu haren harira sortu da Euskalduna jauregian jotzeko aukera, Bizkaiko Diputazioak bultzatuta. Sarrerak dagoeneko salgai daude hemen.