Fermin Muguruzaren abesti ezagunenak, gaur egunera ekarriak
'Muguruza Mani-fest' kontzertuak haren abesti ezagunenen berrikusketaz gozatzeko aukera emango du ostiral honetan, Bilboko Kafe Antzokian
Osteguna, 24 martxoa 2022, 12:46
Fermin Muguruzaren abesti gehienak oso ondo 'zahartu' dira bere horretan, baina eguneraketak ere onartzen dituzte, eta horixe egingo dute Loraldia Festibaleko 'Muguruza Mani-fest' kontzertuan. Ikuskizun berezi hau martxoaren 26an izango da, Bilboko Kafe Antzokian. 2020ko Loraldia festibalaren ediziorako prestatutako ekintza bat izan zen, baina urte horretan pandemiaren eztandak festibala bete betean harrapatu zuen eta bertan behera utzi behar izan zen. Antolatzaileek adierazi dutenez, «baldintza arruntak bermatu arte eta aforoak berreskuratu arte atzeratu egin da, berme guztiekin egin ahal izateko».
Kontzertu honetan «Fermin Muguruzaren abesti mitikoak gaurko garaietara ekarriko dira, eta hiru sortzaile-talde izango dira horren arduradunak». Alde batetik, Juantxo Arakama Asmathic Band-ekin joko du; La Basu Basatiak taldearekin igoko da oholtzara; eta azkenik Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa elkarlanean egongo dira.
Izan ere, «Fermin Muguruzaren kantak belaunaldi baten soinu-banda izan dira. Horregatik Negu Gorriak eta komandantearen izenarekin plazaratu diren hamaika abesti batu dituzte, eta gaur egungo euskal musikariak elkartu dira beraien ikuspuntutik reinterpretatzeko», Izar & Star ekimenarekin elkarlanean antolatutako ikuskizunean.
Esan bezala, egungo hiru sortzaile eta beren taldeak igoko dira oholtzara, «Muguruzaren abesti mitikoak euren begiradaz eskaintzeko». Juantxo Arakama tolosarra Glaukoma rap-reggae taldeko abeslaria da. Taldearekin rap-reaggaea landu izan du, baina baita taldetik kanpo ere: kolaborazio ugari egin ditu, eta «agertzen den abesti bakoitzari gehitzen dio bere gaitasun itzela».
Elena Caballero, La Basu bezala ezagutzen dena, rap abeslari bizkaitarra da. Txikitatik gustatu izan zaio musika, eta orain dela 30 urte luze hasi zen rapeatzen. Euskal Herriko lehenetariko emakumezko raperoa da, eta 1999. urtean Jungla Urbana taldea sortu zuen, emakumezko musika taldea. 2013. urtean 3 abesti kaleratu zituen, bere lehenengo diskaren aurrerapena izango zena. Diska horrek 'Aire es vida' du izena eta bi urte geroago argitaratu zuen. 2017. urtean 'Ni naiz izotz erregina' diskoa atera zuen, euskara hutsezkoa. Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa taldeari dagokienez, «abesti herrikoi propio eta denboraz kanpoko baten bila ari dira». Izan ere, musika tradizionala dute abiapuntu eta inprobisazio kolektiboa eta NeoSoula tresna gisa erabiltzen dute.